Mobilizazio bat gehiago, eta ez da azkena izango. Sindikatuek deitutako lanbidearteko grebaren harira 1.100 pertsona inguru mobilizatu dira Baionako karriketan bizitza garestitzearen kontra eta zerbitzu publikoen alde. Lansariak emendatu behar direla aldarrikatu dute, eta Frantziako Gobernuaren jarrera gaitzetsi, udazken osoan izan diren protestei ez baitie erantzun bakar bat ere eman. Frantziako presidentetzarako hauteskundeak iragan arte karriketan segituko dutela iragarri dute sindikatuetako ordezkariek.
Lizeoetako ikasleek ireki dute martxa, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek eramandako pankartarekin. «Ez ginen isilik egoteko jaio», zioen leloak, Odei Barroso raplariaren kantu bati erreferentzia eginez. Baina ezin ukatu azken asteetan lizeoetako ikasleek harrabots gutxiago egin dutela. Blokeatzerik ez da gehiago, eta manifestazioan parte hartu dutenen kopurua ere beste batzuetan baino apalagoa izan da.
Ikasleei gogor oldartu izan zaizkie segurtasun indarrak, baina beste arrazoirik ere badela uste du Laia Urrutikoetxea Etxepareko lizeoko ikasle asanbladako kideak. «Anitzek uste dute ikasleek ez dugula ezer galtzen blokeoak egiten ditugularik, baina klase ordu anitz huts egin ditugu, eta horrek badu eragina baxoari begira. Ikasle batzuk kezkatzen hasi dira», esplikatu du. «Gure kasuan, zuzendaritzarekin adostu dugu manifestazioan parte hartzera etorri ahal izatea, baina publikoan diren ikasleentzat konplikatuagoa da».
«Ikasleek sekulako energia eman digute, eta gu ere zerbait bultzatzen entseatu gara, baina aitortu behar dugu haien dinamismorik gabe ohiko eskemetara itzuli garela. Nola egin desberdin? Zintzoki, ez dakit»
CLEMENT POITIER FSU Sindikatuko arduraduna
Lizeoetako ikasleek abiatutako mobilizazioa goretsi du Clement Pottier FSU sindikatuko arduradunak. «Sekulako energia eman digute, eta gu ere zerbait bultzatzen entseatu gara, baina aitortu behar dugu haien dinamismorik gabe ohiko eskemetara itzuli garela. Nola egin desberdin? Zintzoki, ez dakit». Irailetik hona izan diren mugimenduak goraipatu ditu hala ere. «Ikusi dugu indar harremana hozka batez igo den bakoitzean, manifestazio sindikaletara joaten ez zen jende anitz agertu dela bat-batean, bereziki gazteak, determinazio handiarekin. Eta horrek esperantza eman digu». Pottierrek espero du ondoko asteetan giroa berriz berotzen kausituko dutela. Halako gobernu baten aitzinean, ezer lortzekotan «jauzi iraultzaile bat» behar dela uste du. «Karrikak hartu behar ditugu, haiek joan daitezen lortu arte».
Lansarien erronka
Pottierrek oroitarazi du badela hamar urte baino gehiago lansari emendaketa eskatzen ari direla, baina inflazioak are gehiago larritu duela egoera bere hitzetan. «Funtzio publikoaren, funtzionarioen eta herritarren pobretze orokor baten aitzinean gaude».
Azaroaren 5eko grebaren ondotik, Frantziako Gobernuak gutxieneko lansaria %0,6 emendatuko zuela iragarri zuen. «Mespretxu hutsa», Patricia Glory CGTko kidearen hitzetan, «ez du balio ezantza ontzia betetzeko ere». Hala, eskatzen dutenetik «biziki apal» daudela iritzi dio. «Lanean aritu eta hilabete bukaerara heltzeko zailtasunak dituztenei trufa eta mespretxua egitea da».
Horregatik, funtsezkotzat jo du protestekin segitzea. «Ez dugu nahi genuen erdietsi, gobernuak ez du ezer ezarri mahai gainean. Bilkurak antolatzen dituzte sindikatuak deituz, baina ez digute deusik iragartzen. Eskandalu bat da», salatu du. «Eta egunero entzun dugu gobernuak zernahi sos gastatzen duela enpresa talde handientzat, miliardunentzat, ultra aberatsentzat. Aski da!».
«Gero eta zailagoa da grebara joatea: badakigu zer sakrifizio den lansari egun bat galtzea. Jendeak hautuak egin behar ditu, ezinezkoa baitzaio mobilizazio guzietan presente izatea»
ARGITXU DUFAU LABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea
Argitxu Dufau LABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzailearen hitzetan «pareta bat» dute aitzinean. «Ez digute erantzun bakar bat ere eman, beraz karrikara ateratzeko arrazoiekin segitzen dugu». Hala ere, ez du ukatu neke bat sentitzen dutela. Irailetik izan diren mobilizazio guziak zerrendatu ditu, hala nola, azken asteetan larunbatero izan direnak; eta baita etorriko direnak ere, larunbat honetan euskalgintzak antolatua edota heldu den astean Canon Françaisen kontra izanen dena. Baina egoera soziala ere kontuan hartu behar da, Dufauren ustez. «Lansari biziki apalak dituzte langileek, eta gero eta zailagoa da grebara joatea: badakigu zer sakrifizio den lansari egun bat galtzea. Jendeak hautuak egin behar ditu, ezinezkoa baitzaio mobilizazio guzietan presente izatea».