Terrorismoa goratzea egotzi diete Bilboko hiru atxilotuei

Autobidean olioa botata egin zuten protesta hiru lagunek, eta Ertzaintzak atxilotu egin zituen; aske utzi ditu epaileak

Atxiloketak salatu zituzten, herenegun iluntzean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Protesta ekintza baten ustezko egileei «terrorismoa goratzea» leporatu die Ertzaintzak. Bilbon egin zuten ekintza, herenegun: goizaldean, 07:30ean, zirkulazio gehieneko unean, olioa bota zuten A-8 autobidearen Zabalburuko irteera parean, eta arazoak eragin zituzten. Inguruko lokal batean ustezko egileak atxilotu zituztela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Epailearen aurrera atzo eraman zituzten, eta bi delitu egotzi zizkieten: desordena publikoak sortzea eta «terrorismoa goratzea». Delitu hori zergatik egotzi dieten galdetuta Ertzaintzak erantzunik eman ez duen arren, jakinarazi du atxilotu zituzten lokalean hainbat kartel-eta atzeman zituztela, eta horietako bat Segi gazte taldearena dela —Espainiako auzitegiek legez kanporatua dute Segi—. Epaileak bazkalondoan utzi zituen aske hiru atxilotuak. Miatu zuten lokaleko kideek hala jakinarazi diote BERRIAri.

Bilboko Irala auzoko lokal batean atzeman zituen Ertzaintzak hiru lagun. Herrizaingo Sailak zabaldu du ustez protestan erabilitako arropak aldatzen ari zirela atzeman zituztela. Gazteen lokal bat da, eta, besteak beste, han dago Irola irratiaren egoitza. Ertzaintzak miatu egin zuen herenegun. Herrizaingo Sailak dio honakoak atzeman zituztela ertzainek: Segiren ikurra duen kartel bat, suziriak botatzeko gailu bat, pintaketak egiteko ereduak, eta euskal presoen argazkiak eta eskutitzak, beste hainbat paperekin bat.

Bi gizon eta emakume bat dira atxilotuak, 23 eta 26 urte artekoak, sortzez Madrilgoak eta Bartzelonakoak. Herrizaingo Sailaren arabera, Bilbon dute bizilekua. Poliziak dio aurrekariak dituztela hirurek, orduan ere desordena publikoak eragiteagatik.

Irola irratia, normaltasunean

Hiru gazteak atxilotu zituzten lokalean dago Bilboko Irola irratiaren egoitza, eta herenegun ezin izan zuten zuzeneko saiorik egin, Ertzaintzak galarazi egin zielako barrura sartzea. Musika izan zuten jarrita. Atzo lortu zuten estudioan sartzea, eta, lehen begiratuan, irratian ez zuten ezer falta. Hartara, badute modua ohiko irrati jardunarekin jarraitzeko.

Bestelakoa da egoera gazteen lokalean. Kideek azaldu dute hainbat ate hautsita daudela, eta markoak lekutik aterata. Materiala ere falta dutela salatu dute. Gazteen eta Irola irratiaren lokalekin batera, Bilboko Udalaren egoitza bat ere bada han. Gazteek adierazi dute hango gauzak eraman zituztela ertzainek.

Atxiloketak eta miaketak salatu dituzte auzoko gazteek, eta elkartasuna adierazi ustez protesta ekintzan parte hartu zuten hiru lagunei. Herenegun iluntzean, artean Polizia lokala miatzen ari zelarik, elkarretaratzea egin zuten 50 pertsona inguruk. Ertzaintzak zorrotz zaindu zuen protesta, baina ez zen istilurik sortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.