Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel D’Anjouk aste hasieran adierazi zuen zail ikusten zuela aurrekontuen inguruko akordio bat erdiestea oposizioko alderdiekin. Bada, Sumarrekin ez dituzte adostuko, behintzat. Koalizio horretako legebiltzarkide Jon Hernandezek gaur iragarri du ez dagoela «inolako aukerarik» negoziatzen jarraitzeko, eta osoko zuzenketa bat aurkeztuko dutela. EH Bilduk, berriz, gobernuari egotzi dio ados jartzeko benetako borondaterik ez izatea.
Hernandezek Jaurlaritzari leporatu dio akordio bat erdiesteko aukera oro «hautsi» izana. Bi aldeak astelehenean bildu ziren, baina, Hernandezen iritziz, «mahai huts batean» esertzearen parekoa izan da negoziazioa. «Eusko Jaurlaritzak ez digu proposamenik helarazi nahi izan», salatu du, eta gehitu «hutsaren truke» lortu nahi izan dutela Sumarren babesa.
Hain zuzen, Sumarrek 890 milioi euroren zuzenketak proposatu zizkion gobernuari; besteak beste, etxebizitzaren auziari erantzuteko 250 milioi euroren aldaketak, 120 milioi euroko diru sail bat oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko plan pilotu baterako, eta 180 milioi euroko berrindustrializazio funts berde bat. Proposamen «zehatzak», koalizioaren esanetan.
Hernandezen esanetan, baina, Jaurlaritzak ez die «kontraproposamenik» egin. Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak justu kontrakoa adierazi du gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, eta, horregatik, Hernandezek leporatu dio egia ez esatea. Hala, osoko zuzenketa bat aurkeztearen alde egin du: «Ez aurkezteko aukera aintzat hartzeko baldintza bakarra zen Jaurlaritzak benetako borondatea erakustea diru sail espezifikoak negoziatzeko orduan. Horretarako borondaterik ez dagoenez, osoko zuzenketa aurkeztuko dugu».
Borondate kontua
Pradalesek EH Bilduri ere luzatu dio eskua bilkuran, eta esan badagoela modua etxebizitza arloan akordio bat lortzeko. Horren harira, eskatu dio «akordiorako borondatea» erakusteko: «Gai serioegia da eztabaida antzuetan aritzeko».
Adierazpen horiek EH Bilduko eledun Pello Otxandianoren galdera bati erantzunez egin ditu. Zehazki, koalizio subiranistako kideak galdetu dio ea EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernuak ba ote duen ados jartzeko borondaterik, eta Pradalesek erantzun du «hitz egiteko eta akordioak egiteko» nahia dutela, etxebizitzaren auziari «erantzun integral bat» emateko.
Otxandianok, berriz, zalantzan jarri du ados jartzeko deia, uste baitu gobernuko alderdiek «gehiengo demokratiko baten arrabola» baliatzen dutela sistematikoki: «Horrek sinesgarritasuna kentzen dio EH Bilduri etengabe itunak egiteko egiten zaion interpelazioari». Adibide gisa jarri du EAJk eta PSE-EEk atzera bota izana etxebizitza plan zuzentzaileari eta Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza Arloko Premiazko Neurriei Buruzko Lege Proposamenari aurkeztutako zuzenketa guztiak.
Hain zuzen, aurrekontuei begira, EH Bilduk proposamen bakarra aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari. Koalizioak etxebizitza publikoak sustatzeko funts bat nahi du, eta, horretarako, beharrezko ikusten du Eusko Jaurlaritza 1.000 milioi euro zorpetzea, beste 2.000 milioi euro erakartzeko interes sozialeko erakunde pribatuetatik.