ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Stop Fosilak taldea sortu dute, berriztagarrien garrantzia gizarteratzeko

Euskal Herriak energiaren auziaren lema hartu behar duela aldarrikatu dute, eta trantsizio energetikorako zentral eoliko eta fotovoltaiko handiak beharrezkoak izango direla nabarmendu.

Gorka Laurnaga eta Lorea Flores, plataforma aurkezten. BERRIA
Gorka Laurnaga eta Lorea Flores, plataforma aurkezten. BERRIA
inaut matauko rada
2026ko urtarrilaren 28a
06:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energiaren auziari buruzko hausnarketa batetik jaio da Stop Fosilak taldea. Gaur aurkeztu dute, ohar bidez, eta energia berriztagarriek klima aldaketaren kontrako borrokan izan dezaketen rolari buruzko eztabaidaren bueltan hasi dute beren bidea. Adierazi dute desazkundea eta energia berriztagarria ekoizteko azpiegituren hedapena beharrezkoak direla trantsizio energetiko «justu eta azkar» bat egiteko.

Azaldu dutenez, energiaren auziari heltzeko sortutako herritar talde bat da Stop Fosilak: «Larrialdi klimatikoaren testuinguruan, deskarbonizazioa lehentasun sozio-ekologiko handienetakoa da, eta, erronka horri erantzuten laguntzeko asmoz, energia berriztagarrien aldeko jarrera sustatu nahi dugu Euskal Herrian». Manifestu bat ere argitaratu dute, eta ingurumenaren eta nekazaritzaren inguruan Euskal Herrian erreferente diren batzuek sinatu dute, baina edonork sinatzeko aukera eman dute. Aurrerantzean, dokumental bat egiteko asmoa dute, eta hitzaldiak, iritzi artikuluak, podcastak eta bestelakoak egingo dituzte energiaren auzia gizarteratzeko. Bestalde, iragarri dute trantsizio energetikorako printzipioak ere kaleratuko dituztela laster.

Erregai fosilen kontsumoan jarri dute arreta klima larrialdiaren arazoa aztertzeko orduan. Lehenik eta behin, nabarmendu dute egoera larria dela, eta beharrezkoa dela presazko neurriak hartzea: «Klima aldaketak bere ondorio larrienak izatea eragotzi nahi badira, lurraren beroketa 1,5 ºC-ren azpitik mantendu beharko litzateke, eta, horretarako, gutxienez erdira murriztu behar dira karbono isuriak 2030erako, eta neutraltasun klimatikoa lortu, beranduenez ere 2050. urterako».

Berriztagarrien garrantziaz

Euskal Herrian energia eta argindar kontsumoa handia dela iritzita —munduko batezbestekoa halako bi—, eta jakinda kanpoko energia iturrietatik menpeko dela, «auzi energetikoaren lema behingoz hartu» behar dela aldarrikatu dute, «administrazio publikoen gidaritzapean, interes orokorrari erantzungo dion trantsizio energetiko justu eta azkar bat bultzatuz».

Eta hor sartzen dira, haien aburuz, energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak: desazkundea ez dela nahikoa iritzi diote. Hori gutxi balitz bezala, azaldu dute jadanik ez dela nahikoa antropizatutako eremuak plaka fotovoltaikoz estaltzea; horregatik, uste dute ezen, «hiriguneak, industria edo oinarrizko ekipamendu eta zerbitzuak berriztagarrien bidez hornitu nahi baditugu, zentral eoliko eta fotovoltaikoak ezinbestean gure paisaiaren parte» bilakatu behar direla. Hala, Euskal Herriak «’zenbat?’, ‘non?’, eta ‘nola?’ galderei urgentziaz» erantzun behar direlakoan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.