Tauromakia debekatzera iritsi ahal izateko legez besteko proposamena aurkeztu du Sumarrek Eusko Legebiltzarrean. Atzera bota dute, ordea: EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek kontra bozkatu dute, eta EH Bildu abstenitu egin da.
Proposamenean, zera eskatu dio Sumarrek Eusko Jaurlaritzari: tauromakia ez babesteko, etxeko animalien babesa zezenei ere zabaltzeko, ekitaldi publikoetan animaliei zauriak eragitea edo min ematea debekatzeko, eta ikuskizun publikoei buruzko legea aldatzeko, animalien ongizatea ezinbesteko baldintza izan dadin.
«Zezenketen aldeko blokea» osatzea egotzi die Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak EAJri, PSE-EEri, PPri eta Voxi. «Bat egin dute tortura tradizio gisa defendatzen dutenekin». Hernandezek uste du zezenketen aldekoak herritarren iritziaren kontra ari direla, herritar gehienak zezenketen aurka baitaude. «Tauromakiak ez du inolako legitimitate kultural, sozial edo etikorik XXI. mendeko Euskadin. Agian ez da gaur izango, baina saihetsezina da: tauromakia desagertu egingo da».
EAJko legebiltzarkide Xabier Barandiaranek esan du animaliei tratu duina ematea babesten duela, baina Sumarren proposamena ez dela eraginkorra «gure herrian daukagun aniztasunari aurre egiteko». Uste du debekua ez dela modu egokia aniztasun hori kudeatzeko. Barandiaranek onartu du legebiltzarreko talde guztietan daudela zezenketen aldekoak eta kontrakoak.
«Tauromakiak ez du inolako legitimitate kultural, sozial edo etikorik XXI. mendeko Euskadin»
JON HERNANDEZ Sumarreko legebiltzarkidea
EH Bildu abstenitu egin da. Itxaso Etxebarriak Hernandezi erantzun dio ados egon daitekeela Sumarren proposamenaren helburuarekin, baina ezin duela babestu, horrek «hankaz gora» jarriko lituzkeelako gai horri buruz lortutako akordioak.
Etxeberriak uste du urte luzez geroratu dituztela tauromakia debekatzeari buruzko eztabaidak: «Iritzi, behar, bizipen eta iritzi ezberdinak daude. EH Bildu lanean ari da haiei guztiei erantzuteko animaliekiko eta haien duintasunarekiko errespetua bermatuz, eta kontraesanak gainditzen saiatzen ari da».
Animalien babeserako taldeak, kontra
Sumarren legez besteko proposamena ez da proposamen soil bat. Gaurkoa ez da izango Eusko Legebiltzarrean zezenei eta tauromakiari buruz eztabaidatuko duten azken aldia. Izan ere, EAJren eta PSE-EEren ustez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arrisku larrian daude adingabeek —16 urte artekoek— parte hartzen duten zezen jaialdiak; horregatik, «herri tradizio horren jarraipena bermatzeko», lege proposamen bat aurkeztu zuten urriaren 31n Eusko Legebiltzarrean. Jaialdi horiek Euskal Herriko «ondare kultural ukiezin zabalaren» adibide direla nabarmendu dute bi alderdiek.
Proposamen horren kontra daude Sumar eta Sokamuturra Ez, Haiekin, Euskanbafed Animalien Babeserako Euskal Federazioa eta Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoa. Zezenketen kontrako eta animalien aldeko taldeek lege proposamena erretiratzeko eskatu diete EAJri eta PSE-EEri. Getxoko Sokamuturra Ez taldearen arabera, «legeak ez ditu animaliak babestu nahi, haiei tratu txarrak ematen dietenak baizik».Â
«Antzinatik, ekitaldi horien [zezen jaialdiak] helburua izan da adingabeak komunitateko jai errituetan integratzea»
EAJ ETA PSE-EE
Zezen jaialdiei buruz arautzen hasi aurretik informazio zientifikoa jasotzeko eskatu diete EAJri eta PSE-EEri, bai halako jaialdietan animaliek izaten duten sufrimenduari buruz, bai adingabeengan izaten dituen ondorioei buruz. Â
Lege berriaren premia zuritzeko, EAJk eta PSE-EEk azaldu dute zezenekin egiten diren jaialdiek —sokamuturrak, txahalen askatzeak, entzierroak eta antzekoak— «sustrai sakonak» dituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta adingabeek «historikoki» parte hartu izan dutela zezenekin egiten diren jaialdietan. Adingabeak gizarteratzeko balio izan dutela diote: «Antzinatik, ekitaldi horien helburua izan da adingabeak komunitateko jai errituetan integratzea, etorkizunean helduen jaialdietan modu seguru eta egokian parte hartzeko beharrezko arauak eta ohiturak erakutsiz, kultura ondarearen parte den praktika hori iraunaraziz eta gazteak herri festetan integratzen lagunduz».
Badago zezenekin egiten diren jaialdiak arautzeko legerik, baina adingabeek parte hartu dezaketen horiek ez dute araudi propiorik: «Zezen ikuskizunen araudi orokorra ez dator bat gure kultura ondare immaterialaren jarraipena eta sustraitzea sustatu nahi duten ekitaldien izaerarekin eta eskalarekin».
Lege proposamenak 16 urte arteko adingabeei eragiten die. Amaren, aitaren edo legezko tutorearen baimen idatzia beharko dute jaialdietan parte hartzeko
Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek lege orokorraren «hutsunea» bete nahi dute. Gaur egungo egoerak, haien iritziz, «hutsune juridikoa» sortzen zuen, ospakizuna zailtzen zuen, eta segurtasun juridikorik eza zekarkien udalari, antolatzaileei eta parte hartzaileei. Legeak arautu egiten ditu txahalen askatzeak —sokarekin edo sokarik gabe—, entzierroak, izkingileen saioak eta «udalerriko ohitura tradizionalaren araberako antzeko jaialdi batzuk». Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak baimendu beharko ditu.
Lege proposamenak 16 urte arteko adingabeei eragiten die, 16 urte arteko adingabeek bakarrik parte hartzen duten jaialdiez ari da. Amaren, aitaren edo legezko tutorearen baimen idatzia beharko dute jaialdietan parte hartzeko. Ez du gutxieneko adinik zehazten, ez eta adinak eta baimenak nola kontrolatuko diren ere.
Lege proposamenak hiru oinarri ditu: parte hartzaileen segurtasuna, «animalien ongizatea» eta haurren eta gazteen babesa. Segurtasun neurrien artean dago jaialdiaren eremua edo ibilbidea hesitu beharra. Jaialdiek zuzendari bat eta gutxienez bi laguntzaile izan beharko dituzte.
Erabiliko diren zezenak hemezortzi hilabetetik beherakoak izango dira, eta adarrak babestuta izango dituzte. Horretarako animaliei kalterik egingo ez zaiela «bermatuko» da, zehaztu dutenez. Debekatuta egongo da animaliak zauritzea, ziztatzea, kolpatzea, haiei heltzea edota tratu iraingarria ematea.
Presazko prozeduraren bidez onartu nahi dute. Presa dute, zezen jaialdien denboraldia hasi baino lehen onartu nahi dutelako
EAJrentzat eta PSE-EErentzat, adingabeek zezen jaialdietan parte hartzea jai herrikoietan «integratzeko bidea» izateaz gain, «animaliekiko eta naturarekiko errespetua transmititzeko tresna» ere bada.
Lege proposamenak etxeko lanak jarri dizkio Eusko Jaurlaritzari. Sustatu egin beharko du erakundeen, tokiko elkarteen eta kultura eragileen arteko lankidetza, adingabeek parte hartzen duten zezen jaialdi horiei «lotutako balio historiko eta tradizionalak zabaltzeko».
Presazko prozeduraren bitartez onartu nahi dute. Presa dute, zezen jaialdien denboraldia hasi baino lehen onartu nahi dutelako, antolatzaileek eta neurriaren eraginpean dauden erakundeek «tarte nahikoa izan dezaten egokitzeko eta ezarri beharreko neurriak eta xedapenak behar bezala ezagutzeko». Eusko Legebiltzarreko Mahaiak atzo onartu zuen tramiterako.
Zezenketen kontrako eta animalien aldeko taldeek eta gainerako eragileek salatu dutenez, ordea, ez dute aukerarik izango eztabaidatzeko, alegazioak aurkezteko eta adituen iritziak entzuteko. «Atzerapauso larria da animalien babesean», salatu du Sokamuturra Ez taldeak. «Gizartea haren erakundeak baino aurreratuago dago. Herritarrek argi eta garbi eskatu dituzte jai etiko, moderno eta animalien kontrako indarkeriarik gabeak».
Adingabeak, ehiztari laguntzaile
Ez da lehen aldia EAJk eta PSE-EEk adingabeak eta animaliak uztartzen dituen lege proposamen bat presazko prozeduraren bitartez bideratzen dutena. Hala jokatu zuten adingabeak ehizan aritzea baimentzeko lege proposamenarekin ere: adingabeak ehiztari laguntzaileak izateko modua ematen du. EAEko 2011ko Ehiza Legearen aldaketa bat bultzatu zuten, «ehiztarien belaunaldi erreleboa bermatzeko». Horretarako, ehiztari laguntzaileen arloa arautu zuten: ehizaldietan egon ahal izango dira, haien adina edozein dela ere, baina armarik eraman eta erabili gabe, eta ehiza baimena eduki beharrik gabe. Martxoaren 20an onartu zuten.Â