Sterin eskuin muturreko dirudunaren espekulazioa salatu du EH Baik Donibane Lohizunen

Itsasbazterrean zuen bigarren etxebizitza salgai jarri du; 2022an sei milioi euroan erositakoa 16 milioitan saldu nahi du. EH Baik erran du eskuin muturrak ez duela lekurik Ipar Euskal Herrian.

Sterinek Donibane Lohizunen duen etxebizitzaren aitzinean egindako ekintza. PATXI BELTZAIZ
Sterinek Donibane Lohizunen duen etxebizitzaren aitzinean egindako ekintza. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Donibane Lohizune
2025eko urriaren 2a
17:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eskuin muturrak Ipar Euskal Herrian espekulatzen du». Mezu hori zeraman pankarta eskegi du EH Baik Donibane Lohizunen (Lapurdi), Pierre Edouard Sterin eskuin muturreko dirudunaren bigarren etxebizitzaren gainean. 2022an erosi zuen itsasbazterreko etxebizitza hori Sterinek, sei milioi euroan; hiru urte beranduago, 16 milioitan jarri du salgai. «Eskuin muturrak eta espekulazioak ez dute lekurik, ez Euskal Herrian ez eta beste inon», adierazi du Gabi Arestegi EH Baiko kideak. Donibane Lohizuneko Herri Berri taldeak ere parte hartu du ekintzan.

Azken urteetan ezaguna bilakatu da Sterinen izena Frantziako Estatuan. Hainbat hedabide eta proiektu diruztatzen ditu, eskuin muturra boterera iristen laguntzeko. Ipar Euskal Herrian ere egin ditu hurbilketa bat baino gehiago.

EH Baiko kideek esplikatu dute Sterinek enkantean erosi zuela orain salgai ezarri duen etxebizitza. Ezkerreko abertzaleen hitzetan, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak interes orokorreko proiektua zeraman eraikin horren inguruan. «Aukera hori baztertu zuten milioidunen interes pribatuei lekua uzteko, enkante baten bidez», deitoratu dute. 

Sterinek Frantziako hedabide bati azaldu zion haren kontrako margoketak agertu zirela eraikinaren gainean, eta ez zuela nahi baldintza horietan bere familiarekin oporretara joateko etxe modura atxiki. EH Bairen iritziz «berri ona» da eskuin muturreko diruduna Euskal Herritik joatea, baina etxebizitza salduz hamar milioi euroko gainbalioa lortu nahi izatea gaitzetsi dute. 

Neurriak eskas

Etxebizitzaren «hemorragia» hain indartsu den lurralde batean halako kasuak izatea «zinezko bidegabekeria» da biztanleriarentzat, EH Bairen iritziz. «Egoera horrek salmenten prezioak mugatzeko premia azpimarratzen du, etxebizitza eskubidea izan dadin eta ez produktu espekulatibo bat», adierazi du Hugo Luc Maillos Herri Berriko kideak.

Horrez gain, egoiliar estatusa ezartzeari buruzko gogoeta ere mahaigaineratu nahi izan du EH Baik ekintza horren bidez, «etxebizitzak lehentasunez Euskal Herrian bizi diren eta lurraldea biziarazten dutenei emanak izan dakizkien, eta ez daitezen eror gutxi batzuen errenta espekulatiboan».

Azkenik, heldu den urteko martxoan izanen diren herriko bozak ere izan dituzte gogoan. Eskuin muturraren aitzinean «zinezko harresi bat» osatzera deitu dute. «Herrietako zerrenda bakar batek ere ez du haiekin kolaboratzea onartu behar». Balio progresistak eta Ipar Euskal Herriaren nortasuna babesteko «kolektiboki antolatzera» deitu du EH Baik. 

Asteburu honetan, alderdiaren eskolak eginen dituzte, eta mahai ingurua antolatu dute Itsasuko (Lapurdi) Sanoki gelan, Eskuin muturraren aitzinean, erantzun kolektiboa eraikitzen lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.