Sortuk esan du militanteek «babes zabala» emanda onartu dutela 'Herri gogoa' txostena

Azken hamar-hamabost urteetako lanaren balantzea egin du alderdiak, eta aurrera begirako bide orria definitu. Herri mugimendua indartzea du lehentasun.

Sortuk ekainaren 28an egin zuen Nazio Konferentzia, Abadiñon. Han onartu zuten kongresua aurreratzea.
Sorturen ekaineko konferentzian erabaki zuten kongresua udazkenean egitea. ARITZ LOIOLA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko abenduaren 29a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datozen urteetarako bide orria zehazteko pausoa eman du Sortuk, Herri gogoa txostenaren lan ildoa onartuta. 2.000 militantek baino gehiagok parte hartu dute urri amaieratik aurrera egin dituzten ehundik gora batzarretan. Ohar bidez esan dutenez, «babes zabala» jaso du. Horrenbestez, IV. Kongresuan, Sortuk erabaki du herri mugimenduan indar egitea: «Gure ekarpen behinena askotariko dinamika erreal eta eraginkorretan egitea ahalbidetuko dugu».

Asteburuan bozkatu dituzte txostenaren zuzenketak. Urrian aurkeztu zuten dokumentua, eta besteak beste, azken hamar-hamabost urteetako lanaren balantzea egin dute, baita Sorturen misioa eta zereginak berriz definitzeari buruzko gogoeta ere. Antolaketa eta funtzionamendua berritzeko proposamen bat ere bildu dute. Dozenaka zuzenketa egin dituzte hainbat kidek, baita Nazio Kontseiluak ere, oharrean diotenez. Bozkatu dituzten zuzenketen erdiak baino gehiago Nazio Kontseiluaren eta zuzenketa aurkeztu dutenen artean adostu dituzte. «Modu horretan aberastu eta osatu dute Herri gogoa».

Haien helburua da herri gogoa pizteko gai izango den «eskala handiko nazio bulkada bat» martxan jartzea. Bestalde, adierazi du, nazioartean hedatzen ari den autoritarismoari aurre egiteko, Euskal Herrian eraldaketa sozial eta politikoa gauzatu behar dela, eta badela horretarako modua, «Euskal Herriak oinarrian dituen balio antifaxista eta demokratikoak direla medio». EH Bildu eta EH Bai indartzeko apustua ere berretsi dute.

Horrenbestez, IV. Kongresuko lehen fasea bukatutzat jo dute. Bigarren fasea hasiko da hemendik aurrera: hurrengo zuzendaritza hautatzeko fasea. Nazio Kontseiluak urtarrilaren 7an aurkeztuko ditu zuzendaritza eta kudeaketa organoetarako hautagaitza proposamenak, eta 8tik 14ra aurkeztu ahal izango dira hautagaitza alternatiboak. 18an plazaratuko dituzte behin betiko hautagaitza guztiak, eta botoa emateko fasea abiatuko da gero: urtarrilaren 21etik 23ra. Kongresua urtarrilaren 24an bukatuko dute, Irungo Ficoban, Gipuzkoan. Bertan aurkeztuko dira Sorturen datozen urteetarako bide orria eta zuzendaritza berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.