Lehen aldiz izango du Nafarroak zahar etxeetarako hitzarmen kolektibo bat. Gaur sinatu dute izena edukia bezain mardula duen hitzarmena: Mendekotasunen bat dutenei arreta emateko eta norberaren autonomiaren sustapena garatzeko zerbitzuen arloko hitzarmen kolektiboa. Datorren azaroaren lehenean sartuko da indarrean, eta 2030era arte egongo da hala. Nafarroako zahar etxeetako langileek soldata eta lan baldintza hobeak izango dituzte akordioari esker: gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izango dute. Itunak 5.000 langile ingururi eragingo die, eta 70 zahar etxe hartuko ditu barnean.
LAB, UGT eta CCOO sindikatuek maiatzaren 15ean sinatu zuten aurreakordioa; ELAk ez zuen sinatu, itun kolektiboaren alde egonagatik uste baitu ez duela bermatzen langileek erosteko ahalmenik ez galtzea. Orduan, itunaren inguruko zenbait zehaztasun eman zituzten: soldata modu mailakatuan igoko da; orotara, %11 inguru. Ordutegia, aldiz, murriztu egingo da; 2026ko lanaldia urtean 1.720 ordukoa izanen da, eta heldu den urterako 30 ordu murriztuko da. 2028rako, beste hamabost ordu murriztuko da lanaldia, 2029rako hogei ordu, eta 2030erako sei.
Nafarroako Gobernuak urtean 30 milioi euro gehiago jarriko ditu horretarako —aurten hiru milioi jarriko dituzte, ituna azaroan sartuko baita indarrean—. Zatika, datorren urtetik aurrera 22 milioi euro erabiliko dituzte zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileen soldatak igotzeko, eta zortzi milioi euro finantzaketa publikoa izango duten hirurehun lanpostu sortzeko. Lanpostu horien erdiak itunpeko zahar etxeetarako izango dira: eguneko zentroetan arituko dira ehun, eta garraio egokituan 50. Lanpostu horiek Nafarroako Gobernuak zenbait elkarterekin duen sarearen barruan sortuko dira.
Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak adierazi du hitzarmena «legealdiko mugarri bat» dela, uste baitu nabarmen hobetzen dituela Nafarroako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileen lan baldintzak. Gaineratu du langile horiek ezinbestekoak direla adinekoei eta mendekotasunen bat dutenei kalitatezko arreta emateko, eta hitzarmen horrek balioa ematen diola egunero egiten duten lanari. «Apustua argia da: ezinbesteko sektore bat indartu nahi dugu; zaintzen duten horiek zaintzeak modua ematen du arta behar dutenen arretaren kalitatea hobetzeko».
Sindikatuen ordezkari gisa, UGTko Olga Huguet, CCOOko Carolina Urra eta Maria Victoria Astrain, eta LABeko Maite Olano bildu dira eguerdian. Enpresen ordezkari gisa, berriz, Lares eta Anea patronaletako kideak izan dira; Eduardo Mateo eta Rafael Sanchez Ostiz, hurrenez hurren.
Maeztuk nabarmendu du alderdi guztiek egin dutela ahalegina akordioa lortzeko, urteetako negoziazioen ondoren. Sindikatuei eta patronalei eskertu egin die inplikazioa erakutsi eta arduraz jokatu izana. Kontseilariak balioa eman dio Nafarroako Gobernuak soldatak hobetzeko egindako ahaleginari ere. Langileak mobilizazioak egiten aritu dira 2020tik, eta 22 greba egun egin dituzte.