«Euskara ikasiko dut». Hiru hitz. Erabaki bat. Atzean, hamaika arrazoi: integratzea, seme-alabekin hitz egitea, behinola atzendutako hizkuntza berreskuratzea edo titulua ateratzea. Tartean, hamaika lan, gastu, poz eta aurrerapauso. Euskaltegietan bide hori urratzen ari dira 36.000 ikasle baino gehiago —behin-behineko datuak dira, oraindik ikasturte erdian baitaude—. Tipi-tapa, tipi-tapa ari dira euskalduntzen.
Ikusi gehiago
Eusko Jaurlaritzaren datuen argitara, euskara ikaslea emakumezkoa da —hamarretik sei baino gehiago dira—, eta 36-55 urte bitartean ditu. Hori nabari dute euskaltegietan ere. Garaziko eta Baigorriko (Nafarroa Beherea) AEKren gau eskolako arduraduna da Maialen Errekart. Orotara, 120 bat euskara ikasle dituzte: «Emazteak batzuk gehiago dira gizonak baino, eta adinaren batezbestekoa handitzen ari da: 39 urtekoa da».
Azterketa xeheagoa eginda, baina, bi ikasle talde nagusi bereizten dira euskaltegietan. Bat: atzerritik iritsi berri direnak. Hala azaldu du Josebe Izagirrek, Tolosako Aitzol udal euskaltegiko (Gipuzkoa) zuzendariak: «Badago multzo bat, gero eta handiagoa: estatu espainiarretik kanpoko etorkinak». 2019-2020ko ikasturtean, ikasleen %20 ziren Tolosako udal euskaltegian; aurten, %32. Gehiengoa dira maila baxuenetan: A0n, %86. Baita Garaziko eta Baigorriko gau eskolan ere, Errekarten hitzetan: «%60 Euskal Herritik kanpo sortuak dira, eta %40, Euskal Herrian. Zinez gauza berria da: duela hamar urte gehiengoa zen Euskal Herrian sortua».
«%60 Euskal Herritik kanpo sortuak dira. Zinez gauza berria da: duela hamar urte gehiengoa zen Euskal Herrian sortua»
MAIALEN ERREKART Garaziko eta Baigorriko AEKren gau eskolako arduraduna
Horrek erronka berriak ekarri ditu euskaltegietara. Ikasle horiei eusten asmatzea dute nagusietarikoa: «Gehienek lan prekarioa izaten dute. Gaur hemen daude, baina hemendik bizpahiru hilabetera lana beste leku batean aurkituko dute, eta herriz aldatuko dira edo ezingo dira etorri. Jende asko-asko hasten da, baina, gero, oso gutxik jarraitzen dute. Gure eguneroko borroka da ikasle horiek jarraitzea», azaldu du Izagirrek.
Halatsu gertatzen zaie Iruñeko IKAren Arturo Campion euskaltegian ere, Xabier Martinez de Lezea irakasleak esan duenez. SOS Arrazakeriarekin akordio bat dute: «Eskaintza berezitua dugu migratzaileentzat. Hortik jende dezente etorri zaigu, baina ez da izaten ari guk espero bezain arrakastatsua, oso muturreko egoeran dagoen jendearengan pentsatuta egin genuelako. Baina, bestela, hain muturreko egoeran ez dauden migratzaileak lehen baino gehiago ditugu».
Eta bi: erretiratuak. «Urtero etortzen zaizkigu erretiratuak. Jende asko dago bere garaian euskara galdu zuena edo ikasi ez zuena, eta, arantza hori kendu nahian, erretiroa hartutakoan euskara ikasten hasten dira», azaldu du Izagirrek. Beren-beregi sortu dute talde bat haientzat: «Talde horretan dago euskara erdi lardaskatu zuena, garai batean euskaltegian ibili zelako; kalean zeozer ikasi duena eta hobetu nahi duena, euskara galdu duena eta berreskuratu nahi duena... Hasi A0tik eta B1era erretiratu asko ditugu».
Alfabetatzera ere joaten zaie baten bat, baina talderik ez dute osatzen, eta euskalduntzeko taldeetan sartzen dituzte: «Oraintxe burura etorri zait ikasle bat. Euskaldun peto-petoa da. Baina bera euskaltegian hasi zen BERRIA edo Tolosaldeko Ataria ez zituelako ulertzen». B1ean hasi, eta B2 mailan dago egun: «Poza ematen du, zeren esaten du: ‘Orain, testu bat hartzen dut euskaraz, BERRIA edo Tolosaldeko Ataria, eta ulertu egiten dut’».
«[Atzerrian jaiotako ikasle] Gehienek lan prekarioa izaten dute. Gure eguneroko borroka da ikasle horiek jarraitzea»
JOSEBE IZAGIRRE Tolosako Aitzol udal euskaltegiko zuzendaria
Horiek ez ezik, gazteek ere jotzen dute euskaltegietara. Eskolan erdaraz ikasi zutelako, edo euskaraz ikasiagatik ere, nekez egiten dutelako. Errekart: «Batzuek euskara pixka bat ikasi zuten eskolan, baina ez aski heldu izan eta euskaraz mintzatzeko; hutsune anitz dituzte». Iruñean ere badituzte gisa horretako ikasleak, Martinez de Lezearen arabera. «Gaztetxoen artean, D eredukoak azterketa prestatzera etortzen zaizkigu —C1 mailako azterketa egiteko eskolak baino ez dituzte eskaintzen—. Gurasoek bidalita etortzen zaizkigu gehienetan, eta, askotan, gure ikasleen seme-alabak izaten dira. Gainerakoak eskolan ikasi ez dutenak dira: batzuk A eredukoak, baina beste batzuk deus ere ikasi ez dutenak».
Zergatik euskara ikasi?
Ikasle adina arrazoi baitaude euskara ikasten hasteko. Martinez de Lezea: «Jende asko-asko dugu etxean euskara entzun duena; gurasoek edo aitatxi-amatxiek hitz egiten zuten, eta oso sartua dute beraiek ez dakitela: ‘Gure etxean bazekiten, eta galdu egin da’. Hori da motibaziorik handiena». Ez du aldaketarik nabari: «Ez dakit zorionez edo zoritxarrez, baina ikasleen motibazioa antzekoa da hemen ezagutu ditudan belaunaldi guztietan».
Jatorriaren arabera, motibazio desberdinak ikusi ditu Errekartek: «Kanpoan sortu direnen lehen motibazioa da Euskal Herrian integratzea, baita arbasoen kultura berreskuratzea ere. Hemen sortu direnendako, lehen motibazioa da euskaldunekin mintzatzea, eta bigarrena, haurrekin euskaraz aritzea eta eskolan laguntzea».
Horietaz gainera, motibazio instrumentalak ere badira, batez ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zenbaitek sentitzen dute euskara baliagarri zaiela, besteak beste lanerako. Izagirre: «C1eko ikasleak dira euskaltegiko ikasleen %24, eta C2koak %16. Jende asko dator titulu bila. Gero baditugu euskara ikasi nahi dutenak, komunikatzeko beharra sentitzen dutenak».
«[Ikasleek] Oso sartua dute: ‘Gure etxean bazekiten [euskara], eta galdu egin da’. Hori da motibaziorik handiena»
XABIER MARTINEZ DE LEZEA IKAren Arturo Campion euskaltegiko irakaslea
Motibazio instrumental hori ere sustatu behar delakoan dago Errekart, jendeak sentitu behar duela euskara beharrezkoa dela Euskal Herrian bizitzeko: «Ipar Euskal Herrian, norbanakoak euskara ikastera heldu dira motibazio pertsonalengatik; ez da hizkuntza politika azkarrik eta sendorik jende gehiago egon dadin gau eskoletan; hori ere behar da, jendeak ikus eta senti dezala euskaraz jakitea ezinbestekoa dela Euskal Herrian bizitzeko».
Politika horietako bat izan daiteke doakotasuna sustatzea. Eusko Jaurlaritza orain hiru ikasturte hasi zen doakotasunerako bidea urratzen, ikasleek ikasturte hasieran diru gutxiago aurreratu behar izateko modua ematen: C1 ikastaroa egin nahi zuten 16-18 urte bitartekoekin hasi ziren; gero, A1 mailakoekin, eta aurten, estreinakoz, A2 mailakoekin. Jaurlaritzaren arabera, «ia doakoa» da matrikula ikastaro horietan.
Nafarroako Gobernuak ikasturte honetan ekin dio, eta %100erainoko laguntzak emango dituzte A1 maila egin nahi duten ikasleentzat; matrikula ordaindu beharko dute, eta ikasturte amaieran jasoko dute bueltan. Hainbat udal erakunde ere ari dira eskolak debalde izatea bultzatzen.
Izagirrek azaldu duenez, adibidez, Tolosako Udalak «doakotasunerako pauso handia» emanda dauka, eta B2 mailarainoko ikasleek matrikularen %5 baino ez dute ordaintzen. Baina Jaurlaritzaren laguntza ere begi onez ikusten du: «Adibidez, A0n atzerritar asko egon daitezke egoera zaurgarrian; diru laguntza hori izatea ona da, eta uste dut eragin positiboa izango duela». Iritzi bertsua du Martinez de Lezeak. «Nabaritu dugu hutsetik hasteko jende gehiago etorri dela, eta bidea hori da». Badago urratzeko biderik.