La Sirena aterpetxea urte osoan zabaltzea onartzeko asmoa du Donostiako Udalak, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez. Horren arabera, asteleheneko udal batzordean dira erabakia aurrera eramateko neurria onartzekoak; hala, aurrerantzean Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak izango luke gune hori kudeatzeko ardura. Orain arte, udalak noizean behin irekitzen zuen aterpetxea, batez ere muturreko tenperatura baxuak edo elurra egiten zuenean. La Sirenan berrogei lagun ingururentzako tokia dago, baina Donostiako Hiritarron Harrera Sarearen arabera, hirian bostehun pertsonak baino gehiagok egiten dute lo kalean.
Harrera Sareak eta beste hainbat elkartek aspaldi egindako eskaera da La Sirena urte osoan zabaltzearena. Halere, Harrera Sareko kideek salatu izan dute aterpetxearen baldintzak «oso urriak» direla eta ordutegia «murritza» dela; izan ere, 22:00etatik 08:30era baino ez dute zabaltzen. Hortaz, ordu horietatik kanpo kale gorrian egotea beste aukerarik ez dute La Sirenan aterpe hartzen dutenek. Hain justu, azken hilabeteetan Donostiako kalean lo egiten zuten bi pertsona hil dira.
La Sirena da udalak eskaintzen duen aterpe bakarra. Non bizi ez zuten dozenaka migratzailek Martutene auzoko agustindarren eraikin zaharrean hartu izan dute babes azken urteetan, baina joan den abenduaren 4an eraikina hustu zuen Ertzaintzak. Hiriko hainbat elkartek salatu zutenez, horietako batzuei La Sirenan aterpe hartzeko aukera eman zien Udalak —noizean behin eta azken orduan jakinarazita, haien arabera—, baina beste asko nora joan ez zekitela gelditu ziren. Halaber, urtarril amaieran Herrera auzoko Zardoya Otis eremuko 4. pabiloia hustu zuten, eta bertan bizi ziren 31 lagunak etxegabetu.