Sopelako lauren absoluzioa eskatu eta haien kontrako «amarru poliziala» salatu dute ehunka lagunek

Sopelako 4ekin 1 plataformak deituta, manifestazioa egin dute gaur herrian. Salatu dute epaiketaren gibelapenak «presioa eta segurtasun falta» areagotu dituela auzipetuen artean.

Sopelako 4ekin 1 plataformak deitutako manifestazioa, gaur, Sopelan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Sopelako 4ekin 1 plataformak deitutako manifestazioa, gaur, Sopelan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Isabel Jaurena.
Sopela
2026ko urtarrilaren 31
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Absoluzioa. Horixe izan da gaur Sopelako (Bizkaia) kaleetan barna gehien errepikatu den aldarria; lau sopeloztarren absoluzioa, zehazki. Guztira 32 urteko espetxe zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatzen dute haiendako, joko areto baten kontrako ekintza batzuetan parte hartzea egotzita. Iragan azaroan eman zuten horren berri, eta gaur egin dute manifestazioa, Sopelako 4ekin 1 plataformak antolatuta. Lau herritarrak «amarru polizial baten biktima» direla salatu dute Izpine Bidaurrazagak eta Joseba Ugaldek, plataformako kideek, manifestazioaren aitzinetik; «haiek izutzeko asmoz martxan jarria, frogarik gabe», gehitu dute.

Manifestazioa hasi baino lehenagotik jende andana bildu da herriko udaletxe plazaren aitzinean, lau auzipetuen aldeko banderolak eskuan eta kamisetak soinean. Joare hotsen erritmoan abiatu da manifestazioa, 12:30ak aldera. Plaza gibelean utzita, Akilino Arriola kalerantz jo dute, eta Iberre kalean behera egin dute gero. Manifestariak maldan behera zihoazela, Absoluzioa irakur zitekeen pankarta handi bat zabaldu du ekintzaile talde batek; hain zen handia, ezen zubiaren azpiko belardi osoa tapatu baitu. Zalapartatsua izan da manifestazioa, hasi eta buka, eta lau sopeloztarren aldeko elkartasun oihuek ez dute etenik izan ibilbide osoan. 

Guardasola eskuan eta kaputxa buruan, Urgitxieta plazara iritsi da jende oldea: txaloek, txistuek eta joare soinuek hartu dute plaza. Zazpi herritar igo dira oholtzara gero, eta auzipetuekin bat egiteko zazpi aldarri ekarri dituzte gogora: «Militantzia ez delako delitua; errepresioaren aurka gaudelako; guztiok interpelatzen gaituelako; herriaren babesa daukatelako; etorkizuna jokoan dagoelako; urteetako amesgaizto hau amaitu nahi dugulako; ozen esaten dugu, entzun dezatela, ez dugulako onartzen absoluzioa ez den besterik».

Leihotikan taldearen 'Etorkizuna Ginenean' abestia kantatu dute manifestazioaren hondarrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES
Leihotikan taldearen 'Etorkizuna ginenean' abestia kantatu dute manifestazioaren hondarrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Baina horiek ez dira izan manifestazioan aditu diren doinu bakarrak: Leihotikan taldearen Etorkizuna ginenean abestia jo dute bi lagunek, han bildutako milaka pertsonen txaloen artean. 

Horren ostean, plataformako kideek hartu dute hitza: «Isilarazi nahi gaituen eta gu guztion eskubide politikoak auzitan jartzen dituen amarru polizial honi aurre egiteko mobilizatu gara», erran dute. 2021ean Espainiako Poliziak herriko lau lagun atxilo hartu zituela gogoratu dute, eta horrek eman ziola hasiera gaur egun arte dirauen «amesgaizto errepresiboari». «Auzi honek, gainontzeko jazarpen auzi guztiek bezala, herritarrak beldurtzeko funtzioa betetzen du. Gisa honetako auzien atzean jendarte justuago baten alde lan egin nahi duen oro beldurtzeko nahia ezkutatzen da. Finean, gu guztiok isilarazi eta desmobilizatzea baino ez dute helburu», adierazi dute. 

Gogoratu dutenez, 2020. eta 2021. urteak «bereziki mugituak» izan ziren herrian, bi proiekturen kontrako herri dinamikak baitzeuden martxan: batetik, eraikitze lanetan zen supermerkatu baten kontra, eta, bertzetik, joko areto baten aurka. Horrez gain, herriko Udaltzaingoaren eta zenbait gazteren artean «gatazka nabarmena» zegoen, plataformako kideek esplikatu dutenez. Are, salatu dute «oso jarrera bortitza» izan zutela udaltzainek, herritarrei «modu jarraituan» jazartzeaz gain gazte bat jipoitu ere egin zutela eta. 

Testuinguru horretan, gazte batek bi udaltzain salatu zituen, «modu irregularrean» atxilotu zutelako; eta, maiatzean, bi poliziari behin-behinean neurri bat ezarri zieten: soldata eta enplegua eten zieten. «Aldi berean, joko aretoko jabeak protesta ekintzen harira salaketak aurkeztu zituen, baina inor identifikatu barik. Halere, maiatzean berriz ere deklaratu zuen, eta, kasualitatez, momentu hartan gai izan zen lau herritar identifikatzeko. Laurak herri mugimenduan oso aktiboak izandakoak; haien artean, salaketa aurkeztu zuen gaztea», erran dute. Orduan jarri zen martxan «lau herritarren kontrako operazioa», taldearen erranetan. Esaldia akitu orduko txaloka hasi dira herritarrak, lauren absoluzioa eskatuz. 

Irakurtzen segitu dute bi hizlariek, eta salatu «ahulak» direla lau herritarren kontrako forgak, auzia birritan artxibatua izan delako, eta, gainera, fiskala auzitik erretiratu delako. Halere, akusazioak zigor eskaerei eutsi die, eta kasuak aurrera segitzen du. Gehitu dute epaiketa datorren astean zutela, baina gibelatu dietela eta ez dutela bertze datarik, eta horrek «presioa eta segurtasun falta» areagotu dituela auzipetuen artean. 

Bertaratutakoei lau herritarrak babesteko deia egin diete, eta gogoratu dute gaur zortzi Plentzian (Bizkaia) auzipetuak babesteko saioa eginen dutela, baita kontzertuak ere. «Gaur haiek dira euren bizitza epaitegi batean jokoan dutenak, baina bihar zu izan zaitezke, edo ni. Horregatik, argi utzi nahi dugu, nahiz eta prozesuan askotariko gorabeherak egon, guk ez dugula etsiko; borrokan eta elkartasun olatua handitzen jarraituko dugu absoluzioa lortu arte». Esaldiaren bukaera aditzeko astirik gabe, lauren absoluzioa eskatu du jende oldeak. Eta oihu eta txalo artean eman diote akabera mobilizazioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.