Sindikatuek salatu dute Jaurlaritza ez dela betetzen ari Haurreskolak partzuergorako akordioa

Langileek elkarretaratzea egin dute, LABek eta Steilasek deituta.

LABek eta Steilasek deitutako protesta, gaur, Eibarren (Gipuzkoa). OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LABek eta Steilasek deitutako protesta, gaur, Eibarren (Gipuzkoa). OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko irailaren 3a
15:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko apirilean Haurreskolak partzuergoak eta LAB eta Steilas sindikatuek akordioa lortu zuten lan baldintzak hobetzeko. Gaur, baina, zera salatu dute biek ala biek: Eusko Jaurlaritzak ez duela ituna bete, eta, horrenbestez, 63 lanpostu sortu gabe hasiko dutela ikasturtea. Horretarako, elkarretaratzea egin dute Haurreskolak partzuergoaren egoitzaren aurrean, Eibarren (Gipuzkoa).

Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera, 2021ean 4.986 haur zeuden izena emanda Haurreskolak partzuergoan; 2022-2023ko ikasturtetik, zerbitzua doakoa da, eta erabakiak isla izan du izen emateetan: iragan ikasturtean 7.000 haur matrikulatu zituzten, hots, matrikulak %40,4 ugaritu dira. «Horiek horrela, agerian geratzen da hezitzaile gehiago behar direla eta lanpostu egonkorrak sortzea ezinbestekoa dela, Haurreskolak partzuergoak eskaintzen duen hezkuntza zerbitzuaren kalitatea bermatu dadin», nabarmendu dute sindikatuek.

Bi sindikatuek «gogor» kritikatu dute egoera, eta «lotsagarria» begitantzen zaie akordioa sinatu zutenetik urtebete baino gehiago igaroagatik ere oraindik ez sortu izana hitzartutako lanpostu horiek. Are, gaitzetsi dute Hezkuntza Sailak ez duela «alternatibarik eta proposamenik». Eta zera eskatu dute: negoziazio mahaia bilera batera deitzea «ahalik eta lasterren», eta «egoerari irtenbidea emango dion proposamen zehatz bat» aurkeztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.