Soziometroak aurreikusi du berdinketa teknikoa izango dela EAJ eta EH Bilduren artean Arabako foru bozetan

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoaren Kabinetearen azken galdeketan aurreikusi dute EAJk erraz irabaziko duela Bizkaian eta EH Bildu erraz gailenduko dela Gipuzkoan.

2023ko udal eta foru hauteskundeen kartelak. MIGUEL TOÑA / FOKU
2023ko udal eta foru hauteskundeen kartelak. MIGUEL TOÑA / FOKU
xabier martin
2026ko ekainaren 8a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Soziometroaren azken txotenean aurreikusi dute lehia politiko estua izango dela Araban EAJ eta EH Bilduren artean, datorren urteko foru hauteskundeei begira. Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoaren Kabineteak, batetik, zuzeneko boto asmoa neurtu du, boto asmo gordina alegia, inolako doikuntzarik egin gabe. Eta, bestetik, boto estimazioa neurtu du, kabineteko talde teknikoak landutakoa. Bada, Araban, estimazio horren arabera, EAJk botoen %28,5 izango ditu, eta EH Bilduk, %28,2. Hau da, Arabako foru bozei begira, berdinketa teknikoa legoke gaur egun jeltzaleen eta bilkideen artean, Soziometroaren arabera. Zuzeneko boto asmo gordinean, EAJk alde handixeagoa aterako lioke EH Bilduri: botoen %19,5 izango lituzkete jeltzaleek, eta %17,1 bilkideek.

Abertzaleen atzetik, PSE-EE azaltzen da boto estimazioan, %15,8rekin, eta PP ondoren, %15ekin. Bi horien artean ere litekeena da lehia estua egotea, beraz, hirugarren lekua eskuratzeko. Ezker konfederala atzerago geratuko dela aurreikusi dute: Sumarrek botoen %2,2 lortuko luke, eta Ahal duguk, %1,7. Bien artean ez lirateke iritsiko %5era.

Edonola ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldeak hartu dituzte kontuan Soziometroan, eta beste bi lurraldeetan ez dute lehia esturik iragarri. Iragarritakoa beteko balitz, Bizkaian, EAJk irabaziko luke alde nabarmenarekin, baina EH Bilduk gora egingo luke, eta bigarren indarra litzateke. Eta Gipuzkoan, berriz, bilkideak gailenduko lirateke, tarte esanguratsu batekin. Gipuzkoan, jeltzaleak lirateke bigarrenak.

Abertzaleak nagusi hiru lurraldeetan

Bizkaiari dagokionez, azterketaren arabera, botoen %39,5 EAJrentzat izango dira 2027ko foru bozetan. Estimazio botoa da hori, eta EH Bilduk %29 izango duela diote, hau da, hamar puntu gutxiago. Zuzeneko boto-asmo gordinari begira, jeltzaleek %26,5eko datua dute, eta bilkideek, %16,1ekoa. Kabineteak landutako emaitzei helduta berriro, PSE-EEk %14,9ko emaitza izango duela aurreikusi dute —boto gordinean, %6,5—, eta laugarren indarra PP izango dela, botoen %6,8 lortuta —boto asmo gordinean, %2—. Eta ezker konfederala oso atzean geratuko da, aurreikuspenen arabera: Sumarrek botoen %1,9 aterako ditu, eta Ahal Dugu-k, %1,7.

Gipuzkoan, berriz, EH Bilduk duela lau urte izan zuen garaipena handituko duela iragarri dute. Soziometroaren datuen arabera, bilkideek hauteskundeak irabaziko dituzte berriro, botoen %39,6 lortuta —zuzeneko asmo gordina: %21,8—, eta haien atzetik egongo da EAJ, %33,4ko boto estimazioarekin —zuzeneko asmo gordina: %19,9—. Bien artean sei puntu baino gehiagoren aldea legoke, beraz. Emaitzen arabera, PSE-EE izango da hirugarren indarra Gipuzkoan, baina dezente atzerago. Jaurlaritzaren inkestak %13,1eko boto estimazioa aurreikusten du sozialistentzat —zuzeneko asmo gordina: %5,4—. PP da laugarren indarra, botoen %6,1ekin —asmo gordina: %1,6—, eta, beste lurraldeetan gertatzen den moduan, ezker konfederala oso atzean geratuko da: Ahal Dugu-k botoen %2 lortu dituela aurreikusi dute, eta Sumarrek, %1,3.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE