Solariaren Zierbena Solar proiektuari 1.100 herri alegazio baino gehiago jarri dizkiote

Zigoitia Bai elkartearen bidez aurkeztu dituzte alegazioak, eta txosten teknikoak ere entregatuko dituzte. Bihar eramango dituzte Eusko Jaurlaritzako Industria Sailera.

Eguzki panel batzuk Erriberagoitian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eguzki panel batzuk Erriberagoitian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
inaut matauko rada
2026ko martxoaren 23a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte hasieran Solaria enpresak beste zentral fotovoltaikoen sare bat eraikitzeko proiektu bat aurkeztu zuen, Arabako hainbat udalerritan hemeretzi parke fotovoltaiko egiteko. Zigoitia Bai elkarteak bultzatuta, 1.123 herri alegazio jarriko dizkiote proiektuari. Elkarteak azaldu duenez, bihar eramango dituzte alegazioak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailera, eta adituek egindako beste zazpi txosten tekniko ere entregatuko dituzte. Horrez gain, Zigoitiko Udalak ere alegazioak aurkeztuko dituela ohartarazi dute.

Solariak hemeretzi zentral fotovoltaiko egiteko proiektuak aurkeztu ditu aurten, eta aurretik beste hiru parke fotovoltaiko egiteko proiektuak aurkeztuak zituen; orain ingurumen inpaktuaren adierazpenaren eta eraikitzeko aurretiazko administrazio baimenaren zain dago. Zentral horietatik lau Zigoitian kokatu nahi ditu, eta, haiekin batera, herria zeharkatuko lukeen transformazio azpiestazio bat eta argindarra garraiatzeko tentsio handiko linea bat egin asmo du. Zigoitia Bai elkarteak ohar bidez adierazi duenez, horiek guztiak batuta «inbasio» bat izango da Gorbeia mendiaren hegoaldean.

Bihar aurkeztuko dituzten txosten teknikoetan gizakien osasunari, paisaiari, bioaniztasunari, lurralde orekari eta eragin sozioekonomikoei erreparatu zaie. Gainera, herri alegazioen argumentu nagusietako bat ustez Solaria egiten ari den lege iruzurra da; izan ere, Espainiako legediaren arabera, 50 megawattetik gorako proiektuak Espainiako Gobernuaren menpeko administrazioek kudeatu behar dituzte, eta hortik beherakoak, berriz, Eusko Jaurlaritzak. Bada, Solariak muga horretatik beherako proiektu asko aurkeztu ditu, eta Zigoitia Bai elkarteak uste du «ingurumen eskakizunak murrizteko» jokatu duela hala enpresak.

Horrez gain, salatu dute Solaria modu «mafiosoan» ari dela jarduten Zigoitian, proiektuak ez duelako ez herritarren ez udalaren babesik, eta uste dute kanpoko «enpresa agresibo» baten ekintza dela. Hori dela eta, enpresari adierazi diote herria aurrean izango duela horrela jokatzen jarraitzen badu. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari esan diote berea dela lurraren antolamendu faltaren erantzukizuna, eta araudi egokirik egin ez izana egotzi diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!