Pepe Godoy: «Sekretuak sentiarazten zaitu errudun eta erantzule»

Haurrekin sexu abusuen inguruan hitz egiteko ipuin bat idatzi du Godoyk. Haren ustez, kirolean jarrera batzuk onartzeak eragiten du haurren kontrako sexu abusuak gertatzea.

Pepe Godoy
Pepe Godoy. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Basauri
2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Entrenatzaile baten partetik sexu abusuak jasan ostean, 36 urte isilik eman zituen Pepe Godoyk (Basauri, Bizkaia, 1972). Urteek aurrera egin ahala, gero eta zailagoa egin zitzaion kasua salatzea: «Isiltasunaren gurpila haziz doa». Salatu zuenetik, ordea, sexu abusuen aurka egiten du lan, eta egunotan zeharo «haserretu» du Gernika-Lumoko kasuak. Sexu abusuen inguruan hitz egiteko ipuina sortu du berriki: Yodög arraintxoa. Bere istorioa kontatu du bertan, baita «zer gertatzea» nahiago zuen ere. Geuria.eus komunikabidearen atarian eskuratu daiteke.

«Txarto sentiarazten zaituzten sekretuak ez dira gordetzen». Esaldi gordina ipuina hasteko.

Pertsona batek abusu bat jasaten duenean, sekretu batekin hasten da. Erasotzailearen eta zure arteko sekretua. Tira, sekretua erasotzailearena da. Zu ume bat besterik ez zara, eta, hasiera batean, ez dakizu gertatzen ari dena txarra denik, konturatzen zaren arte. Urteen poderioz, sekretu horrek beldurra eragiten dizu, eta erantzule eta errudun sentiarazten zaitu. Sekretuak berak higatzen zaitu barrutik, eta ez dizu uzten aurrera egiten.

Zergatik erabaki zenuen ipuina idaztea?

Alabei eskolan hitz egiten diete bullying-az, ziberjazarpenaz… Baina ez die inork hitz egiten abusuen inguruan. Helduok ez dakigu gaiari nola heldu haurrei minik egin gabe. Nahiko erraza izan zen idaztea, nire istorioa kontatu dudalako. Pertsonaia guztiek pertsona bat irudikatzen dute bizitza errealean. Ipuinak kontatzen du, alde batetik, niri zer gertatu zitzaidan, eta, bestetik, zer nahiago nuen gertatzea. Nahiago nuke Polizia etorri izan balitz eskolara horri buruz hitz egitera, edota nahiago nuke 36 urtez isilik egon izan ez banintz.

Karramarro baten abusua jasaten duen Yodög arraintxoari buruzko istorioa kontatzen du ipuinak. Zuri gertatutakoa islatu duzu.

Karramarroa gai da munduko bi aldeetan bizitzeko: lurrean eta itsasoan. Erasotzaileek ere bi aurpegi dituzte: gizartean ondo ikusitako jendea dira; gero, ordea, haurrekin, intimitatean, beste aurpegia erakusten dute. Nik abusuak 8 urtetik 11 urtera jasan nituen. 36 urteren ostean, emazteari kontatu nion, eta 38 geroago salatu nuen.

Zein ondorio izan ditzake abusua jasaten duen haur batek?

Ohikoa izaten da iluntasunari beldurra izatea. Nik argia piztuta egin dut lo 47 urte bete arte. Bakarrik nengoen bakoitzean, argia piztuta egiten nuen lo, ohe azpian begiratzen nuen, armairuetan... Beldurra sentitzen duzu, haserrekor zaude, eta besteak baino gutxiago zarela sentitzen duzu.

Zeintzuk dira gertatutakoa kontatzea galarazten duten faktoreak?

Nik salatu nuenean, entrenatzaileak 40 urte inguru zeramatzan haurrak entrenatzen. Lagun asko zituen, harremanak Poliziarekin, politikariekin… Nola salatuko nuen gizon hura halako boterea bazuen? Kontua da ni bera bezain ezaguna nintzela Basaurin. Gainera, herrian jakina zen. Izan ere, kasua salatu nuenean ez nuen izenik eman, baina mundu guztiak jakin zuen nori buruz ari nintzen berbetan.

Ez sinestearen beldurra ere bada.

Bizitzan zehar isiltasunaren gurpila haziz doa. Entrenatzailea beste ume batzuekin ikusten duzu. Zuk badakizu zer den, eta errua zure gain hartzen duzu. Emazteak galdetu zidan: errua botako zenioke zuri baino lehenago gertatu zaion haur bati? Ezetz erantzun nion. Momentu horretan ulertu nuen ez nuela inolako errurik. Beste kontu batzuk ere elkartuz doaz bizitzan zehar. Bi alaba nituen, eta 22 urte neramatzan emaztearekin. Nola kontatuko nion emazteari? Zer pentsatuko zuen? Ea norekin egon den bizitzen urte hauetan guztietan, ez ninduela ezagutzen… Gero eta zailagoa egiten zitzaidan kontatzea.

Nola erabaki zenuen argitara ateratzea?

Balkoitik begira, beste haur batekin ikusi nuen beheko plazan. Haur horrek anaia gazteago bat zuen, eta banekien hurrengoa bera izango zela. Emazteari kontatu nion orduan. Laguntza lortu zuen, eta Deustun salatu. Ez zuen nitaz hitz egin, lagun bati buruz baizik. Nik ez nuen ezer jakin nahi.

Zergatik ez?

Nire anaiek ere jasan zituztelako abusuak. Nik banekien, baina haiek nirea ez. Kontu horrek ere geldiarazten ninduen: niri buruz hitz egiten banuen, haiei zer gertatu zitzaien kontatu behar nuen. Emaztearen salaketaren gainean salaketa jarri nuenean, anaiekin hitz egin nuen. Niri gertatutakoa kontatu nien, eta zuzenean haiek ere onartu zuten eta salatu. Haiek ere emaztearen salaketaren gainean salatu zuten.

Nolakoa izan zen kasua argitara ateratzea?

Gogorra. Antsietateak jo ninduen birritan. Sekula izan ez nuen izualdi bat jasan nuen. Lanean ere konortea galdu nuen, eta ospitaleratu ninduten. Halere, ez nion kalera irteteari utzi. Hilabete baten ostean, elkarrizketa bat egin nuen irratian. Gero, hitz egiten hasi nintzen, baina asko kostatu zitzaidan. Orain, hobeto nago. 

Orain, adingabe bati sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena. Ez da ezer aldatu?

Jende askok dio horiek beste garai batzuk zirela, baina ez. Pederastak bizitza osoan egon dira eta izango dira. Gaur egun halakoak gerta daitezke erasotzaileek ikusten dutelako horretarako bideak badaudela. Bide bat kirola da. Kirolaren barruan zenbait gauza onartzen dira hezkuntzan onartezinak izango liratekeenak. Irakasle batek ez du ume bat etxera eramango, segituan dagokion protokoloa irekiko luketelako. Kirolean ez da hori gertatzen. Gernikako kasuan, entrenatzaileak partidak ikustera eramaten zituen, filmak ikustera... Hezkuntzan bezala, entrenatzaileak taldea entrenatzen du eta kito. Astelehenean Gernikan egon nintzen, eta jendeak zioen sekretua jakina zela. Nik ere banekien: ez zidaten esan zein saskibaloi taldetan entrenatzen zuen, baina bai Espainiako hautatzailea izan zela. Beraz, klubak ere jakin behar zuen. 

Zer gertatuko da Gernikan?

Kasu gehiago egongo direla esango nuke. Ziur aski, egon izan dira kexatu diren gurasoak eta jaramonik egin ez zaienak. Basaurin, guraso batzuk kexatu ziren. Esaterako, entrenatzailea bere aldagelan dutxatzen zen, haur bakar batekin. Ama bat kexatu zen, eta klubetik aldendu zuten. Ez dakit hori Gernikan gertatu ote den, baina esango nuke jendeak ikusi izango zuela zenbait gauza arraro. Eta ez dut uste mundu guztia isilik geratuko zenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.