KEM-MOC Bilboko talde antimilitaristak protesta egin du gaur goizean Sidenorrek Basaurin (Bizkaia) duen lantegiaren atarian, altzairutegiak Israel Gazan egiten ari den genozidioan erantzukizuna duela salatzeko. Buzo eta kasko horiak soinean, lurrean eseri eta elkarri kateatu dira lau lagun. «Sidenor genozidioarekin aberasten da» eta «Gerra hemen hasten da» idatziak zituzten pankartak ere zabaldu dituzte beste kide batzuek. Salatu dute altzairua salduta «Israelgo gerra makineriaren ezinbesteko laguntzaile» bilakatu dela enpresa.
Azaldu dutenez, Euskal Herriko siderurgia industria oro har, baina bereziki Sidenor, «funtsezkoak» dira Israelen armagintzarako, ibilgailu blindatuetarako, motorretarako eta artilleriarako osagaiak egiteko altzairua ekoizten dutelako. «Israel Gazan eta Zisjordanian egiten ari den genozidioan, gerra krimenetan, legez kanpoko okupazioan eta apartheidean parte hartzeko modu zuzen bat da armagintza enpresei hornitutako altzairuzko pieza bakoitza», azpimarratu dute.
Horregatik, lotura hori agerian uzteko, enpresa interpelatu nahi izan dute gaurko protesta ekintzaren bidez. Esan dute erantzukizun ariketa bat dela, eta gogorarazi «gerra salatzeak Sidenor salatzea» esan nahi duela. «Sidenorreko altzairuak okupazioan eta hilketa masiboan laguntzen badu, gure betebeharra da hori salatzea», azpimarratu dute. «Ezin dugu onartu gutxi batzuen negozioa Palestinako etxebizitza, eskola eta ospitaleen hondarren gainean oinarritzea. Onura ekonomikoa ezin da izan heriotzaren, minaren eta suntsiketaren errealitatea makillatzen duen justifikazioa».
Horiek hala, Sidenorri exijitu diote altzairuarekin armagintza industria hornitu beharrean «helburu zibiletara» bideratzeko, eta altzairu «gramo bat bera ere ez» erabiltzeko gerrarako. «Gerra hemen hasten denez, geldi dezagun hemen», adierazi dute.