115 familia eta 393 pertsona. Seme-alabek gurasoen kontra erabilitako indarkeria. Gazteak, gurasoak eta senideak. Bizkaiko Foru Aldundiaren Hobetzen programaren iazko datuak dira. Nerabeek gurasoen kontra indarkeria erabiltzen dutenean familia horiek «babesteko» eta artatzeko programa da Hobetzen.
116 gaztek parte hartu zuten, 74 mutilek eta 42 neskak. Erasoak jasan zituzten 198 senidek ere bai, gehienak amak (114); aitak 77 izan ziren. Hala ere, amen kontrako indarkeriaren datuak gordinagoak dira: hamar kasutik bederatzitan (%92) ama izan zen seme-alaben indarkeria jasan zuena. Indarkeria fisikoa eta psikologikoa batera (%38), indarkeria psikologikoa (%33) eta indarkeria ekonomikoa (%11).
Familien %18tan genero indarkeria ere bazegoen. Horrek, Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, «agerian uzten du bi indarkeria moten arteko harremana».
Gazteen soslaiari dagokionez, erdiek substantzia toxikoak kontsumitzen zituzten —alkohola eta kalamua batez ere—, eta lautik batek eskola jazarpena jasan zuen. Hamar gaztetik lauk 16-18 urte bitartean zituzten.
Ikasketak eta lana
Familien ezaugarriei dagokienez, indarkeria jasan zuten lau amatik batek goi mailako ikasketak zituen eta bostetik batek (%18) erdi mailako ikasketak. Aitei dagokienez, % 27,5ek zituzten goi mailako ikasketak. Hamar familiatik bederatzitan (%87) familiako kide guztiek zuten lana.
Prozesu korapilatsuak eta luzeak izaten dira. Prozesuek, batez beste, 289 egun iraun zuten, eta urtearen amaieran ehun familiari jarraipen aktiboa egiten ari ziren.
Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eskaintzen du Hobetzen programa. Berriztu elkarteak kudeatzen du. Esku hartze psikoterapeutikoa, gizarte arlokoa eta hezkuntzakoa egiten du, «genero ikuspegia oinarri hartuta, familia dinamika bortitzak eraldatzeko eta begirunean oinarritutako loturak berrezartzeko». Hamar kasutik zazpi zerbitzu publikoetatik iritsi ziren, gehienak gizarte zerbitzuetatik; gainerako hirurak zuzenean, foru aldundiaren webgunearen bitartez batez ere.
«Bigarren aukerak»
Familia gehienak (44) Bilbokoak ziren, baina guztira 27 herritakoak artatu zituzten Hobetzenen: Barakaldoko 11, Santurtziko zortzi, Getxoko zazpi eta abar.
«Bizkaian ez diegu bizkarrik ematen errealitate zailenei», Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuaren esanetan. «Familiei laguntzen diegu indarkeria etxean sartzen denean, mina izugarria denean eta konponbideak ezinezkoak direla dirudienean». Alde horretatik, Hobetzen programak «konfiantza, itxaropena eta bigarren aukerak» eskaini nahi dituela nabarmendu du.