«Erabateko astakeria da». Horrela laburbildu du Alberto Frias abokatuak Zierbena 400 egitasmoko eguzki parkeen egoera administratiboa, UAGAk deituriko prentsaurrekoan. Solaria enpresak Arabako lurretan bultzatu duen egitasmo sorta horren barruan, 29 eguzki parke egitea aurreikusia zuten. Horietako bi bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta beste hiru proiektu aurkezteko daude. Alta, gainerakoetatik 23k iraungita dauzkate sare elektrikora konektatzeko baimenak, Industria Sailak ez baitie egin ingurumen inpaktuaren inguruko txostenik. Hori dela eta, Solariak auzitara eraman du Eusko Jaurlaritza.
Proiektu horiek 2023an eta 2024an jaso zituzten sare elektrikora konektatzeko eta lotzeko baimenak. Halako baimenek 31 hilabete irauten dute, eta, egitasmoak aurrera egingo badu, enpresa bultzatzaileak aldeko ingurumen txostena jaso behar du epe horretan. Industria Sailak, baina, ez du egitasmoon aldeko txostenik egin, eta Solariak epailearen aurrean salatu du hori, argudiatuta tramitazioa «bidegabe atzeratu izanak» kalte larria egin diela. Aurkezturiko salaketetan, 23 egitasmoei atzeraeraginezko aldeko inpaktu txostena ematea eskatu diote epaileari.
UAGAren susmoak
Administrazio prozeduren «judizializazio» hori «susmagarria» iruditu zaio Friasi. UAGAren ustez, Solariak epailearen bidez lortu nahi du bide administratibotik lortu ez duena. Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren utzikeria deitoratu du Friasek. «Mikel Jauregi jaunak gidaturiko sailak zergatik ez du eman ingurumen inpaktuaren txostenik? Epeen barruan egin izan balute, orain ez litzateke modurik egongo kontua epaile batek erabakitzeko», laburbildu du Friasek. Hain zuzen ere, erabakia administrazioko adituen gain egon beharrean epailearen esku egotea «onartezina eta justifikaezina» da, UAGAren ustez, epaileek ez baitute ingurumen inpaktuaren inguruko txostenak egiteko «beharrezko jakintza».
Hain zuzen ere, UAGAko kideek uste dute ingurumen inpaktuari buruzko txosten horiek «aurkakoak» izan beharko luketela. Jada bertan behera geratutako proiektu bat jarri dute adibide moduan, Martiodako Zierbena 04 instalazioarena. 109 hektareako eguzki parke horren 102 hektarea «balio estrategiko handiko» lurretan egotea aurreikusia zuten. Eusko Jaurlaritzak aipaturiko baimenak iraungi zirelako utzi zuen bertan behera proiektua, baina, Friasen arabera, ingurumen inpaktuari buruzko txostenak, egin izan balitz, aurkakoa izan beharko zukeen.
25 proiektu kolokan
Oraingoz, Arabako auzitegiek onartu egin dituzte Solariak 23 proiektuen inguruan aurkeztutako errekurtsoak. Epaileen erabakiaren mende geratu dena ez da gutxi: esan bezala, 29 eguzki parkek osatzen dute Zierbena 400 proiektua. Horietako bik, hirugarrenak eta laugarrenak, jada jasoa dute Eusko Jaurlaritzaren aurkako ebazpena, eta beste hiru jendaurrean aurkezteko daude oraindik. Gainerako 25etatik 23k, berriz, iraungita dauzkate konexio eta lotura baimenak, eta azken bien baimenak abuztuan iraungitzen dira.
Hortaz, kolokan daude guztira 2.000 hektarea baino gehiagoko eremua hartuko luketen 25 eguzki parke — denak batuta, 1.470 megawatteko potentzia izango lukete—. Friasek gogor kritikatu du Solariak «lasterbide judiziala» erabili nahi izatea, baina ikusteko dago epaileek zer erabakiko duten. «Epaitegietatik jakinarazi ziguten uko egingo ziotela errekurtsoak tramitatzeari, baina, hara, denak onartu dituzte», deitoratu du abokatuak. Prozedurak «administratiboki eta judizialki okerrak eta zentzugabeak» direla adierazi badu ere, kezkatuta agertu da Frias, beldur baita epaileak ez ote duen proiektuen aldeko txostena emango atzerako eraginez, horretan zeresana duten administrazio organoen iritzi espezializaturik gabe.Â