Sumarrek kritikatu egin du autogobernuaren inguruko elkarrizketak «itxiak» izatea, eta prozesu parte hartzaile bat eskatu

Garciaren ustez, EAJren, EH Bilduren eta PSEren arteko elkarrizketak ez dira aski gardenak. Esan du «izaera nazionala eta estatuarekiko harreman federala» jaso beharko liratekeela estatutu berrian, eta auzi sozialetan egin beharko litzatekeela indar.

Alba Garcia, gaur goizeko agerraldian. SUMAR
Alba Garcia, gaur goizeko agerraldian. SUMAR
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 4a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sumar Mugimenduko koordinatzaile nagusi Alba Garciak salatu du EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk autogobernu berriaren inguruan martxan dituzten elkarrizketak «itxiak, abstraktuak eta gardentasun gutxikoak» direla, eta exijitu du elkarrizketa horiek herritarrengana zabaltzea. «Bada garaia herritarrek jakin dezaten zertaz hitz egiten ari diren, zein diren korapiloak dituzten gaiak, eta modua izan dadin horiek eztabaidatzeko». Horren harira, prozesu parte hartzaile bat egiteko eskatu du.

«Inork ez daki zertaz ari diren hizketan», txarretsi du Garciak, Forum Europan egindako agerraldian, eta prozesu parte hartzaile bati hasiera ematea exijitu. «Bada garaia prozesu erreal eta parte hartzaile bat egiteko, euskal autogobernua blindatuko eta sakonduko duen estatutu berri bat adosteko, eta hark eskubide sozial gehiagori eta berdintasun eta herritarrentzako segurtasun handiagoari bide emateko».

Sumar Mugimendua prest da negoziazio mahaian esertzeko, Garciak adierazi duenez. Halere, uste du eztabaidaren oinarritzat ez direla eskumenak hartu behar, horiekin egin nahi dena baizik. Azaldu du estatutu berriak «Euskadiren izaera nazionala eta estatuarekiko harreman federala» aitortu behar dituela, eta, era berean, balio behar duela eskubideak «blindatzeko» eta zerbitzu publikoak indartzeko. Uste du hark bide eman behar diola etxebizitza, osasungintza, hezkuntza, zaintza, berdintasuna eta ingurumenaren babesa eskubide subjektibo bihurtzeari, baita euskararen doako irakaskuntza eta «memoria, justizia eta bakearekiko konpromisoa» bermatzeari ere.

Izan ere, Garciak adierazi du autogobernua «Euskadiko proiektu politikoaren bihotza» izan dela hainbat hamarkadaz, baina uste du egoera aldatzen ari dela. Azaldu duenez, estatutuak modua eman badu ere urteetan «zerbitzu publiko sendoak, erakunde egonkorrak eta akordioan oinarritutako kultura politiko bat garatzeko», «ziurtasunen» garaia igaro da, eta egungo testuinguruak «beste jauzi historiko bat» eskatzen du. «Autogobernua ezin da administratzen den erlikia bat izan: egokitzeko eta eraldatzeko tresna bizi bat izan behar du», gehitu du.

Proposamenen artean, beharrezkotzat jo du «kultura instituzional berri bat» ezartzea ere, «eraginkortasun publikoa eta demokrazia aurreratua» lotuko dituena. Hala, uste du etorkizuneko autogobernuak herritarren parte hartze loteslea sustatu behar duela: «Parlamentuaren osagarri izan dadila euskal herritar kontseilu bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.