Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bigarren itzulia

Sozialistek ez diote alderdi gisa erantzun EH Bairi

Herenegun egin eskaerei Modem alderdi zentristak erantzun die; hautagai sozialistek pertsonalki ihardetsi duteEzkerreko abertzaleen koalizioak «damugarritzat» jo du PSren erantzunik eza

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Iritzi pertsonalaz haratago joateko asmoz, Euskal Herritik egin hainbat aldarriri begira alderdiaren jarrera argitzeko eskatu zien EH Bai koalizioak hautagaiei bigarren itzulirako. Alderdi Sozialistak ez dio galdeketari erantzun nahi izan. Nahiz erantzunak EH Bairi ez igorri, Sylviane Allaux eta Colette Capdeviellek pertsonalki erantzun eta beren webguneetan ezarri dituzte. Egoera «damugarritzat» jo du ezkerreko abertzaleen koalizioak, Alderdi Sozialistari begira dagoen «konfiantza eskasa» mantentzen duelako.

Alderdi Sozialistak ez bezala, Modem alderdi zentristak erantzun du. Laugarren barrutian aurkeztu denak, Jean Lassallek, bete du, beraz, galdetutakoa. Hizkuntza gutxituen koofizialtasunaren alde ariko direla baieztatu dute, preso eta errefuxiatuei begira Herrira plataformak egin aldarrikapenekin bat egiten dutela erantzun dute eta Jon Anzaren heriotzaren inguruan inkesta parlamentario bat irekiko dutela ere jakinarazi dute. Araudi bereziko lurralde elkargo baten aldeko lege proposamena eginen ote duten ez dute erantzun. Gizarte ereduari begira, EH Baik kanpainan egin proposamen gehienekin ere bat egin du.

Ñabardurak gehitu dituzte erantzunetan sozialistek. Adibidez, nahiz lurralde elkargoaren alde kokatu, eskumenak Hautetsien Kontseiluaren eta Garapen Kontseiluaren baitan definitzekoak direla diote. Bestalde, Herrira-ren eskaerekin bat egin arren, presoak «politikoak» direla erratea ez dute onartzen.

Bigarren itzulirako bozka kontsignarik ez zuela emanen jakinarazi zuen EH Baik herenegun. «Teorian, naturaltasunez nahi genuke kontsigna bat eman eskuina erorarazteko, baina ezin dugu, Alderdi Sozialistarengatik; hark gaitu oztopatzen bide horretan», zioen Peio Etxeberri-Aintzart hautagaiak azalpen gisa. Erantzukizuna sozialisten esku utzi zuten, haien jarrera «moldatzeko» eskatuz, «azkenean Ipar Euskal Herrian ere eskuinak gal dezan».

Lasserre, UMP sostengatzen

Jean Jacques Lasserre senatari zentristak Michele Alliot-Marie eta Jean Grenet UMPko hautagaiei elkartasuna adierazi zien atzo, Miarritzen egin prentsaurrekoan. «Ez dut neure burua ikusten elkartasuna ez eta neutraltasuna adierazten Alderdi Sozialistari», erran du Lasserrek. Lokalki sozialistek besteei irekitzeko gaitasunik ez dutela deitoratzeaz gain, Frantzia mailan lan ona egiteko baldintzetan ez direla gaitzetsi zuen, bere hautua azaltzeko orduan.

Alderantziz, laugarren barrutiko hainbat hautetsi abertzalek Frantxua Maitia hautagai sozialistaren alde bozkatzera deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.