11/13 sumarioa

Sindikatuek 11/13 auziaren "motibazio politikoa" salatu dute

Elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, hilaren 16an Madrilen hastekoa den epaiketa salatzeko.

Sindikatuek Bilbon eginiko elkarretaratzea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon olano
2019ko irailaren 6a
18:28
Entzun

"Epaituak izango direnekiko elkartasuna eta babes osoa adierazteko", ELA, LAB, Steilas, Hiru eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian, Bilboko Moiua plazan, Donostiako Alderdi Ederren, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruñeko Udaletxeko plazan.

Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian lelopean batu dira lau hiriburuetan, eta, Bilbon, Imanol Pascual ELAko kideak salatu du ''makrosumarioaren azken helburua preso daudenekiko elkartasuna kriminalizatzea" dela: "Makrosumario hau aberrazio bat da ikuspegi demokratikotik aztertuta".

Donostian, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak azpimarratu du auzipetuak epaituak izango direla "preso politikoei asistentzia eta laguntza juridikoa emateagatik, eta horrek ez luke delitu izan behar". Horregatik, salatu dute "epaiketak motibazio politikoa daukala, ez juridikoa".

Aranburuk gaineratu du auzia "herri honetan egiten ari garen bidearen guztiz kontra" doala: "Gehiengo politiko, sindikal eta sozial bat gara, adostasun zabal bat eraikitzen ari dena beste espetxe politika bat eraikitzeko eta presoak etxera bueltatu daitezela eskatzeko".

Bihar zortzi, epaiketa hasi baino bi egun lehenago, manifestazio bat egingo dute Bilbon, 47 auzipetuen alde, eta Etxerat elkarteak bertara joateko deia egin zuen atzo.

Denera 47 lagun daude auzipetuta, presoen babes taldeetan aritzea egotzita: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak, bitartekariak eta euskal presoen abokatuak.

Guztira 601 urte eskatu ditu fiskaltzak, eta zigorrak 11 urte eta hogei urte artekoak dira, baina batez beste 12 urte ingurukoak auzipetu bakoitzarentzat. Gastu juridikoak eta logistikoak kalkulatuta, guztira 340.000 euro inguru ordaindu beharko dituztela azaldu dute 47ek: gastu juridikoak, 236.440; garraioarenak, 28.950, eta hiru hilabeteko ostatuarenak, 72.072.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.