«Etxebizitzaren krisia deritzona aspalditik da arazo larria Euskal Herrian bizi diren migratu arrazializatuentzat. Gutako askorentzat ez da berria». Joan den asteko grebaren balorazioa egin dute gaur SOS Arrazakeria taldeko kideek Bilbon. Greba antolatzeak eskatu duen lan handia aitortu badute ere, adierazi dute hutsuneak egon direla etxebizitzaren inguruko eztabaidan eta aldarrikapenetan, migratuen, arrazializatuen eta ijitoen errealitateak ez baitira behar bezala aitortu.Â
SOS Arrazakeria taldeko kideen arabera, euskal langile klasearen atzean «ikusezin» bihurtu diren milaka pertsona, kolektibo eta gorputz daude. «Errealitate horiek bereziki mesedegarri zaizkie errentismoari eta espekulazioari», azaldu dute. Hori dela eta, pertsona horiek agenda politikoan, sozialean eta sindikalean sartzea eskatu dute.
«Migratuentzat eta arrazializatuentzat zientzia fikzioa da babes ofizialeko etxe bat lortzea»
SOS Arrazakeria
Kolektiboaren arabera, etxebizitza duin bat izateko eta erroldatzeko eskubideak ez zaizkie modu berean bermatzen herritar guztiei. «Etxebizitza bat eskuratzeko eta hari eusteko, askotan era guztietako oztopo eta traba arrazista eta klasistei aurre egin behar zaie», esplikatu dute. Adibide moduan, prezio garestiagoak, fidantza handiagoak, kontratuak egiteko oztopoak eta seme-alabak izanez gero alokairua lortzeko zailtasunak aipatu dituzte. «Halaber, nabarmendu behar da etxe askotan jendea pilatuta bizi dela, etxe batzuk berralokatu egiten dituztela, erroldak salerosten direla, eta udal zerbitzu eskasen eta aterpe urrien ondorioz ehunka lagun kalean geratzen direla», gehitu dute.
Horren harira, eta erakundeak Bizkaiko egoerari buruz argitaratutako azken txostenean oinarrituta, salatu dute pertsona migratu eta arrazializatuen ia %80 alokairuan bizi direla, etxebizitzaren merkatu pribatuan, inolako araudirik gabe eta «abusuzko» baldintzetan. Gainera, zehaztu dute azken urtean etxebizitza bilatu dutenen %60k baino gehiagok jasan dutela diskriminazioa. «Hau ez da kasualitatea, ezta kasu isolatuak ere. Egiturazko arrazakeriaren beste ondorio bat da. Zoritxarrez, egoera hau ohikoa da ijitoentzat eta musulmanentzat», zehaztu dute.
Bestalde, azaldu dute etxebizitza eskubidea beste oinarrizko eskubide batzuk eskuratzeko atea ere badela pertsona migranteentzat eta arrazializatuentzat, hala nola errolda, osasun publikoa, eskolatzea, gizarte prestazioak eta administrazio erregularizazioa, besteak beste. «Guretzat, etxebizitzaz hitz egitea horretaz guztiaz hitz egitea da».Â
Etxeko langile egoiliarren egoera
Batzuetan, etxejabea enplegatzaile ere bada. SOS Arrazakeria taldeko kideek azaldu dutenez, halakoetan xantaia erabili ohi dute etxejabeek, eta maizterren lan eta etxebizitza eskubideak urratzen dituzte. Etxeko langile egoiliarrak aipatu dituzte adibide gisa. «Halakoetan, langileak emakumeak, migratuak, arrazializatuak eta pobreak izaten dira, eta haietako asko administrazio egoera irregular batean daude», zehaztu dute. Kideen arabera, indarkeria sexuala eta psikologikoa, beldurra, xantaiak, kontratu promesa faltsuak eta mehatxuak ohikoak izaten dira halakoetan.
Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren etxebizitza politikak ere kritikatu dituzte, eta azpimarratu migranteentzat eta arrazializatuentzat askoz zailagoa dela babes ofizialeko etxe bat eskuratzea. «Babes ofizialeko etxe bat eskuratzea ia ezinezkoa bada herritar gehienentzat, migratuentzat eta arrazializatuentzat zientzia fikzioa da. Ez da kasualitatea ez jakinaraztea zenbat migratzailek eskuratzen duten etxebizitza publiko bat, ezta hura lortzeko baldintzei buruz ezer ez esatea ere…».