Kantonamenduetako bozak. Bigarren itzulia

Sozialistek gertuago ikusten dute 2012an Sarkozy Eliseotik botatzeko aukera

Ezkerrak hiru kantonamendu irabazi ditu, bat galdu eta beste bitan aukerak ditu eskuina baztertzeko

Iker Aranburu.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
«Apaltasunerako» deia egin duen arren, ezkerrak garaipen animikoa lortu du kantonamenduetako bozetan. Gutxienez hiru kontseilu nagusi kendu dizkio eskuinari —Pirinio Atlantikoak, Jura eta Mayotte—, aukerak ditu beste bitan—Savoie eta Loire— eta bat galdu du —Val d'Oise—. Baina horren gainetik,ateak zabalik ikusten ditu 2012an saririk preziatuena berreskuratzeko: Errepublikako lehendakaritza.

Nicolas Sarkozyk garrantzia kendu nahi izan die emaitzei, krisiak Europako gobernu guztiak kolokan jarri dituela argudiatuta. Baina Frantziako presidenteak badu kezkatzeko arrazoirik, hautesleek bere politikarekiko desadostasun handia erakutsi baitute. Bigarren itzulian, PSk eta ezkerreko aliatuek botoen %49,9 eskuratu dituzte, %35,87 eskuinekoek eta zentrokoek, eta %11,56 Fronte Nazionalak. Boto portzentajean jaitsi egin da alderdi ultraeskuindarra lehen itzulitik —%15 zituen—, baina horren azalpena da igandean 400 lekutan soilik zituela hautagaiak, bostetik batean alegia. Baina lehiatu den kantonamenduetan %50 handitu ditu botoak. Hala ere, hautetsi aldetik bere xedeetatik urrun geratu da: hamar eta 50 kontseilari artean nahi zituen, eta bi soilik lortu ditu, Vaucluse eta Var departamenduetan.

Eliseon geratzen zaion urtebetean Sarkozyk arrakasta garbirik lortzen ez badu, ez da baztertu behar hautagai sozialista batek FNko Marine Le Pen izatea aurkari 2012an. Hala balitz, garaipen erraza lortzeko aukera luke PSk, 2002an Jacques Chiracek Jean Marie Le Penen aurrean lortu zuenaren parekoa: %82,2 lehenak eta %17,8 ultraeskuindarrak.

Azken inkestek ez diote esperantza handirik ematen Sarkozyri, PSko hautagaia Segolene Royal soilik balitz igaro litzatekeelako bigarren itzulira. PSko hautagai kuttunak —Dominique Strauss Kahn Nazoarteko Diru Funtseko zuzendariak— botoen %34 jasoko lituzke, %21 Le Penek eta %17 Sarkozyk.

Sarkozy, batasun eske

Bi astean behin Eliseon biltzen diren UMPko burukideei oharra egin zien atzo Sarkozyk, ez dezaten distantziarik har berarekiko eta baturik azal daitezen. Doi-doi egin dutenaren aurkakoa. Hautagai askok UMP laburdurari uko egin diote, eta FNrekiko estrategian ere ez dira ados jarri: batzuek —François Fillon lehen ministroa, esaterako— FNri aurre egiteko «boto errepublikanoaren» izenean ezkerreko hautagaien aldeko botoa emateko eskatu dutela, beste batzuek —Sarkozyk berak— ez dute aurkari politikoen artean hautatu nahi izan.

Sarkozyren mezua batez ere Jean Louis Borloo Alderdi Erradikaleko buruarentzat zen. Borlook gobernua utzi zuen azaroan, ikusita Sarkozyk ez ziola lehen ministro kargurik eman nahi izan. Uste denez, datorren astean iragarriko du telebistan gehiengo presidentziala uzten duela, eta zentristen hautagai izango dela 2012an. Borlooren iragarpenak —eta Dominique de Villepinenak, etortzen denean— zapuztu egingo luke Sarkozyren asmoa zentro-eskuinaren hautagai bakarra izateko. Eta hautagai gehiago egoteak lehen itzulian bertan kanpoan geratzeko aukera handituko luke, 2002an Lionel Jospin sozialistak ikasi zuen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.