Sinadurak bilduko dituzte «euskara gehiago» egoteko Hezkuntza Legean

Euskalgintzaren Kontseiluak eta hezkuntza komunitateko eragile nagusiek euskarazko eredu orokor inklusiboa eskatu dute. Sinadurak legebiltzar taldeei helaraziko dizkiete, aintzat har ditzaten

Euskalgintzaren Kontseiluaren eta hezkuntza eragileen agerraldia, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Legea ontzen hasi zenetik, haren inguruko balorazio ugari egin ditu Euskalgintzaren Kontseiluak. Testua xehe aztertzeaz gain, ekarpenak egin dizkio Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari den arauari. Hezkuntza komunitatearekin eta gehiengo sindikalarekin hitzartuta egin ditu proposamen gehienak, betiere ideia nagusi bati helduta: legeak «euskara gehiago» behar duela eskatu dute. Harago jo eta urrats berri bat egingo du orain Kontseiluak: sinadura bilketa bat abiatu du, aldarrikapen horrekin bat egin dezaten herritarrek.

Ikusi gehiago: Legearen ardatza izatea nahi dute

Hezkuntzak euskara gehiago behar du leloa hartuta aurkeztu zuten atzo sinadura bilketa, Gasteizen, agerraldi jendetsu batean. Hezkuntza komunitateko eragile nagusien ordezkaritza zabal batek egin zuen bat Euskalgintzaren Kontseiluaren deialdiarekin: Ikastolen Elkarteak, EHIGEko guraso elkarteek, Heize zuzendarien federazioak, Steilas, ELA eta LAB sindikatuek eta Hik Hasi pedagogia egitasmoak.

Azaldu zutenez, EAEko Hezkuntza Legeak hiru eskabide «berariaz» aintzat har ditzala galdegingo dute sinadurekin. Bat: euskara ikas eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokor inklusibo bat. Bi: euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma. Hiru: hezkuntza ez-arautua ere osorik euskaraz garatzea. Hiru eskaera horien inguruko kontsentsu zabala dago euskalgintzan eta hezkuntza komunitatean; izan ere, hezkuntzako eragile nagusiekin egin du lanketa Kontseiluak: sindikatuekin, irakaskuntza sareetako ordezkariekin, guraso elkarteekin, adituekin...

Atzotik, herritar guztiek ere modua dute eskari horien alde izenpetzeko. Bi eratan egin ahal dute: horretarako propio paratuko diren mahaietan —ikastetxeetan, hezkuntzarekin lotutako ekitaldietan, herri eta auzoetan zein bestelako espazio publikoetan jarriko dituzte— eta Kontseiluaren webgunean. Baldintza bi baino ez dira bete behar sinatzeko: Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako herritarra izatea eta 16 urte edo gehiago izatea. Pertsona bakoitzak behin bakarrik sinatu ahal izango du, izen-abizenak eta nortasun agiria adierazita. Urriaren 15ean amaituko da sinadurak biltzeko epea, eta ondoren komunikabideei eta Eusko Legebiltzarreko ordezkari politikoei helaraziko dizkiete.

Euskararen aldeko «jauzia»

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak azpimarratu zuen sinadura bilketaren bidez, eusko legebiltzarkideei eskatu nahi dietela Hezkuntza Legeak euskara eta euskal kultura ardatz izan ditzala. Uste baitu hezkuntza sistemak, ezinbestean, euskararen eta euskal kulturaren aldeko «jauzia» egin behar duela, hizkuntza gutxitu baten normalizazio prozesuan «funtsezko elementua» delako. «Transmisioa bermatzeko bidea da, belaunaldi berriei euskara ematekoa».

Kontseiluaren ustez, euskararen normalizazio prozesua «ezinbesteko osagaia» da ez bakarrik herritarren hizkuntza eskubideak aintzat hartu eta errespetatzen hasteko, baita «gizarte kohesioa, justizia soziala eta elkarbizitza indartzeko» ere. Are: «Euskararen normalizazioan egiten den urrats bakoitza urrats bat da demokrazian sakontzeko».

Azken hamarkadetan egin dira urratsak euskararen normalizazioan, eta hezkuntza komunitatea izan da pauso horien denen «zutoin nagusietako bat», Kontseiluak nabarmendu duenez. Haatik, oraindik ere euskarak egoera «gutxituan» jarraitzen du, eta berdintasun egoera batera iritsi behar du, ohartarazi duenez. Hartarako, «neurri proaktiboak» galdegin ditu, «ezin arau daitekeelako bi hizkuntzak maila berean baleude gisa».

Kontseiluaren iritziz, Hezkuntza Legeak badu erronkarik hizkuntza politikari dagokionez. Horietako bat, hauxe: euskara ikas eta irakats-hizkuntza duen ereduaren alde egitea. «Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzerako orduan arrakasta gehien izan duen hezkuntza eredutik abiatu behar da etorkizuneko arautegia», nabarmendu dute. Eta horri lotuta hurrengoa: «Euskarak behar du izan hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua».

Euskara hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua izan dadin, ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartu behar dira, Kontseiluak azpimarratu duenez. «Euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini beharko zaie, eta legeak berak ezarri beharko ditu hizkuntza proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak». Eta betiere argi utzita euskara gutxiago duenari «gehiago» eman behar zaiola.

Kulturari ere bere tokia emateko eskatu dute, ez baitago hizkuntza ulertzerik horri lotzen zaion kultura alboratuta. «Kalitatezko hezkuntzaren bidean, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte kohesiorako elementua baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.