Subflubialari Ez plataformako zazpi kideri 602 euroko isun bana ezarri diete, 2025eko urriaren 16an Bizkaiko Foru Jauregian egin zuten ekintza baten harira. Hala, 4.200 euro baino gehiagoren isunak ordaindu beharko dituzte guztira. Jauregiko bisita gidatu bat probestu zuten protesta egiteko, deitua zuten mobilizazio baten aurreko egunetan: pertsona bat barandara kateatu zen, eta beste kide batzuek protesta egin zuten haren ondoan, pankarta batekin.
Bada, pankarta horri eusteagatik jarri diete isuna sei laguni, baina plataformak berretsi du hori egin izana ez dela zuzena, bideoetan hiru pertsona ageri baitira pankartari eusten, eta ez sei. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak proposatu du isun hori ezartzea, Espainiako mozal legearen 36.3 artikuluan oinarrituta.
Plataformako kide Hodei Rodriguezek BERRIAri berretsi dio bideoetan garbi ikusten dela hiru pertsona daudela pankartari eusten, eta, beraz, Ertzaintzaren txostenean bildutakoa «gezurra» dela. Gainera, ebazpenaren arabera, protesta ekintzak arriskuan jarri zuen pertsonen segurtasuna, baina hori ere hala ez dela, Rodriguezen esanetan. Beraz, iragarri du isuna ez dutela onartuko eta helegitea aurkeztuko dutela.
Kanpaldia Artatzan
Datorren asteburuan, uztailaren 4an eta 5ean, kanpaldia egingo dute Getxo eta Leioa (Bizkaia) arteko Artatza parkean. Parke horretan bertan egingo dute itsasadar azpiko tunelaren ahoetako bat, eta azpiegituraren lanak han hasiko dira.
Ondo-ondoan Artaza-Romo institutuaren eraikin bat dago, eta proiektuak hezkuntza komunitate horretako kideen haserrea piztu du, eragin handia izango baitu ikastetxearen jardunean. Obren barruan, lehergailuak erabiliko dituzte zuloa egiteko, eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren txostenen arabera, lanean bete-betean arituko diren garaian 48 kamioi pasatuko dira orduero institutuaren ondotik.