«Kotxean sartu eta jo zuen mendi aldera. Basoaren ertz banatan su ttiki bat piztera». Hala dio Anarik Piromania abestian (Epilogo bat, 2016). Piromano bat da abestiaren protagonista. Normalean, jendeari suak beldurra edo errespetua eragiten dio. Piromanoak, ordea, lasaitasuna topatzen du suari begira dagoenean. Ez du inolako helbururik sua pizten duenean: tentsioa askatzeko pizten du.
Intentsitate handiko suteak gertatu dira azken asteetan. Nafarroan batez ere: Zarrakazteluko sutea, Enerizkoa eta Urralgoitikoa izan dira nagusiak. Guztira 700 bat hektarea erre dira. Galdera asko sortzen dira sute bat dagoenean; tartean, zerk edo zeinek sortu ote duen sua. Sute bat eragiteagatik bost urtera arteko kartzela zigorra eta hamabi eta hemezortzi hilabete arteko isuna jaso daiteke Hego Euskal Herrian. Pertsonen bizitza arriskuan jarri bada, handiagoa: hogei urtera arteko kartzela zigorra eta 24 hilabetera arteko isuna.
Nafarroan, uztaileko sute batzuk nekazaritza jardueraren eraginez piztu dira, uzta biltzeagatik edo fardelak egiteagatik. Gutxi dira piromanoek sortutako suteak. WWF Naturarentzako Mundu Funtsak aurten kaleratutako ikerketa baten arabera, %7 solik azken hogei urteetan Espainian. Txostenaren arabera, suteen %95 gizakiek sortu zituzten; %55 nahita piztu ziren, eta %23 ezbeharrak izan ziren, nekazaritzako makinekin edo zigarrokinekin sortuak. Gutxiengoa dira piromanoek, nahasmendu bat dutenek, eragindakoak.
Suaren mende
Piromania, DSM-5 Psikiatriaren Estatu Batuetako Elkartearen liburuaren arabera, bulkaden kontrolaren buru nahasmendua da. Piromanoak ezinegona edo tentsioa askatzeko eta lasaitzeko pizten du sua. Ezin du bulkada kontrolatu edo hari eutsi; hortik nahasmenaren izena.
«Orokorrean, gizonezkoa da, 20 eta 40 urte artekoa, eta frustrazioaren inguruko tolerantzia txikia du». Horrela definitu du Miriam Gonzalez Madrilgo Psikologoen Elkargoko Larrialdietako taldeko psikologoak. «Piromanoarentzat, sua eta suarekin loturiko dena erakargarria da; adibidez, sirena hotsa, kea eta suhiltzaileak», azaldu du. «Normalean, bakarrik egiten du, eta errepikakorra da; behin eta berriro egiten du», gehitu du Ane Lekanda Bizkaiko Psikologoen Elkargoko psikologoak.
Sua piztu baino lehen ezinegona eta tentsio handia sentitzen ditu piromanoak. Adikzioa duen batek bezala, momentu batean ezinezkoa zaio bulkadari eustea, eta sua pizten du. «Frustrazioarekin lotuta egon badaiteke ere, piromanoak ez du mendekuz jokatzen, baizik eta emozio desatseginak lasaitzeko (antsietatea eta abar)», argitu du Lekandak. Umeek Eguberri egunaren bezperan sentitzen dutenarekin alderatu du Gonzalezek sua piztu aurreko momentua. «Ilusioa, urduritasuna eta misterioa nahasten dira».
«Hazi den ingurunea da [piromaniaren] faktore garrantzitsuenetako bat. Adimen emozionala izaten edo emozioak modu osasuntsuan kudeatzen erakutsi ez izanak eragina du»
ANE LEKANDA Bizkaiko Psikologoen Elkargoko psikologoa
Ekaitzaren ostean, barea. Sua ikustean, lilura eta plazera sentitzen du. «Haren garuneko zirkuitu dopaminergikoa pizten da, eta horrek plazera sentiarazten dio, eta errefortzu positiboa eragin. Adikzioekin gertatzen denaren antzekoa da», adierazi du Lekandak. Momentu horretan lasaitasuna besterik ez duela sentitzen gehitu du Gonzalezek.
Ez da gauza bera zaborrontzi bati edo auto bati sua ematea, edo mendira igotzea eta su handi bat piztea. Piromaniak hainbat gradu ditu, eta hori sutearen intentsitatean ikus daiteke. Gonzalezek zehaztu duenez, sutea sentitzen duen tentsioaren araberakoa da. Hau da, zenbat eta tentsio handiagoa sentitu, orduan eta handiagoa da sutea.
Piromania helduarora iristean diagnostikatzen da, nahiz eta zaila izan. Sintomak, ordea, lehenagotik antzeman daitezke. Nerabezaroan bulkadak kontrolatzeko zailtasuna da horietako bat. Dena dela, bi psikologoek adierazi dute haurtzaroak ere eragin nabarmena duela. «Izan liteke inguruan suaren manipulazioa edo lilura hori ikasi izana», esan du Gonzalezek. «Ez dira bakarrak, eta ez da beti horrela, baina izan liteke ere indarkeriazko ingurune batean hazi izana edo behar afektiboak aseak ez izatea». Lekanda harago joan da: «Hazi den ingurunea da faktore garrantzitsuenetako bat. Adimen emozionala izaten edo emozioak modu osasuntsuan kudeatzen erakutsi ez izanak eragina du».
Tratamendu luzea
Sendatzea zaila bada ere, piromania kontrolatu daiteke. Horretarako, terapia psikologikoa, psikoheziketa eta medikamentuak aipatu dituzte bi psikologoek. «Luzea» da tratamendua, baina garrantzitsua, adikzioak bezala «elikatuz eta areagotuz» baitoa bestela.
Halere, oso gutxi dira gaixotasun bat dutela konturatzen direnak. «Badakite egiten dutena gaizki dagoela, baina ezin diote eutsi», esan du Gonzalezek. «Motibazioa ongizate psikologikoa lortzea da, ez kalteak eragitea edo mendekua», argitu du Lekandak. Hori da piromano baten eta sua interes batzuengatik nahita pizten duen baten arteko desberdintasuna: «Piromanoak barneko bulkada bati erantzuten dio, baina nahita eragiten duenak aldez aurretik pentsatuta egiten du».
«Askotan, piromanoa nahastu egiten da sua interes batzuengatik pizten duenarekin, eta ez da gaixotzat hartzen»
MIRIAM GONZALEZ Madrilgo Psikologoen Elkargoko Larrialdietako taldeko psikologoa
Gaur egunera ekarri du, azkenaldiko suteak aipatuz. «Eztabaida piromanian zentratzea ez da zuzena, gainerako faktoreak ez baitira kontuan hartzen». Horrek zer arrisku dakarren azaldu du. «Sutea pertsonalizatuz eta errua gaixotasun bati botaz, erantzukizuna pertsona gaixo bati egozten zaio».
Tentsioa aurretik, plazera bitartean, eta lasaitasuna amaieran. Sua eta pertsona; pertsona eta sua. «Askotan, piromanoa nahastu egiten da sua interes batzuengatik eragiten duenarekin, eta ez da gaixotzat hartzen», ohartarazi du Gonzalezek. Eta berriro Anariren hitzak. «Denborak egin duen basoa, bere pizti, bere sasi, zuretzat eranzten dena eta zurekin jantzi. [...] Basoa maite duzun eran sua ere maite duzu».