TindEHEr egitasmoak 30 gazte talde baino gehiago jarri ditu elkartzeko bidean

Uztailaren hasieran egin zuten egitasmoan izena emateko deia EHEk eta Gazte Euskaltzaleen Sareak, lankidetzan; gaur azaldu dute gazteen partetik «harrera oso ona» izan duela.

TindEHEr egitasmoaren 'match' guztiak aurkeztu dituzte gaur, Etxarri Aranatzen, Ekhiñe Lumbrerasek lagunduta. BERRIA
TindEHEr egitasmoaren 'match' guztiak aurkeztu dituzte gaur, Etxarri Aranatzen, Ekhiñe Lumbrerasek lagunduta. BERRIA
arantxa iraola
2025eko irailaren 20a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urruñako gazteak Bilboko Santutxu auzokoekin elkartuko dira; Oñatikoak, Tafallakoekin; Miarritze eta Angelukoak, Donostiakoekin; Meatzaldekoak, Arrasatekoekin... TindEHEr egitasmoaren bidez martxan jarriko diren harremanetako batzuk dira horiek, eta gaur eguerdian jakinarazi dituzte EHE Euskal Herrian Euskaraz eta Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) egin duten agerraldi batean. Azaldu dute egitasmoaren bidez denera 30 gazte taldek baino gehiagok izango dutela elkarren berri izateko modua: bikotekidea lortzeko aplikazioetan-eta egin ohi den moduan, match egingo dute. 

Premia bati erantzuteko asmoz abiarazia da propio egitasmo hau: «Gazteria euskaldunarengan, eta gazteria militante antolatuarengan, kontzientzia linguistikoa berpiztea eta lurralde desberdinen arteko harremanak sustatzea». Uztailaren hasieran aurkeztu zuten, Hendaian (Lapurdi). Azaldu zuten Euskal Herriko eskualde eta herri desberdinetako gazteak saretzea dela asmoa, eta bereziki Ipar eta Hego Euskal Herrikoak batzea. Izan ere, uste dute azken urteetan «lausotuz» joan direla bi eremuen arteko harremanak. Pozik daude orain. Izan ere, gazte taldeen artean «harrera oso ona» izan du izena emateko deiak. 

EHEko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek ekainean, egitasmoa aurkeztean, esplikatu zuten haiek erabakiko zutela zein herrik egingo zuten match, eta gaur, hain justu ere, match horien berri eman dute. Agerraldian gazte talde horietako hainbat ordezkari izan dira, eta elkarrekin lehen hartu-emanak izateko aukera izan dute. Bitartean, antolatzaileek gogora ekarri dute nola sortu dituzten bikoteak. «Match horiek osatzeko garaian, bi irizpide nagusi izan dira kontutan: eremu soziolinguistikoa eta lurraldetasuna». Alegia, Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteen arteko harremanak joritzea bilatu dute eta, baita ere, euskarari dagokionez «ingurune oso desberdinetako» gazteek elkarren berri izatea. 

Finean, aski egoera soziolinguistiko desberdinetako gazte mugimenduek euren arteko dinamika izatea da helburua, jardun hori gero beren herrietara ere irekitzeko, eta, esaterako, urtero elkarren berri izateko bidea emango duten topaketak egiteko, jai giroan.

Beste fase batera

Horiek horrela, ekinbidearen «bigarren fasea» hasiko da orain. Esan dute «gidaritza» orain gazte taldeek hartuko dutela. «Horrela, gaur hasi eta urte amaiera bitarte, match-ek euren arteko harremanean sakondu eta elkarrekin osatu behar duten egitarauaren antolaketan murgilduko dira», aurreratu dute. «Euskaratik eta euskaraz, harreman eta bizipen berriak eraikitzen hasteko unea da». 

Ekainean, ekinbidea aurkeztu zutenean, gazteen topaketetarako hainbat ekintza proposatu zituzten. Aisialdia eta eduki teorikoagoak uztartu nahi dituzte horietan. Aisialdiko jardueren artean, antzerki ikuskizunak, herriko historia ezagutzeko ibilaldiak, bazkariak edo afariak, herri kirolak eta kontzertuak planteatu zituzten, besteak beste. Horrez gain, tailerrak eta formakuntzak egitea ere pentsatu dute, hainbat gairen inguruan. Beste edozein jarduera ere egin liteke, euskara ardatzean badu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.