Testak Iruñean hustu nahi dituen bostehun etxeetako bizilagunek «irtenbide iraunkor bat» exijitu dute

Protestak egin dituzte Iruñeko hiru auzotan eta Artikaberrin. Maizterrei 2027 eta 2029 artean amaituko zaizkie kontratuak, eta babes ofizialekoak ziren etxe horiek merkatu librean saldu nahi ditu Testa Residencialek, Nafarroako etxejaberik handienak.

Paulo Ostolaza.
2026ko ekainaren 16a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Uko egiten diogu gure etxetik joateari, eta ez dugu etxegabetze bat bera ere onartuko». Datozen hiru urteetan etxegabetuak izateko arriskuan daude Iruñeko bostehun etxebizitzatako maizterrak, eta gaur, borroka kolektibo bati ekingo diotela iragartzeaz gain, irtenbide iraunkor bat exijitu diote Nafarroako Gobernuari, «egoeraren erantzule nagusiari». Bizilagunek, Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin eta Haritu etxebizitza sindikatuarekin batera, lau elkarretaratze egin dituzte aldi berean Iruñeko Arrotxapea, Ipar Etxabakoitz eta Buztintxuri-Sanduzelai auzoetan, eta Artikaberrin.

Egoera larria dela adierazi dute: «Blackstone funts putrearen jabetzako Testa Residencial enpresak, Nafarroako etxejaberik handienak, gure alokairu kontratuak amaitzea nahi du, eta horrek esan nahi du etxea galduko dugula Iruñeko bostehun etxebizitzatako maizterrek. Etxebizitza hutsak saltzea da enpresaren helburua». Kontratuak 2027 eta 2029 artean amaituko zaizkie maizterrei, eta etxebizitza erosi nahi izanez gero, lehenago hura utzi eta ondoren merkatu libreko prezioetan erosi beharko lukete, azaldu dutenez.

«Babes ofizialekoak ziren etxe horien bidez, 30 urtean ikaragarrizko diru publiko pilarekin finantzatu dira eraikuntza enpresak, bankuak eta putre funtsak»

ETXEGABETZE ARRISKUAN DAUDEN IRUÑEKO BIZILAGUNAK 

Madrilgo Testa Residencial enpresa duela bost urtetatik da etxe horien jabea, Santander bankuari erosi zizkionetik, eta Grupo Larrabidek Nafarroan duen ordezkari eta kudeatzaile bakarra da. Etxeek garai hartan —2017 eta 2023 artean— utzi zioten babes ofizialeko izateari, eta Testak hori baliatu zuen alokairuen prezioak igotzeko. Orduan ere protestan aritu ziren bizilagunak, eta Nafarroako Gobernuak alokairuen prezioak mugatzeko akordio bat egin zuen etxejabearekin, nahiz eta alokairuak 800 euroraino igo zizkieten hala ere. «Ordutik, gobernuak diru publikoa jarri du alokairuak ordaintzeko, hau da, aldi baterako eta partez arintzeko arazo horren ondorioak», esplikatu dute bizilagunek.

Etxeen jabe denetik, Testak milaka euroren errentak jaso ditu hilabetero, baina, salatu dutenez, dagozkion ardurak «sistematikoki» utzi ditu bete gabe: «Adibidez, ez ditu bete eraikinen eta etxebizitzen mantentze lanak. Denbora asko daramagu teilatuak egoera txarrean ditugula, atezain automatikoak hondatuta, izurriteekin, teilatuko hodiak buxatuta eta hezetasun arazoak eta itoginak konpondu gabe». 

«Laburbilduz, hasieran babes ofizialekoak ziren etxe horien bidez, 30 urtean ikaragarrizko diru publiko pilarekin finantzatu dira eraikuntza enpresak, bankuak eta putre funtsak, eta, bitartean, bizilagunok ezegonkortasuna sentitu dugu: etxeak hondatuz joan dira, eta bagenekien gure kontratuak amaitzeko arriskua zegoela», kontatu dute. 

Berriz ere borrokan

Bizilagunek hainbat aste daramatzate elkartzen, lanegunak ere antolatu dituzte, eta askok borroka kolektibo bati ekitea erabaki dute. Haren oinarriak zeintzuk izango diren azaldu dute gaur: esan dute ez direla joango etxetik; Nafarroako Gobernuari irtenbide iraunkor bat eskatu diote, zehazki, «kontratuak mugarik gabe luzatzea babes ofizialeko baldintzetan»; lehentasuna etxe horietan bizi direnek izatea exijitu dute, «eta ez haiekin negozioa egiten dutenek»; eta, azkenik, argi utzi dute ez dutela etxegabetzerik onartuko.

Horrez gain, Testari galdegin diote etxejabe gisa dituen betebeharrak betetzea, eta iragarri dute gaurtik aurrera enpresari eskakizun idatziak bidaltzeko kanpaina bat abiatuko dutela, «norberarenak eta kolektiboak, eraikinetako eta etxebizitzetako kalteak konpontzeko». 

Amaitzeko, datozen hilabeteetan beste ekinaldi eta mobilizazio batzuk egingo dituztela jakinarazi dute, eta bizilagun guztiei haietan parte hartzeko deia egin: «Behin borrokatu ginen gure etxeen alde, eta prest gaude berriz ere borrokatzeko; guztiok elkarrekin, etxeak bertan bizi garenontzat izan daitezen. Testa kanpora! Etxebizitzak bizilagunentzat!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE