Astebete iraun du Zarrakazteluko (Nafarroa) suteak. Iragan larunbatean piztu zen, eta gaur 13:00etan jakinarazi dute itzali dutela. Oraindik sutean lanean ari diren suhiltzaileak —denak Nafarroakoak— beren egoitzetara bueltatu dira, gobernuak jakinarazi duenez. 220 hektarea erre ditu suak: 182 hektareatan alepo pinua zegoen, bai bertan sortutakoa, bai birlandatua. Suteak ez du inor zauritu, baina larritasuna eragin die Zarrakazteluko herritarrei.
Ikusi gehiago
«Giza ekintza» batek sortu zuen sutea, Amparo Lopez Nafarroako Barne kontseilariak esan zuenez. Baztertu egin zuen nekazarien edo basoko jardueraren batek sortu izana. Lopezek ez zuen argitu, ordea, ea «giza ekintza» hori nahita edo nahi gabe egindakoa izan zen.
Sutea larunbat gauean sortu zen, Zarrakaztelu eta Larrate arteko errepidearen ondoko pinudi batean. Nafarroako Baso Suteen Larrialdietarako Babes Zibileko Plan Bereziaren lehen maila ezarri zuten larunbat gauean, eta bigarren maila igande goizean, ezohiko baliabideak eskatu behar zituztela ikusita.
Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Aragoiko Gobernuaren (Espainia), eta Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren helikopteroak eta hegazkinak aritu dira sua itzaltzen. Nafarroako hainbat suhiltzaile etxetako suhiltzaileak aritu dira lanean, baita inguruko nekazariak ere: suebakiak egin dituzte traktoreekin.
Sutea egonkortzea eta perimetroa jartzea izan zen lehen egunetako helburua, baina muturreko tenperatura beroek eta hezetasun apalak zaildu egin dute sutea itzaltzea. Astelehen gauean lortu zuten sutea egonkortzea eta perimetroa jartzea. Asteazkenean esan zuten sutea kontrolpean zutela, baina itzali gabe oraindik. Ordutik busti egin dituzte inguruko lurrak, eta sutea oraindik piztua zegoen eremuak kontrolatu dituzte.
Desadostasunak konpondu gabe
Suteek, baina, beste sute bat ere piztu dute: nekazarien eta Nafarroako Gobernuaren artekoa. Nafarroako Gobernuak laborarien zenbait jarduera debekatu zituen abuztuaren 5ean, suteak izateko arriskua oso handia zela argudiatuta. Egun horietan sutea izan zen Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrien artean. Bada, neurri horiek kritikatu dituzte UAGN eta EHNE sindikatuek, eta EHNEk elkarretaratze bat egin zuen. UAGNk Lopez kontseilariaren dimisioa eskatu zuen, eta auzitara joko zuela esan.
Ikusita Zarrakazteluko sutea kontrolpean zutela eta tenperaturak pixka bat jaitsiko zirela, Nafarroako Gobernuak apaldu egin zituen larrialdi maila eta nekazarientzako murrizketak atzo arratsaldera arte, baina ordutik indarrean daude berriro. Debekatua dago urbanizagarriak ez diren lurretan sua erabiltzen duten edo txinpartak pitz ditzaketen makinak erabiltzea, eta eremu idorretan ezin da uztarik bildu.