Solariaren proiektuaren aurka alegazioak jartzeko eta hura ez onartzeko eskatu du Zierbenako Udalak

Bost alegazio aurkeztu ditu guztira udalak, eta salatu du Solariak lege iruzurra egin duela tramitazioan. Goi tentsioko lineak lurraldean eragin zuzena izango duela nabarmendu du.

GOI TENTSIOKO LINEA
Goi tentsioko linea bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2025eko uztailaren 29a
17:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Solariaren zentral fotovoltaikoen eta goi tentsioko linearen proiektuari bata bestearen atzetik ari zaizkio iristen alegazioak. Oraingoan Zierbenako Udala (Bizkaia) izan da, bost aurkeztu baititu proiektuaren kontra. Are gehiago, proiektua ez onartzeko ere eskatu du, uste baitu enpresak lege iruzurra egin duela.

Zehazki, Solariak Arabatik Zierbenaraino egin nahi duen goi tentsioko linearen aurka jarri ditu udalak alegazioak —100 kilometrotik gorakoa izan behar du lineak—, uste baitu kalte egingo diela bai herriari bai inguruneari. Gainera, UAGA sindikatuak eta beste hainbat eragilek salatu duten moduan, Solariak lege iruzurra egin duela iritzi dio Zierbenako Udalak, zentral fotovoltaikoa hirutan zatitu baitu tramitazioa errazteko. Izan ere, 50 megawattetik beherako proiektuen tramitazioa Eusko Jaurlaritzaren esku dago, eta hortik gorakoena, berriz, Espainiako Gobernuaren esku. Hala, 50 megawatteko hiru parke egin nahi ditu Solariak: Zierbena Solar 2, 3 eta 4.

Solariak lege iruzurra egin duela frogatzeko, Zierbenako Udalak argudiatu du hiru parke horiek ebakuazio linea eta azpiestazio bera dutela: «Horrek agerian uzten du proiektu bakarra dela. Horrela, proiektuaren batasunaren printzipioa urratzen da, eta horrek lege iruzurra dakar, bai aurkezteko moduari, bai espedientea izapidetzeari dagokienez». Eugenio Mendikote alkateak (EAJ) garbi utzi du Zierbenako Udala ez dagoela energia berriztagarrien kontra, baina gehitu du ez dutela onartuko legea urratzen duen eta lurraldeari «zuzenean kalte egiten dion» proiekturik; horregatik eskatu dute proiektu osoa bertan behera uzteko.

Kalteak hirigintzan eta ingurumenean

Udalak azaldu duenez, udalerriko 182 lur zatitan izango du eragina proiektuaren trazadurak, tartean nekazaritzarako lurretan. Gainera, azpiegitura batzuk urbanizatu ezin diren edo babes berezia duten lurretan jarriko dira, eta udalak nabarmendu du ez dagoela inongo hirigintza tresnarik azpiegitura horiek bertan ezarri ahal izateko.

Bestalde, nabarmendu du ingurumen inpaktuari buruz Solariak egindako azterketak «gabezia handiak» dituela: «Ez du alternatiba bideragarririk aurreikusten trazadurarako, ez du ikusmen eta paisaia inpaktuaren azterketa zorrotzik egiten, eta ez du behar bezala ebaluatzen zer-nolako eragina izango lukeen proiektuak habitat babestuetan, erabilera publikoko mendietan eta Natura 2000 sareko lurretan».

Hamarnaka herri zeharkatuko ditu goi tentsioko lineak, eta Abanto (Bizkaia) da horietako bat. Hilabete hasieran Iñaki Urrutia alkateak adierazi zuen proiektuak eragin bisual handia izango duela, eta gehitu zuen badirela kalte txikiagoa eragingo luketen beste bide batzuk, nahiz eta garestiagoak izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.