Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak greba egiten ari dira gaur, iragarritako hiru lanuzteetatik bigarrena —urriaren 22an egin zuten lehen greba eguna, eta biharko ere antolatu dute—. ELA eta LAB sindikatuek deituta egiten ari dira lanuztea, lan hitzarmen propio bat eskatzeko. Izan ere, langileek probintzia mailako hitzarmena negoziatu nahi dute, baina salatu dute oraindik ere aurrerapausorik ez dela eman soldatak eta lanaldia hobetzeko.
Goizean, elkarretaratzea egin dute zahar etxeetako langileek Gasteizko Plaza Berrian, eta arratsaldean, manifestazio batera deitu dute, 17:30ean, Babesgabetuen Plazatik abiatuta. Sindikatuek esan dute lanuztea izaten ari den «arrakastak» erakusten duela langileek —emakumezkoak ia denak— irmo jarraituko dutela euren eskubideen alde borrokan, eta ez dutela etsiko patronalak eta instituzioak negoziatu arte.
Sei urte bete dira adineko egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginak Arabako hitzarmen baten alde mobilizatzen hasi zirenetik. Denbora horretan, patronalek langileak «higatzeko» eta haiengan «etsipena» sortzeko estrategia eraman dutela salatu du LABek. Are, sindikatuak patronalei aurpegiratu die sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko mugimendurik ez egitea, eta haien lanarekiko «mespretxua» azaltzea. Halaber, Arabako Foru Aldundiko gobernua osatzen duten EAJri eta PSE-EEri egotzi die emakume langileei eta egoiliarrei «tratu txarra» ematea.
Mezu garbia helarazi die LABek patronalari eta instituzioei zahar etxeetan lan egiten duten emakumeen izenean: «Atsedenik gabe jarraituko dugu sektoreko prekaritatea amaituko duen herrialdeko hitzarmena lortu arte. Izan ere, ezinezkoa da 2025ean Araban lanaldi amaigabeekin eta ezinezko ordutegiekin bizitzea, hilean 1.000 euroren truke».
ELAk, berriz, azpimarratu du ez direla aski azken negoziazio mahaian izandako «aurrerapausoak», soldatari eta lanaldiari lotutako eskaerak oraindik ere konpondu gabe daudelako. Sindikatuak salatu du patronalek «negozioa» egiten jarraitu nahi dutela sektorearen «prekaritatearen» kontura, eta, horregatik, aldundiari eta patronalei eskatu die gatazkaren konponbidean «urrats sendoak» egin ditzatela.