Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du sei adingabez eta bi helduz osaturiko familia bat etxegabetuko dutela hilaren 23an; Santsomendi auzoko etxebizitza batean bizi da familia 2018tik, baina jabeak erabaki du alokairu kontratua ez berritzea, eta ondorioz, familiako zortzi kideak kalean geratuko dira, udalak ez baitie beste bizitokirik eskaini.
Ikusi gehiago
Familiak urtebete darama alokairuko etxebizitza baten bila, baina ate guztiak itxita topatu ditu. Familia ugaria da, eta migrantea, eta horrek askoz gehiago zaildu dio beste bizitoki bat aurkitzea. Etxe agentziek «arrazakeriaz» jarduten dute, Haizea Moreno sindikatuko kideak gaur salatu duenez. Etxegabetu nahi duten familiako bi kiderekin batera agerraldia egin du Morenok, oinarrizko gizarte zerbitzuetan izan ondotik. Udal bulegoetatik suminduta atera dira, familiari zera eskaini diotela eta: logelak alokatzen dituzten jabe partikularren eta apartamentu turistikoen telefono zerrenda bat, familiak bere kabuz deitu dezan. «Udalak badaki familia zer egoeratan dagoen, eta, hala ere, ez die etxebizitza alternatibarik eskaini», gaitzetsi du Morenok.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak hilabete darama familiarekin batera antolatzen, eta, etxegabetzea gerturatzen ari den honetan, Gasteizko Udalaren jarrera kritikatu du. Sindikatuak azaldu duenez, familiaren egoeraren berri izan arren, PSE-EEk eta EAJk osatutako udal gobernuak ez dio beste bizitokirik eskaini.
Bestalde, etxebizitza bilatzeko prozesuan zer zailtasun aurkitu dituzten azaldu du Adnanek, etxegabetu nahi duten familiako adingabeetako batek. «Ate guztiak ixten dizkigute». Haren esanetan, etxe agentzia guztietara jo dute, baina ez dute alokairuko etxebizitzarik lortu. «Gasteizen bertan eta beste leku batzuetan saiatu gara etxebizitza bilatzen, baina alferrik». Hark ere salatu du «arrazakeria» sufritu dutela. Kontatu duenez, Idealista atarian etxebizitza bat aurkitu eta jabearekin hitzordua adostu zuten behin, baina jabea ez zen agertu, eta, ondoren, familiaren telefono zenbakia blokeatu zuen.
«Ate guztiak ixten dizkigute. Gasteizen bertan eta beste leku batzuetan saiatu gara etxebizitza bilatzen, baina alferrik»
ADNANEtxegabetu nahi duten familiako kidea
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak adierazi du familiarekin batera lanean ari dela etxegabetzea bide judizialetik geldiarazteko. Hori lortzen ez badute, kalean mobilizatuko dira familiaren etxebizitza defendatzeko. Horregatik, herritarrei deia egin diete antolatzeko eta borrokan parte hartzeko. «Benetako aldaketak ez dira alderdi politikoen bidez etorriko. Beti gertatu den bezala, aldaketa handiak kaletik etorriko dira».
Sindikatuak iragarri du hainbat mobilizazio egingo dituztela datozen egunetan, familiari elkartasuna adierazteko eta urriaren 23ko etxegabetzea geldiaraztearen aldeko presioa egiteko. Ostiraletan, etxegabetzeari erantzuna emateko asanblada ireki bat egingo dute Venezuela kaleko 10. zenbakian, 19:00etan. Asteartean, ordu berean, elkartasun argazkia aterako dute Lakuako gizarte etxean, hainbat gizarte eragilerekin batera. Hilaren 23rako, berriz, etxegabetzeari aurre egiteko mobilizazio batera deitu dute; 09:30ean egingo dute, Oto hiribideko 28. zenbakian.
Instituzioen erantzukizuna
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi du azken asteetan adingabeak dituzten hainbat familia etxegabetu dituztela Gasteizen. Sindikatuaren arabera, urriaren hasieratik hona adingabeak zituzten bi familia bota dituzte etxetik, eta, larunbatean, etxetik indarrez bota zuten seme-alaba adingabeak dituen emakume bat.
Sindikatuak salatu du egoera horietan guztietan erakundeek ez dutela berdin erantzun: familia bati ostatu batean egoteko aukera eskaini zioten, kostuaren parte bat ordainduta; beste bi familiei, aldiz, ez diete halakorik eskaini. Udal gobernuaren erantzukizunaz ere ohartarazi du: «PSEk eta EAJk etxebizitzaren arazoa diskurtso publikoen erdigunean jartzen duten honetan, etxegabetzeak egiten ari dira Gasteizen, eta familia zaurgarriek bizitoki alternatibarik gabe geratzeko arriskua dute».
«PSEk eta EAJk etxebizitzaren arazoa diskurtso publikoen erdigunean jartzen duten honetan, etxegabetzeak egiten ari dira Gasteizen, eta familia zaurgarriek bizitoki alternatibarik gabe geratzeko arriskua dute»
ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Halaber, sindikatuak kontraesana ikusten du erakundeen diskurtsoaren eta haien jardunaren artean. Salatu du, batetik, familia batzuei ez zaiela beste bizitokirik eskaintzen, eta, bestetik, udalaren jabetzako etxebizitzak hutsik daudela edo jabe pribatuei saltzen dizkietela. Sindikatuaren iritziz, egoera horrek agerian uzten du erakundeek ez dutela konponbiderik eskaintzen etxebizitza eskuratzeko zailtasunei aurre egiteko.
Era berean, PSOEk etxebizitzaren krisiari aurre egiteko aurkezten dituen neurrien aurka agertu da sindikatua, eta salatu du horietako batzuek langile klasearen interesen aurka egiten dutela eta «espekulazioa» sustatzen dutela.