Arabako hainbat udaletako, administrazio batzarretako eta eragile sozialetako ordezkariak batu dira gaur Solaria enpresaren Zierbena Solar «makroproiektuak» ekar ditzakeen ondorioez abisu emateko. Proiektu hori gerarazteko eskatu dute. «Proiektua mehatxu kritikoa da eskualdeko oreka ekologiko eta sozioekonomikorako». Egitura fotovoltaikoak, bere azken faseetan, hemezortzi udalerriri «eragingo» diela esan dute. Gasteizen egin dute protesta.
Egitasmoaren kontrako argudioak zerrendatu dituzte. Bat: «ingurumen eskakizunak» murriztuta egin nahi du Solariak azpiegitura. Bi: biodibertsitatean «atzera-bueltarik gabeko» ondorioak eragiteko arriskua dago. Hiru: nekazaritza lurrak eta herri lurrak «galtzea» eragingo du. Lau: kanpoko inbertitzaile handiek sustatutako egitasmoa denez, ez die onura «errealik» ekarriko bertako biztanleei. «Aldiz, ondorio ekonomiko negatiboak ekarriko ditu», ohartarazi dute. Proiektuko ebakuazio azpiegiturarekin ere kritikoak dira, uste baitute «neurriz kanpokoa eta ezkutukoa» dela.
Bederatzi udal eta 130 administrazio batzar ari dira protestak bultzatzen; herrialde osoko hainbat plataforma, elkarte eta sindikaturen babesa jaso dute.