Suaren arrastoak Deustun dira oraindik

Bilboko Udalak goizerako edukiontzi guztiak aldatu baditu ere, lau auto erreak eta lurreko orban beltzak hor daude oraindik. Auzokideek eta dendariek aitortu dute beldurra pasatu zutela.

Lau auto erre Agirre Lehendakariaren kalean, goizeko argazki batean. BERRIA
Lau auto erre Agirre Lehendakariaren kalean, goizeko argazki batean. BERRIA
Bilbo
2026ko urriaren 27a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Agirre Lehendakariaren kalean oraindik ikus daitezke atzoko istiluek eragin zituzten suteen markak, baita auto erreak ere. Kalean ez da beste gairik. «Hondamendia ikusten ari zarete? Atzo ezin nintzen etxera heldu», esan die emakume batek auzokideei. Vito Quilesen bisitaren aurkako manifestazio baketsuen ostean istiluak hasi ziren Deustu auzoaren inguruan, eta Agirre Lehendakariaren kalean izan zuten erdigunea. 

Dena arratsaldeko manifestazioen ostean hasi zen, baina horietan eta eguerdian egindakoan ez zen istilurik egon. Manifestariak Deustuko zubiraino joan ziren arratsaldean, eta han Quilesen erantzunaren zain egon ziren. Asaldatzaileak iragarri zuenean ez zela etorriko, jendea joaten hasi zen. Auzokide baten arabera, Pio XII.a kaletik heldu ziren beltzez jantzita zihoazenak Agirre Lehendakariaren kalera. «Zazpiak baino lehenago batu ziren denak, baina entzun nuen hori baino lehenago Done Petri plazan egon zirela». Auzokidearen arabera, dena manifestazioen ondoren izan zen, Quiles etorriko ez zela jakin ondoren.

«Edukiontziak erretzen hasi ziren, eta, azkenean, sua autoetara hedatu zen. Nik ez nuen ertzainik ikusi gure kalean»

JOSE GARCIA Deustuko dendaria

Nahiz eta edukiontzi berriak jarri dituzten, errepidean geratu diren markek erakusten dute zortzi sute inguru egon zirela, gehienak edukiontzietan sortutakoak, baina udaltzain baten motoa ere erre zuten. Edukiontziak hartu eta errepidearen erdian jarri zituzten, su emateko ondoren. Jose Garciak kalean duen segurtasun sistemen dendaren aurrean piztu zuten su horietako bat, eta bertan aparkatuta zeuden autoetaraino heldu zen. «Edukiontziak erretzen hasi ziren, eta, azkenean, sua autoetara hedatu zen», kontatu du Garciak. Goizean, lau auto kiskali zeuden  Agirre Lehendakariaren kalean, eta albotik pasatzen ziren herritarrak argazkiak ateratzera gelditzen ziren.

Beldurra nagusi izan zen dendarien artean, eta sua hasi bezain laster dendak itxi behar izan zituzten. Garciaren arabera, ke beltza barruraino sartu zitzaion, eta ingurua lasaitu zenean atera zen bera atea ixtera. «Bost auto zeuden sutan, eta beroa eta kea sartzen ziren; zazpiak aldera itxi nuen», esplikatu du.

Auzokideen artean ere beldurra eta haserrea sumatzen da. «Gure etxea sutez inguratuta zegoen, eta pentsatu nuen kristalek eztanda egingo zutela beroagatik. Izugarria izan zen; ez dut inoiz halakorik ikusi», gogoratu du auzokide batek. Ez du bere izena eman nahi izan beldurragatik. Kutxa automatiko baten pantaila ere apurtuta zegoen, baina, auzokidearen arabera, ez zuten denda eta tabernen kontra egin.

«Lehendik prestatua»

Nahiz eta egun osoan Ertzaintzak antolatutako hainbat operazio talde ikusi hiriko zenbait tokitan, zenbaitek salatu dute istiluak hasi zirenean lekura heltzea kostatu zitzaiela. «Nik kale honetan ez nituen ikusi», zehaztu du Garciak. Suhiltzaileak, ordea, suak amatatzen ibili ziren.

Ez dago argi nortzuk zeuden istiluen atzean. Auzokideen arabera, denak beltzez jantzita zihoazen: «Bazirudien lehendik prestatuta zegoela». Garciaren arabera, beisbol bateak ere eraman zituzten. Gainera, haietako batzuk sare sozialetara ere igo zituzten argazkiak. «Bat sutan zegoen edukiontzi batera igo zen beste batek argazkia atera ziezaion».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA