«Zuekin gaude, ez zaudete bakarrik. Zuek gara. Ez da zuen errua». Babesa eta elkartasuna helarazi diete UsaP unibertsitatera sartzeko proban zuzentzaile aritu diren kideei, euskara azterketaren inguruko polemikan haien «profesionaltasuna kolokan jarri» dela eta. «12.000 besarkada txikiren» forma eman diote elkartasun horri, hain justu 12.000 atxikimendutik gora lortu baititu EHUko irakasleek eta ikertzaileek sustatutako babes manifestuak. EHUren Bizkaia aretoan aurkeztu dute gaur, eta unibertsitate publikoa ez ezik hezkuntza sistema osoa ere «errespetatzeko» eskatu dute: «Auzi hau ez da Euskal Herriko Unibertsitatearen aurkako eraso hutsa: hezkuntza sistema publiko osoaren aurkako mesfidantzaren erakusgarri eta haren zilegitasunaren aurkako erasoa ere bada».
Ikusi gehiago
Minduta, kezkatuta eta haserre mintzatu dira Lore Erriondo eta Iñigo Urrutia EHUko irakasleak, sinatzaileen izenean. Selektibitateko euskarako azterketarekin gertatutakoak «marka guztiak gainditu» dituela nabarmendu dute. Gogora ekartzekoa da proba horretan zero edo nota baxua atera zuten zenbait ikaslek auzitara jo dutela, eta behin-behinean lortu dutela kalifikazio hori unibertsitatera sartzeko batezbestekotik kanpo uztea eta EHUk haientzako ikaspostuak gorde behar izatea.
Hala, manifestuan «larritzat» jo dute, adibidez, ikasle horiek berrikusketa eskatu aurretik komunikabideetara jotzea eta kontzentrazioak antolatzea, «irakasleen lana publikoki zalantzan jartzea eta berrikusketa baldintzatu nahi izatea», eta berrikuspena ere auzitan jartzea. «Larria da azterketan lortu ez diren emaitzak epaitegietan lortu nahi izatea. Eta, jakina, are larriagoa da Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak ebaztea, behin-behinean bada ere, ikasle horien euskarako probaren nota ez dela kontuan hartu behar EHUra sartzeko. Konturatzen al gara erabaki horrek zer pribilegio dakarren UsaP egin duten gainerako ikasleekiko? Epaile batek ordezkatu behar al du irakasleen eta zuzentzaileen funtzioa? Ulertezina egiten zaigu».
«Nork nahi izango du USaPeko zuzentzaile izan? Jaurlaritza, izaten ari den jarrerarekin, neurtzen ari al da zer egoeratan egon gaitezkeen urtebete barru?»
LORE ERRIONDO EHUko irakaslea
Era berean, larritzat jo dute EHUren eta hango langileen jarduna ere zalantzan jarri izana. «EHUk hasieratik profesionaltasuna, gardentasuna eta zerbitzu publikoa lehenetsi ditu auzi honetan. Indarrean dauden prozedurak zorrotz bete dira, berrikusketa mekanismo guztiak aktibatu dira, eta une oro irizpide akademikoak eta ikasle guztiekiko berdintasunezko tratua bermatzen saiatu da», adierazi dute manifestuan.
Azken asteetako gorabeherek etorkizunean ekar ditzaketen ondorioekin ere oso kezkatuta agertu dira. Batetik, selektibitateko aztertzaileen lana borondatezkoa delako: «Nork nahi izango du hurrengo urtean UsaPeko irakasle edo zuzentzaile izan? Jaurlaritza, gai honetan izaten ari den jarrerarekin, neurtzen ari al da zer egoeratan egon gaitezkeen urtebete barru? Babesgabe sentitu gara, eta horrek ondorio larriak izan ditzake». Eta, bestetik, hezkuntza sistema publikoaren prestigioa ere kolokan ikusi dutelako. Izan ere, oroitu dute selektibitatea zuzentzen ez direla bakarrik aritzen unibertsitateko irakasleak, baizik eta baita bigarren hezkuntzakoak ere: «Gure gaitasuna eta profesionaltasuna zalantzan jarri eta EHU bera jomugan jarri nahi izan den honetan, errespetua eskatzen dugu. Baina errespetu hori ez dagokio EHUri bakarrik: hezkuntza sistema publiko osoari zor zaio».
EHUren eremua gaindituta
Euskara probaren zuzentzaileek eta EHUk jasandako «gutxiespenak» eta «tratu bidegabeak» eraman ditu irakasle eta ikertzaileak hitza hartzera, baina, Urrutiak onartu duenez, manifestuak «EHUren eremua gainditu» du. Ostegunean hasi ziren zabaltzen, eta, lau egunean, 12.645 sinadura bildu ditu: 2.000 inguru dira EHUko langileenak, eta gainerakoak bertatik kanpokoak dira; asko, bigarren hezkuntzako irakasleenak. «Hedapen horrek erakusten du gertaera hauek oihartzun zabala izan dutela gizartean, bereziki euskararen defentsan».
Dokumentuaren edukietatik kanpo, eta kazetarien galderei erantzunez, Erriondok «ezinbestekotzat» jo du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta EHUren arteko elkarlana: «Instituzio publiko bera da». Gogora ekarri du unibertsitatera sartzeko proba «etengabe berrikusten» dela, «ez aurten hau gertatu delako, baizik eta hezkuntzan aldaketak izaten direlako une oro, eta horrek hobekuntzak eskatzen dituelako».
Baina nabarmendu du eztabaida euskara azterketarekin piztu dela: «Zuzenketa irizpideak berdinak dira ikasgai guztietan, baina arazoa euskarak bakarrik sortu du; besteetan ez da ezer zalantzan jarri. Kezkagarria da: azken belaunaldietan euskal gizarteak adostasunean eta elkarlanean egindako urrats guztiak nola muga daitezkeen, jarrera beligerante batzuk tarteko, eta nola gizarte honen aurrerabideak atzera egin dezakeen». Urrutiak ere azpimarratu du auzitegiek hartutako behin-behineko neurriak «guztiz ezohikoak» direla, eta egunkari bateko albiste batean oinarritu direla: «Segurtasun juridikoaren ikuspegitik, ez da sendoa».