Steilasek ohartarazpena egin du: PISA txostenaren atzean «munduko elite ekonomikoen» ikuspegia dago

OCDEk egiten duen ebaluazioak ikasleen lagin «txiki» baten gaitasunak erakusten ditu, sindikatuaren esanetan; propio salatu du, gainera, Eusko Jaurlaritzak aurten lagina «nabarmen» txikiagotu duela: «Akaso beldurraren eraginez».

Ikasleak institutu batean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ikasleak institutu batean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2026ko irailaren 10a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erreakzio sorta zabala ekarri du 2025. urteko PISA txostenak. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak asteartean eman zituen argitara mundu osoko ikasleen gaitasunak ebaluatzen dituen azterlanaren azken emaitzak, eta beherakada agerikoa izan da aztertzen dituen aldagai nagusietan. Oro har, mundu osoan ikusi da okertzea. Hego Euskal Herrian ere, ikasleen gaitasunen apaltze handia erakutsi dute datuek. Bada, hor atzean zer dagoen azaltzen saiatu da Steilas sindikatua ere, eta ohartarazpen bat egin du: PISA txostenaren atzean «munduko elite ekonomikoen» ikuspegia dago. «Beraz, sailkapeneko postuetatik harago, proba bera eta proba antolatzen duen erakundea aztertu beharko lirateke», abisu eman du, prentsa ohar baten bidez.

OCDEk «politika neoliberal basatiak» bultzatzen dituela esan du Steilasek, eta hezkuntza sistemek, hein handi batean, erakunde horren irizpideen araberako antolaketa ereduak eta helburuak ezarri dituztela urteotan. Orain, esaterako, PISA azterketaren azken emaitzen harira ozentzen ari da ikasketa prozesuen digitalizazio gehiegizkoak ekar ditzakeen ondorioen gaineko kezka, baina sindikatuak esan du digitalizaziorako urratsak OCDEk berak bultzatuta egin zirela. «Gogotsu bultzatu du gure ikastetxeetako digitalizazio prozesua eta digitalismoa». Gaitasunetan oinarritutako ikasketa prozesuak ere OCDEk ezarritako irizpide «neoliberalen» ondorio direla adierazi du Steilasek, «lan mundurako prestakuntza hobea izateko» ezarri zirela. 

OCDEk egiten duen ebaluazioak, halaber, ikasleen lagin «txiki» baten gaitasunak erakusten ditu, sindikatuaren arabera. Propio salatu dute, gainera, 2025ean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «nabarmen» txikiagotu zuela probak egiteko hautatutako ikasleen lagina: «Akaso beldurraren eraginez». Izan ere, aurreko PISA ebaluazioetan ere —hiru urtean behin egiten da proba— ikusten zen datuak okerrera ari zirela. Lagina murriztu izana ez da egokia, sindikatuarentzat: «Lagin zabalago batek hobeto islatuko luke gure errealitate gero eta konplexuagoa». Azterketa 15 urteko ikasleei egiten zaie, eta ikasle nerabeek matematiketan, zientzietan eta irakurketan zer gaitasun duten aztertzen da. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA