Fisikan zero gehiago, eta batez besteko notak, behera: datuek gezurtatu egin dute euskarako noten inguruan sortutako polemika

EHUk selektibitateko azterketen emaitzak aletu ditu, eta iazkoekin alderatu. Joxerramon Bengoetxea errektoreak adierazi du pertzepzio faltsu batean oinarrituta sortu dela polemika: «Ez da benetakoa».

Bengoetxea eta Garai, EHUren Gasteizko campusean, azalpenak ematen. GORKA RUBIO / FOKU
Bengoetxea eta Garai, EHUren Gasteizko campusean, azalpenak ematen. GORKA RUBIO / FOKU
aitor biain
2026ko uztailaren 6a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) azalpen gehiago eman ditu gaur, unibertsitatera sartzeko probak eragindako egoera nahasia dela eta. Ikasgai guztietako azterketen emaitzak aletu dituzte Joxerramon Bengoetxea errektoreak eta Urtza Garai errektoreordeak, eta joan den urteko emaitzekin alderatu. Ondorioa argia da: «Euskarako azterketen inguruko polemika ez da benetakoa, emaitzak normaltasun estatistiko baten barruan baitaude». Hala azpimarratu du Bengoetxeak, eta hala erakusten dute datuek ere.

Izan ere, Euskara eta Literatura II ez da zero gehien bildu duen irakasgaia izan, ezta kalifikazio apalenak izan dituena ere. Iazko emaitzekin alderatuz gero, batez besteko nota jaitsi egin da, bai, baina joera orokorra izan da, irakasgai guztietan egin baitu behera, biologian eta gazteleran izan ezik. Horrez gain, euskaran nota eskasak atera dituztenen artean ez daude soilik A ereduko ikasleak, D eredukoak ere badaude. Eta berrikuspenek aldaketa txikiak eragin dituzte kalifikazioetan. Hona hemen datuak, xehe:

1

Notarik apalenak

Unibertsitatera sartzeko proban Euskara eta Literatura II ikasgaian zero atera eta auzitara jo zuten hainbat ikaslek, baina datuek erakusten dute ez dela kalifikazio eskasenak dituen irakasgaia. Ohiko deialdiko azterketen batez besteko notak aintzat hartuz gero, euskararena 6,33koa da. Gainetik dago gaztelania eta literaturarena, 6,42koa baita; baina azpitik ditu historia (6,08), kimika (6,03), matematikako bi irakasgaiak (5,08 eta 5,06) eta fisika (3,99).

Hain justu ere, fisika da nota eskas gehien duen irakasgaia. Hots, azterketan bi puntu edo gutxiago atera duten ikasleak gehiago dira irakasgai horretan euskaran baino. Fisikan %24,5 dira, eta Euskara eta Literaturan II irakasgaian %6,2. Are, Matematika II (%9,9) eta Matematika Aplikatuak (%10,8) irakasgaietan ere euskaran baino nota eskasagoak daude. Fisika da gainditu ez dutenen kopuru handiena duen irakasgaia ere (%39); euskara taularen erdian dago (%76,2).

2

Zeroak

Arreta euskaran jarri bada ere, fisika da zeroko kalifikazio gehien duena. Bai behintzat portzentajeari begiratuz gero. Kopuru osotan neurtuta, euskaran jarri zen zero gehien: 313 izan ziren hasieran (%2,64), eta 163 (%1,37) berrikusi ondoren. Baina azterketa egin zuen ikasle kopurua aintzat hartuta, ehunekoa handiago da fisikan euskaran baino: ikasle guztien %3,2k atera baitzuten zero. Izan ere, euskarako azterketa egin zutenak ia sei aldiz gehiago izan ziren fisikakoa egin zutenak baino: 11.833 eta 2.066, hurrenez hurren. Horrez gain, ikasgairen batean zero atera duten ikasleen %71,6k gainditu dute USaP. Portzentaje hori zerbait handiagoa da zero euskaran atera zutenen artean: %74,8 dira.

3

Berrikusketak

Azterketen berrikusketek ere ez dute gorabehera handirik eragin kalifikazioetan, unibertsitatearen arabera. Guztira, 4.233 ikaslek eskatu dute azterketak berrikusteko; hots, ia USaP egin dutenen herenak. Eta 8.127 azterketa berrikusi dira, ikasle bakoitzak nahi adina irakasgai berrikusteko eskatzeko eskubidea baitu, baita bigarren berrikusketa eskatzekoa ere. Euskarari dagokionez, 1.721 berrikusketa eskaera egon dira, iaz halako bi (860). Bikoiztu egin dira historian ere (636 izan dira aurten, eta 321 iaz), baina joera orokorra izan da.

Berrikusi zaien ia erdiei nota igo egin zaie, baina aldaketak txikiak izan dira. Irakasgai guztien batezbestekoan egon den aldaketa gehienez ere 0,33koa izan baita. Euskaran batezbestekoa 0,13 aldatu da berrikusketen ondoren; Artearen Historian, 0,22; eta Matematika II irakasgaian, 0,26. Horiek horrela, Garairen arabera, datuek erakusten dute azterketak zuzentzeko irizpideak «modu homogeneoan eta koherentean» aplikatu direla, eta zuzentzaileek «zorroztasunez, profesionaltasunez eta objektibotasunez» jardun dutela.

4

Batezbestekoak

Ondorio hori berresten du iazko emaitzekin egindako konparaketak ere, unibertsitateak azaldu duenez. Euskarako azterketaren batez besteko nota jaitsi egin da: 6,81 izan zen iaz, eta 6,33 izan da aurten. Baina beherako joera hori orokorra da. Izan ere, batezbestekoa irakasgai guztietan jaitsi da, biologian (+0,15) eta gazteleran (+0,03) izan ezik, eta irakasgai askotan jaitsiera euskaran baino handiagoa da. Kimikan 0,21 puntu jaitsi da; historia eta filosofian, 0,29; Espainiako historian, 0,83; fisikan, 1,48; eta Matematikan II-n, 1,67. EHUren arabera, jaitsiera horien atzean bi arrazoi egon daitezke: azterketen zailtasun maila handitu izana eta ebaluazio irizpideak aldatu izana. Baina argi utzi nahi izan du euskarako azterketarena ez dela salbuespena, gaztelaniako batezbestekoa soilik 0,09 handiago baita.

5

Epaimahaiak eta ereduak

Epaimahaien jokamoldea ere aztertu du EHUk, eta Jaurlaritzaren datuekin egin du hori, hezkuntzako hizkuntza ereduek eraginik izan ote duen jakiteko. Alderaketa hori egin den lehen aldia da, eta EHUk gogorarazi du unibertsitateak ez dakiela azterketaren egilea zer ereduko ikaslea den: «Kodifikatuta daude». Bada, emaitzak aztertu ondoren, EHUk ziurtatu du ez dela A ereduko ikasleen aurkako jokabiderik egon. «Anomaliak» egon dira hamabi epaimahaitan —notak gora edo behera egitea bi puntu baino gehiago—, eta 11 ikasgaitan egon dira, baina bereziki hizkuntzetan. Euskarari dagokionez, sei epaimahaitan izan dira gorabeherak, eta horietan A nahiz D ereduko ikasleak daude. Halere, A ereduko hamar ikasletik ia zazpik gainditu du USaP.

Horrez gain, Bengoetxeak jakinarazi du gaur-gaurkoz berrogei ikasleri gorde behar izan dizkietela ikaspostuak unibertsitatean, epaileen aginduari men eginez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA