Heldu da berriz erretratuaren eguna: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren argi-ilunak zein diren erakustekoa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak Euskal Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa 2025 dokumentuaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Bi urtean behin egiten da argazki hori: «Panoramika osatu eta integratu bat», azaldu du sailburuak. Besteak beste, diagnostiko horretan aurkezten dira LH Lehen Hezkuntzako laugarren mailako eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako ikasleei euskaran, gaztelanian eta matematiketan konpetentziak ebaluatzeko egiten zaizkien proben emaitzak. Iazko udaberrian egindako probak dira azkenak: 836 zentrotan, 44.000 ikasleri. Horietan ikusten den «eboluzio positiboa» nabarmendu du Pedrosak: esan du orain bi urteko azterketekin alderatuta egonkor daudela emaitzak, edota igoera bat izan dutela. Nabarmendu du, era berean, aurrerabide hori aldapan gora egin dela, egungo «testuinguruak» zailtasun nabarmenak ekarri dizkiolako hezkuntza sistemari, eta aparteko «tentsionamendua». Goraipagarria dela esan du: «Sistema erresiliente bat gara, eta hori oso inportantea da».
Horra gaur Pedrosak jakinarazitako datuak: LHn, gaztelanian 6,1 puntu egin du gora ikasleen konpetentziak; matematiketan, 4,3; euskaran, aurreko ebaluazioaren «antzekoak» izan dira emaitzak. DBHn, berriz, euskaran 10,2 puntu igo da, gaztelanian 7,6, eta matematiketan 5,1. Horiek horrela, gaur egun hastapeneko mailan daude LHko ikasleen %36 euskaran; %14,3, gaztelanian; eta %16,7, matematiketan. DBHn, matematiketan %7,6 dira; euskaran, %42,4; eta gaztelanian, %18,3.
Hiru konpetentzietan derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleek izan duten eboluzio ona nabarmendu du Pedrosak bereziki: matematiketan eta euskaran hamar puntu urritu dira hastapeneko mailan daudenak; gaztelanian, 7,7. «Horrek joera batzuk ikusteko era ematen digu», ondorioztatu du sailburuak. Eta hizkuntzen ikasketan ikusten denari begira horra nabarmendu nahi izan duen ikasbide nagusia: «Hizkuntzak ikasteko prozesuek denbora behar dute, eta kontsolidazioa». Erantsi du hobekuntzak bi sareetan ikusi dituztela: publikoan eta itunpekoan.
«Hizkuntzak ikasteko prozesuek denbora behar dute, eta kontsolidazioa»
BEGOÑA PEDROSA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Datuen atzeko eboluzioa ona dela esan arren, erronkaren zailtasuna agerian utzi du Pedrosak. «Lanean jarraitu behar da. Joerak ematen digu perspektiba bat: ondo ari gara, baina lanean jarraitu behar dugu», ohartarazi du. Tankera honetako ebaluazioen garrantzia nabarmendu du, eta erantsi aurrerapenak egin behar direla bestelako ikerketetan ere. «Nola osatu orain ikerketa hauek ikerketa kualitatiboagoekin? Kausalitateei begiratu behar diegu». Gogoratu du datu horiek, oro har, arrunt tresna onak direla ikastetxeentzat; izan ere, era xehean azaltzen diete zertan hobetu behar duten. Gainerakoan, onartu du «zuhurtziaz» jokatu behar dela ondorio orokorragoak ateratzeko.
Eusko Legebiltzarrean hainbat talde politikotako kideek kontu hartu diote ondorioak ateratzeko eta ekarpenak egiteko zailtasunen gainean: jakinarazi dute han bertan jaso dituztela txosteneko datuak, txosten osoa ez dutela esku artean izan, eta aurrez lantzeko biderik izan gabe zaila dela horren gainean ondorioak atera eta iradokizunak egitea.
Arrakala
ISEK indize sozioekonomiko eta kulturala eta ikasleen jatorria ere kontuan hartuta aztertzen dituzte datuak ebaluazio horretan, eta sailburuak esperantzarako printzak ikusi ditu hor lortu diren emaitzetan ere. «Autoktonoen emaitzak altuagoak dira, baina badago joera bat arrakala murrizteko: arrakala txikitzen ari da. Hainbat konpetentziatan murriztu da arrakala, bereziki euskarazko konpetentzietan», zehaztu du. 2023tik hona, oro har, LHn arrakala egonkor dagoela esan du, eta DBHn behera egin duela. Hor ere, hizkuntzaren aldagaian egin duen moduan, denbora aski aldagai garrantzitsua dela gogoratu du: nabarmendu du batez ere «urteekin, eskolaratzeak aurrera egin ahala» ikusten direla emaitzak. «Ikasleek sisteman jarraitzen badute, aldeak gutxitu egiten dira konpetentzia guztietan, oro har».
Sailburuak hizpide izan du horretan aurrerapenak egite aldera Jaurlaritzak duen konpromisoa. «Apustu argia da ekitate eta kalitatearen alde, eta, horretarako, baliabideak behar dira». BPG barne produktu gordinaren %5,4 hezkuntzara bideratzen dela esan du, eta eskola jangelan eta beketan egiten diren inbertsioak, esaterako, igo egin direla. Gogora ekarri du hezkuntzak «gizarte kohesioan» duen garrantzia, eta adierazi horretan ahaleginak egiten jarraituko dutela. Datu baikorrak eman nahi izan ditu, beste askotan ere nabarmendutakoak. Hona hemen haietako bat: eskola uzte goiztiarraren ehunekoa 9,3 da EB Europako Batasunean; Araban, Bizkai eta Gipuzkoan, %5. Lanbide Heziketak urteotan izan duen igoera ere nabarmendu du, eta garapen ekonomikoan horrek duen garrantzia. «Enpresa txikiekin egiten dugu lan, eta inguruari erantzuten diogu». Erantsi du lehengo ikasturtean 36.000 ikasle inguru aritu zirela eredu dualean, alegia, ikasten ari ziren bitartean lanean.
«Ikasleek sisteman jarraitzen badute, aldeak gutxitu egiten dira konpetentzia guztietan, oro har»
BEGOÑA PEDROSA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Testuingurua
Unibertso handia aurkeztu du. Zentroak: 1.244. Ikasleak: 384.515. «Testuingurua aintzat hartu behar da: tentsionamendua». Behin eta berriz eskatu du Pedrosak errealitate horren atzean dagoen konplexutasuna ulertzeko ahalegina. Eta «testuingurua» deskribatu du: datuekin. Jaiotza tasa behera ari da: 2012tik, ia %30 apaldu da. Ikasgeletako aniztasuna, halaber, gero eta handiagoa da. Ikasleen jatorria da horren erakusgarri. Begira mailaz mailako bilakaera argia: Haur Hezkuntzan, ikasleen %23,5ek dute atzerriko jatorria; Lehen Hezkuntzan, %20,3 dira; DBHn, %17,4. Matrikula biziaren bidez heltzen diren ikasleak ere ugaritzen ari dira: aurreko ikasturtean, esaterako, 7.544 izan ziren. Aurreko ikasturtean baino gutxiago izan ziren, baina hona hemen zer igoera izan den urteotan: 2020-2021eko ikasturtean, 2.569 ikasle heldu ziren era horretan eskoletara. Eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko gero eta baliabide gehiago behar dira, igoera oso handia baita: 2012an, 14.223 ziren; orain, 25.482. Azken hori, batez ere, «detekzio erremintek» ekarritako aldaketa izan dela esan du Pedrosak. «Gehiago ikusten dugu, hobeto ikusten dugulako».
Hobekuntzarako bidean martxan diren programak ere hizpide izan ditu. Eraldatzen. Eusle. Indartuz. «Erantzun konplexuak behar dira, eta, batez ere, denboran iraunkorrak izan behar dute: hori da atera behar ditugun ondorioetako bat», nabarmendu du Pedrosak. Eta horretan lanean jarraitu behar dela esan du. «Erreminta berriak behar ditugu». Iragarri du martxoan ebaluazioari buruzko kongresu bat egingo dela Bilbon, Euskaldunan. «Punta-puntako adituak etorriko dira, eta zentroek modua izango dute hobekuntzan zer egiten ari diren elkarri azaltzeko».
Zifrak
%94,3Graduazio tasa. Azken txostenaren arabera, DBHko graduazio tasa %94,3 da orain. Gorako joera izan du urteotan. 2015ean, ikasleen %92,1ek lortzen zuten. Ikasketak «dibertsifikatzeko» gaitasunaren ondorioetako bat dela esan du Pedrosak.
%5Eskola uzte goiztiarra. Pedrosak nabarmendu ohi dituen datuetako bat da, eta gaur berriz ekarri nahi izan du lehen lerrora: derrigorrezko eskolaratzea bete aurretik eskola uzten duten ikasleen ehunekoa behera eta behera ari da: 2014an %9,4 ziren, azken txostenean, %5.