Senper: «EAJk ezkutatzeko ezer ez badu, jakinaraz ditzala bere kontuak»

PPk berretsi du batzokien finantzaketari buruzko «susmoak» dituela. EAJk «auzitara» eramango ditu PPeta EH Bildu, «irainengatik»

2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Borja Senper Eusko Legebiltzarreko PPren bozeramailea izan da oraingoan EAJri batzokien finantzaketen harira «gardentasuna» eskatu diona. «Ezkutatzeko ezer ez badute, kontuak jakinaraz ditzatela» esan du Senperrek. Haren hitzetan, EAJren «batzokien ondasuna» dagokiona baino «handiagoa» da, alderdia ez baita «ez enpresa handi bat, ez eta multinazional bat ere». Hala azaldu du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. «Jendeak uste ez badu behintzat EAJ Jainkoari eskutik helduta dagoela eta azalpenak ematetik libre gelditzen dela, batzokiak nola finantzatzen diren azaldu beharko du», esan du Senperrek. Aitor Esteban EAJko bozeramaileak, berriz, asteburuan Europa Pressi egindako adierazpenetan, «larritzat» jo ditu PPk eta EH Bilduk egunotan egindako adierazpenak, eta gaineratu du «auzitara» eramango dituela.

Gipuzkoako PPko presidenteak «susmoak» ditu EAJren finantzaketaren gainean, eta, azalpenak emateko, «prentsaurreko bat» egin dezan eskatu dio. Nahiz eta onartzen duen ez dela izan gaia ateratzeko modurik «onena», azaldu du EAJren «harrokeriak eta urduritasunak» harrituta utzi dutela. Kontuan izanda EAJk urteetan izandako «erantzukizuna» eta ekonomiaren alorrean izan duen «indar eta boterea», orain baino «gardentasun» handiagoarekin jokatu beharko luke Senperren iritziz.

PPkoak uste du «gardentasunez» jokatzea dela kontuak jakinaraztea. «Guk egin genuen bezala, nahiz eta gurea askoz errazagoa izan zen».

Ez da alderdi popularrak EAJk dituen 200 batzokien inguruan azalpenak eskatzen dituen lehen aldia, eta Eusko Legebiltzarreko PPko bozeramaileak «argi» utzi nahi du EAJk jarraitu beharreko bidea: « Egin dezala agerraldi jendaurreko bat, erakuts ditzala kontuak eta hor bukatuko da guztia».

Senper «harrituta» gelditu da Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen eledunak iragarri duelako «auzitara» eramango dituela PPko eta EH Bilduko zenbait kide. Asteburuan egin zituen Estebanek adierazpen horiek, Europa Press berri agentziari emandako elkarrizketan. Haren ustez, PPk eta EH Bilduk EAJ «iraindu» egin dute, eta, beraz, dei egin die «abokatu bila» hasdaitezen; «epaitegira joan beharko dute eta».

EH Bilduren kontra

EAJko bozeramailearen ustez, «lotsagarria» da alderdi popularraren jarrera: «Irrigarri da besteok itolarrian geunden bitartean, diruz gainezka egon den alderdi batek mota honetako kritikak egitea».

PPri ez ezik, EH Bilduri ere azalpenak eskatu dizkio Estebanek. «Kudeaketa iluna» aipatzen dutenean zer esan nahi duten argitzeko eskatu dio EAJko bozeramaileak koalizioari; «ez du balio akusazio nahasiak egitea, EAJk oso serioski hartzen duelako legedia eta goitik behera betetzen duelako».

Hori dela eta, azalpenak eskatu dizkio EH Bilduri iritzi publikoaren aurrean EAJren jarduna «kolokan» jartzeagatik eta gauzak «gaizki» egiten ari direla esateagatik.

Baina ez dira hor bukatu EH Bilduri egindako salaketak. Estebanek koalizioari udal legea urratzea egozten dio, «Bilduk badu jendea Gipuzkoako Foru Diputazioan, adibidez, kargurik eduki ez arren bulegoa duena eta erabakietan parte hartzen duena». Joseba Permach Sortuko agintariari egin dio erreferentzia; Gipuzkoako Diputazioan bulego bat duela, eta salatu du «inolaz ere» ezin duela «kargurik» izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.