Sozialistek pentsiodunen eros ahalmena bermatuko dutela ziurtatu du Hurtadok

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Lan sailburuak gogora ekarri du Pedro Sanchezen gobernuak gutxieneko soldata nabarmen igo duela.

Javier Hurtado PSE-EEko Arabako hautagaiak. PSE-EE
Javier Hurtado PSE-EEko Arabako hautagaiak. PSE-EE
joxerra senar
2026ko azaroaren 23a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kanpainetako gaietako bat da pentsioena. Javier Hurtado PSE-EEko Arabako zerrendaburuaren arabera, sozialistek pentsioak KPIaren arabera igoko dituzte eta modu horretan pentsiodunen eros ahalmena bermatuko dute. 

Amurrion (Araba) izan dira gaur goizean. Hurtadok gogora ekarri du Mariano Rajoyren gobernuak pentsioak %0,25 igo zituela, KPIaren azpitik. Bere esanetan, PPk Espainiako Gobernuan jarraitu izan balu erritmo horretan egun Arabako batez bestekoa pentsioa 1.300 eurokoa litzateke, eta ez 1.900 eurokoa. 

Pentsiodunei zuzendu zaie, hortaz. «Zifra horien atzean pertsona askoren bizitza dago. Bizitza osoan lan egin duenak eskubidea du bere pentsioak ez dezan eros ahalmena galdu», aldarrikatu du. 

Horregatik, bere ustez, datorren igandean indar aurrerakoien babesa bildu beharko lukete sozialistek: «Ez dago epelkeriatan aritzerik. Ez dago ekidistantzian erortzerik. Auzia da aurrera egiten dugun edo atzera. Aurrean Sanchez eta Carlos Cuerpo ditugun edo Feijoo eta Abascal».

Gutxieneko soldata

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Lan sailburua ere bertan izan da eta gogora ekarri du Sanchezen agintaldietan lanbidearteko gutxieneko soldata %70 igo dela. «Egun gutxieneko soldata gordina 18.000 eurokoa da. Ez du soilik balio lan baldintza duinak izateko, bai eta pobrezia murrizteko ere».

Torresek gaineratu du eskuinak enpresaburuen esku utzi nahi duela orain gutxieneko soldataren igoera. «Enpresaburuen esku utziz gero, pobreziaren soldata bihurtuko da eta lan baldintzetan hainbat hamarkada egingo da atzera. Hori nahi du PPk», kritikatu du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA