Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Sutea piztu da Zaldibarko zabortegiaren inguruan

Hondakindegiko bi langile desagertuta daude luizia gertatu zenetik, eta goizaldean bertan behera utzi dituzte erreskate lanak, Osalanek aginduta, amiantoa antzeman dutelako. Arratsaldean berriro hasi dituzte bilaketa lanak, baina eten gero; larunbat goizean jarraituko dute.

Garikoitz Goikoetxea.
2020ko otsailaren 8a
15:14
Entzun

Albiste nahasien eguna izan da Zaldibarko zabortegiaren inguruan, eta eguna bukatzeko, 23:00ak inguruan, sute bat piztu da zabortegiaren inguruan. Ustez luiziak azpian harrapatutako langileen bilaketa lanak etenda zeuden 19:00ak geroztik, eta sua piztu denean ez zegoen inor inguruan. Suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuak bertara joan dira, suaren abisua jaso dutenean. Jakinarazi dute itzaltzeko ezinezkoa den puntu batean dagoela, «sute txiki bat» dela, eta bertatik bertara erreparatuko diotela sutearen bilakaerari.

Bi langile daude oraindik desagertuta: luizia gertatu zen ostegun arratsaldean, 16:00ak aldera, eta uste dute azpian harrapatuta geratu zirela bi beharginak. Ostiral goizaldean, eten egin dituzte haiek bilatzeko lanak, Osalanek aginduta, lan osasuneko teknikariek amiantoa atzeman dutelako zabortegian. Amiantoarekin lan egiten aditua den Sopelako enpresa baten laguntzarekin ekin diote berriz erreskate lanari, eguerdi partean. Iluntzean, 19:00ak aldera, larrialdi zerbitzuek amaitutzat eman dituzte eguneko lanak, eta jakinarazi dute larunbat goizean ekingo dietela berriz.

50 urteko langile bat eta 62ko beste bat falta dira, Verter Recycling 2002 enpresakoak. Zaldibarko Eitzaga auzoan dago hondakindegia, Ariolako urtegirako bidean. «Hondakin ez-arriskutsuak» jasotzeko baimena du zabortegi horrek, eta baita amiantoak kutsatutako material jakin batzuk hartzekoa ere, ostiral goizean jakin denez.

Lur eta zabor erauntsia A-8 autobideraino iritsi zen ostegun arratsaldean. Erabat itxita geratu zen errepidea, bi norabideetan. Hondeamakinekin lanean aritu dira gauean, eta goizaldean zabaldu dituzte lau bideetatik bi: norabide bakoitzean bide bat dago zabalik. Donostia alderako bi bideak daude irekitzeko, lurpean oraindik. Uste dute «luze» joko dutela lanek.

[YouTube]https://youtu.be/PUJz3WMthcM[/YouTube]

Lehen kalkuluen arabera, 500.000 metro kubo lur eta zabor erori dira. Talde ekologistek salatu dute zabortegia autobidearen gainean egoteak Europako arauak urratzen dituela. «Autobideko eremutik kanpo zegoen zabortegia; beraz, guk ez dugu zer esanik horretaz, ez baita gure eskumena», erantzun du Pradalesek Euskadi Irratian.

Zabortegiko hondakin meta erortzean, arrastaka joan zen aurrean zuen ezpondetako lurra ere, eta orotara 330 metro luze eta 160 metro zabal den lur-jausi bat eragin zuen. Ia 2.800 metro koadroko eremu bat hartu zuen luiziak.

Aspaldikoa zen Zaldibarko eta Ermuko herritarren kezka zabortegia zela eta. Zaldibarko eremuan egonagatik ere, oso gertu dago Ermuko Sallabente auzotik, eta herritarrek inoiz salatu dute «egunero dozenaka kamioi» ibiltzen zirela hondakinak deskargatzen, eta zabortegia «kontrolik gabe» ari zela hazten. Amiantoaren presentziagatik kezka handia azaldu dute.

Luiziak ez zuen autorik harrapatu, baina, gertatu aurretik, autobus bat igaro berria zen leku hartatik, A-8ko 75. kilometroan. Leire Ansotegi (Gernika, Bizkaia, 1978) autobus horretan zihoan. Gertatutakoa azaldu dio BERRIAri: «Lanetik atera naiz, eta Bilbotik 15:10ean irten eta Ondarroara (Bizkaia) doan autobusa hartu dut, Bizkaibusekoa. Nire asmoa zen Ermuan jaistea, gero Eibarrera joateko, han bizi bainaiz. 16:02an, luiziak harrapatu gaitu saihesbidean, biribilgunera iristear geundela».

Ansotegik azaldu duenez, oso azkar gertatu zen guztia: «Autobusak gogor jo du balazta, eta beste lerrora pasatu da; zorionez, libre zegoen». Autobusa bete samar zihoan, eta bidaiariek ezusteko handia hartu dute, baina, maniobra bortitz samarra izan den arren, ez da inor zauritu. «Atzeko partean, Ondarroara zihoan neska gaztetxo bat zihoan, eta negar batean hasi da. Antza denez, diabetikoa zen, eta beheraldi batek eman dio».

Joan den astean, Bizkaiko Diputazioak iragarri zuen «satelite eta drone bidezko sistema bat» abian jarriko zuela «erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko eta errepideen foru sareko zirkulazioa arriskuan jartzen duten luiziak edo ezponden erorketak» saihesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.