Steilasen aburuz, UPNren legea ez da ikasgelen arazoa konpontzeko bidea: «Mesede eginen dio sare pribatuari, publikoaren kaltetan»

Eskuin espainiazalearen proposamena baztertzea galdegin die gainerako talde politikoei. Haren ordez, hezkuntza sistema «progresiboki publifikatzeko» arau bat eskatu du.

Steilaseko kideak, gaur, Iruñean, UPNren lege proposamenaren aurka protestan. STEILAS
Steilaseko kideak, gaur, Iruñean, UPNren lege proposamenaren aurka protestan. STEILAS
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko maiatzaren 6a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasgelak ixtea eragotzi nahi dute, baina ez horrela. Steilas sindikatuak uste du UPNk Nafarroako Parlamentuan aurkeztu duen lege proposamena ez dela bide egokia Gimenok iragarritako murrizketari aurre egiteko. Sindikatuko kideek protesta egin dute gaur Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean, salatzeko proposamen horrek «kalte izugarria» eginen diola eskola publikoari, eta «sare pribatu eta itunpekoari soilik» eginen diola mesede.

Steilaseko kide Miren Ustarrozek kazetarien aurrean azaldu duenez, UPNren legearen lehen artikuluak aukera emanen die itunpeko ikastetxeei gela gehiago zabaltzeko baldin eta horretarako beharra dutela justifikatzen badute: «Argudiatu dezakete ikasleen beharrei erreparatzen dietela, berriztapen pedagogikoak ezarriko dituztela, esku hartze soziala aintzat hartzen dutela edo beste edozer». Ustarrozen arabera, horrek eraginen du itunpeko ikastetxeek «arauak nahieran urratzea», hezkuntza publikoarekiko «lehia desleiala» areagotzea eta pribilegio egoerak betikotzea: «Itunpeko ikastetxeek eskumena izanen lukete haur gutxiagorekin ikasgelak zabaltzeko, eta noski, diru publikoarekin ordainduko litzateke gainkostua. Alabaina, hezkuntza publikoari ez litzaioke aplikatuko gisa horretako salbuespen neurririk, eta ezinen lituzke erabili itunpeko hezkuntzak dituen beste finantzaketa iturriak. Eta hori guztia, kontuan izanda sare publikoak ikaslerik zaurgarrienak jasotzen dituela eta lurralde osoan ezarria dagoela».

UPNk aurkeztutako lege proposamenaren bigarren artikuluan, hain zuzen, jasota dago itunpekoen eta publikoen ratioak berdintzeko eskaera: «Ez dituzte kontuan hartu ikasleen eta ikastetxeen ezaugarriak: besteak beste, maila sozioekonomikoa, jatorria, ikasketa hizkuntzen ezagutza eta ikastetxeen tamaina —landa eremuko eskolen kasuan, adibidez—».

Sistema publifikatzea

Ustarrozekin batera, UPNren proposamenaz hitz egin du Steilaseko kide Raul Lopezek ere. Haren ustez, «ikastetxe pribatuak eta itunpekoak baino ez zaizkie axola» erregionalistei: «Ez dute ezer jakin nahi ikastetxe publikoetan itxiko diren unitateei buruz. Aldiz, pribatuen pribilegioa betikotu nahi dute euren ikasgela guztiei eusteko, sare publikoan itxi arren».

Hori dela eta, Lopezek nabarmendu du UPNk planteatutakoa ez dela murrizketei aurre egiteko bidea: «Bide bakarra dago hezkuntza sistema indartzeko: itunpeko ikastetxeak publifikatzea, ratioak jaistea, langileen egonkortasuna bermatzea eta eskolak baliabidez hornitzea». Helburu horiek betetzeko, BPGaren %5 hezkuntzan inbertitzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari, «gobernu itun programatikoan jasota dagoen bezala».

Gobernuari eusten dieten taldeei dei egin diete, gainera, ez diezaioten bide eman UPNren legeari: «UPN, PP eta Vox ez dira aski hezkuntza publikoa are gehiago ahultzeko. Ikusiko dugu zein alderdi lerratzen den UPNren helburuen alde».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA