Hizkuntza eskubideak

Sektore pribatuan ere hizkuntza eskubideek atzera egin dutela ohartarazi du Behatokiak

Agurne Gaubeka Behatokiaren zuzendaria: «Urteak aurrera joan ahala, euskaraz bizitzeko eskubidea erabat oztopatua dugu euskararen lurralde osoan»

Garbiñe Petriati eta Agurne Gaubeka, gaurko aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko apirilaren 13a
16:32
Entzun

1.071 kasu zenbatu ditu Hizkuntza Eskubideen Behatokiak urtero hizkuntza eskubideen egoeraren berri ematen duen txostenean. Horietatik %91 kexak dira. Gaur goizean eman dute horien berri, Bilbon egindako aurkezpen batean. Kasu gehienak administrazioekin lotuta daude, batez ere Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, baina «eremu sozioekonomikoan» ere ipini dute begia: Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak salatu du interes orokorreko zerbitzuetan —energia hornitzaileak, telekomunikazio enpresak, finantza eta aseguru etxeak— ez dituztela hizkuntza eskubideak errespetatzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan horretarako lege betebeharrak eduki arren.

Aurrerapen faltaz ohartarazi du Gaubekak: «Urteak aurrera joan ahala, euskaraz bizitzeko eskubidea erabat oztopatuta, mugatuta edo aitortzarik gabe daukagu euskararen lurralde osoan».

Administrazioen zerbitzu telematikoetan ere ipini dute arreta, herritarrek gero eta maizago erabiltzen dituztelako gaur egun. Gaubekaren esanetan, oraindik hainbat webgune eta sail daude euskaraz erabili ezin direnak: «Nafarroako Gobernuko tramite telematikoen %68 inguru oraindik ezin dira euskaraz egin».

Haren arabera, eragile, alderdi politiko eta sindikatuetan euskarak daukan rola txikiagoa da. «Euskarak 2. mailako garrantzia dauka, mezu txiki eta garrantzi gabekoentzat», adierazi du.

Behatokiaren eledunak baliabide «efektiboak» eskatu ditu administrazio publikoek «euskaraz normaltasunez funtzionatzeko erabateko gaitasuna» izan dezaten. Horretarako, hizkuntza eskubideentzat «lege babes handiagoa» galdegin du, «euskararen lurralde osoan».

Segurtasun arloan ere ikusi dituzte hutsuneak. Ertzaintzak «urteotan emandako pausoak», hartutako neurriak eta ezarrita dauzkan protokoloak «ez dira nahikoa», Gaubekaren arabera, «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko». Nafarroan, beste horrenbeste. «Foruzaingoan, herritarrek nabarmentzen dute ia ezinezkoa dela herritarrek euskarazko zerbitzurik jasotzea» esan du. Eman dituzten datuen arabera, «Foruzaingoaren milaka lanpostuetatik», 29tan bakarrik da nahitaezkoa euskaraz jakitea. Udaltzainei dagokienez ere, Gaubekak deitoratu du udan eta oporraldietan «nekez» bermatzen dela euskarazko zerbitzua, eta aspaldi honetako erabaki judizialak egin ditu erantzule.

Aurrera barik, atzera

Hezkuntzaren alorrari heldu dio Garbiñe Petriati Behatokiaren teknikariak. Nabarmendu du Ipar Euskal Herrian emaitza positiboa izan duela baxo eta brebeta azterketak euskaraz eskatzeko dinamikak. Nafarroako Foru Erkidegoan, eremu mistoan D eredua «bermatuta» egon arren, lerro berriak zabaltzeko zailtasunak aipatu ditu. «Herritarren eta familien ahalegina ere nabarmena izan da ezintasun horren aurrean», esan du.

Hala ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, euskaraz ikasten segitzeko dauzkaten oztopoak gogorarazi ditu. «NUPen, urteak dira jada gradu bakarra ikas daitekeela euskaraz, eta, alde horretatik, ez da aurrerapauso nabarmenik eman», azaldu du. «Areago, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzan, Enpresa eta Matematikako ikasgaiak gaztelaniaz eman dira 2022an. Hor ere atzerapauso bat egon da».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa izan arren, unibertsitateko graduondokoak euskaraz ikasteko zailtasunak daude, Petriatiren berbetan. «Oraindik ere euskara ez dago gaztelaniaren pare; bigarren mailan jarraitzen du». Adibide batzuk eman ditu: 2022an hainbat irakaslek eta langilek salatu zuten tresna, baliabide eta formakuntza saio asko gaztelaniaz eman zaizkiela.

Kirolean eta aisialdian ere erdara da nagusi, Behatokiaren txostenaren arabera, baita euskara ofiziala den eremuetan ere. Petriatik azaldu duenez, udalek eskaintzen dituzten ikastaro eta jardueretan, askotan gertatzen da ematen duenak ez daukala maila nahikorik euskaraz egiteko, edota klaseko bakarren batek euskaraz ez badaki klase osoa gaztelaniaz ematen dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.