Estatus politiko berriari buruzko eztabaida. Aurrekoak

Tiraderan gordeak

Estatus politikoa aldatzeko lantaldea osatuko dute Eusko Legebiltzarrean bertan ordezkaritza duten taldeekinIbarretxeren garaiko estatutu egitasmoa eta Loiolako edukiak izango dituzte mahaian

jokin sagarzazu
Donostia
2014ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Leloa zen ETAren jardun armatua amaitzean «guztiaz» hitz egingo zela, baita Euskal Herriaren estatus politiko-juridikoaren balizko aldaketa bati buruz ere. «Baldintza» hori beteta, EAJk 2012ko hauteskunde programan hitzeman zuen saiatuko zela horretan, eta urte berriarekin hasi nahi du bidea egiten. Hitz egiteko prest azaldu dira alderdi guztiak, batzuk beste batzuk baino interes handiagoarekin. Akordioren bat egiteko aukerarik ba ote dagoen eta, aurretik gertatutakoak ikusita, akordioaren edukiak zein izan daitezkeen galdetu die BERRIA-k gaian jantzita dauden bost adituri. Hona hemen haien erantzunak:

 

JOXERRAMON BENGOETXEA Europako Zuzenbidean doktorea

«EH Bilduren dogmatismoa eta EAJren sasi-pragmatismoa izan dira oztopo eta aitzakia»

1. Aukera gutxi dago, baina saiatu egin behar da, eta oso ondo legoke aurreko saioetako eskarmentua aintzatestea. Giltza EAJren jarreran dago. PSOE eta PP ez dira mugituko. Hala ere, eztabaida etengabe irekita eduki behar da, demokraziaren ikur gisa eta estatusaren aukera Euskal Herriarena dela adierazteko. EH Bilduren ikuspegitik dogmatismoa eta EAJtik sasi-pragmatismoa izan dira orain arteko oztopo eta aitzakia, eta pauso bat demokraziarantz ematearekin nahikoa lukete biek ala biek: alegia, kalkulu berekoiak alde batera utzi eta behingoz saiatu behar dira gure aniztasun politikotik pentsatzen eta estrategiak diseinatzen. Konturatu behar dugu gure gizarte eredu propioa eztabaidatzeko beta ederra dela pauso konstituziogilea; alegia, estatus berri bati buruzko eztabaida.

2. Alde galanta dago batetik bestera. Loiolakoa iniziatuentzako errituala izan zen, parte hartze sozialik gabe. Eta estatutu berriarena benetako apustu bat izan zen. EAJren zati batek eta EAren zati batek eman zioten benetako babesa, eta ez zen nahikoa izan. Baina, gutxienez, erakunde politikotik pasatu zen, eta gizarteak izan zuen bultzatzeko aukera. Oraingo honetan ere kanpotik trabak besterik ez dugu jasoko, baina, gutxienez, ondo antolatzen bagara, ezberdinon arteko elkarrizketa ohiturak hartzen joango gara. Gakoei dagokienez, lurraldetasunarena geldituta dago, eta modu iraunkorrean geldituta egoteagatik, beste guztia ere horrela dago. Nafarroako egoera kontuan hartuta, gakoa da PSNk ez duela atera nahi dagoen atakatik. Baina zertarako mugituko dira ezertan PP-UPN eta PSOE (PSE-EE eta PSN) funtsean daukagunarekin oso pozik badaude?

 

EDUARDO VIRGALA Konstituzio Zuzenbidean katedraduna

«Barne akordio handi bat behar da konstituzioaren erreforma behartzeko»

1. Zaila da aurreikustea alderdiek zer egingo duten. Baina, nire ustez, negoziazioak abiatu behar dira bi baldintza kontuan hartuta: batetik, behar-beharrezkoa da herri honetako lau sentsibilitate handien arteko bat egitea, eta bestetik, estatutuetan eta Konstituzioan jasota dauden prozedurak errespetatu behar dira, horiek baitira zuzenbide estatu demokratikoaren oinarriak. Badirudi ezinbestekoa dela ezker abertzaleak ere bere egitea esparru juridiko berria, baina horretara heltzeko, beharrezkoa da 1979ko estatutuak jasotako babesa zabaltzea, ez murriztea. Azkenik, lege prozedurak jarraitzen dituen testu batean gauzatu beharko litzateke akordioa.

2. Edukiari dagokionez, ezer gutxi kopia daiteke Ibarretxeren planetik, 1978ko konstituzioa existituko ez balitz bezala planteatu zuelako eta aurresuposatu zuelako Euskadi eta Espainia bi entitate burujabe zirela. Horrez gain, planteamenduak huts egiten zuzen ez zuelako kontuan hartu Euskadiko sentsibilitate ez nazionalista. Modu horretan ezinezkoa da esparru juridiko berri bat sortzea. Loiolak, berriz, zehaztasun txikiagoa zuen, eta terrorismoa indarrean zegoen garai batean gauzatu zen, egun ez bezala. Baina kasu honetan ere ez zen kontuan hartu zentro-eskuin ez nazionalista. Horiek hala, uste dut lehenik eta behin arretaz aztertu behar dela egungo Konstituzioak zer ahalbidetu dezakeen; agian, Eskubide Historikoen bidetik zer edo zer egin daiteke, baina nahiko eszeptikoa naiz horrekin. Nire ustez, une honetan desiragarria den aukera bakarra da Euskadiko alderdien arteko barne akordio handi bat egitea Konstituzioaren erreforma behartzeko eta Euskadi eta Kataluniaren berezitasunak kontsakratzeko, eta gainera, sezesiorako eskubidea erabili ahal izatea ahalbidetzeko. Akordio hori egingo balitz eta gobernu zentralak onartuko ez balu, krisi konstituzional batean sartuko ginateke, egun Kataluniak sortu duen moduko krisi batean.

 

JUANJO ALVAREZ Nazioarteko Zuzenbidean katedraduna

«Aurretik eginiko akordioak estimulu gisa erabili behar dira, eta ez helmuga gisa»

1. Inkognita bat da, planteamendu metodologiko batengatik, bereziki. Eusko Jaurlaritza orri txuri batekin aurkezteak porrotera eramango luke egitasmoa. Proposamen bat behar da gutxiengo batzuk adostu ahal izateko. Zeinekin? Aukera bat baino gehiago egon daiteke. Baina aurretik argitu behar den galdera da ea alderdiak prest ote dauden euren maximalismoak alde batera utzi eta bidea egiten hasteko abiapuntu bat adosteko. Oso zaila da estatusaren aldaketa erreal bat ekarriko lukeen akordio bat egitea. Erdibideko akordio batzuk bila daitezke, baina metodologia bat behar da bidea hasteko, eta horretan gakoa da zehaztea azken helburu batera goazen edo hain zurruna den egungo egoera aldatzera goazen. Lehenengo kasuan ez da bat egiterik egongo, eta bigarren kasua ere koiuntura politikoaren menpe egongo da.

2. Aurretik eginiko saioak interesgarriak dira, baina iraganean lortutako gauzen balioa erlatibizatu behar da, lehen lortu zena orain lortzea zientzia fikzioa litzatekeelako ia. Hori irudikatzeko, eta bi akordio horiekin batera, gogoratuko nituzke Gernikako Estatutua bera edo hainbestetan arbuiatu eta goretsitako Ajuria Eneko Ituna. «Euskal Herriaz» hitz egiten da estatutuan, Nafarroarekin bat egiteko aukera eta prozedura zehazten da. Gaur egun hori ez lukete sinatuko PSOEk eta PPk. Ajuria Eneko Itunak, berriz, «euskal auzi sakona» aipatzen du. Akordioak mugarriak izaten dira, baina ez dira arma politiko gisa erabili behar, ez dira exijentzia modura erabili behar. Balazta moduan erabili beharrean, estimulu gisa erabili behar dira. Askoz ere egoera zailenetan honetarako gai izan bagara, nola ez gara gai izango orain? Helmuga baino gehiago abiada gisa hartu beharko genituzke. Elementu motibatzaile gisa eta ez besteari leporatzeko zergatik orain ez duen hau edo bestea nahi. Konstituzioak dio mantendu, moldatu eta garatu behar dugula gure autogobernua. Beraz, aipatu ditugun erreferentziak hartuko nituzke indarkeriarik gabeko egungo errealitatera ekartzeko, XXI. mendeko egoerara egokitzeko. Gai izan beharko genuke hori egiteko.

 

RAMON ZALLO Komunikazioan katedraduna

«Denek dakite itxaronaldi batean gaudela, Eskozian eta Katalunian zer gertatu zain»

1. Ez dut uste asko aurreratuko denik, ez behintzat legegintzaldi honetan, lanekin hastea baino ez baita aurreikusten, nahiz eta 2015ari aipamenak egin. Bestearen jarrera ezagutzeko etapa bat baino ez da izango, eta denek dakite, gainera, itxaronaldi bat dela, ikusteko zer gertatzen den Eskozian eta Katalunian.

2. Eusko Jaurlaritzak estatutu berri bat gauzatzearen alde lerratu da, eta hori hala bada, suposatzen da EAJk zerbait berreskuratuko duela Eusko Legebiltzarrak 2003an onartu zuen estatutu berritik. Baina ez du presarik horretarako, eta urteak eman ditzake, argudiatuz, gainera, gehiengo transbertsal bat behar duela horretarako. PSE-EEk eta PPk estatutuaren erreforma bat baino ez lukete nahi, gehienez jota, Katalunian egun indarrean dagoen estatutuaren antzeko bat nahiko lukete —2006koa, Madrilek orraztua—. Loiolako garaia, berriz, joan egin zen, tamalez. ETAk eragin zuen aukera hori galtzea, eta berreskuraezina iruditzen zait gaur egun, zumeak beste batzuk direlako. PSEk ez luke inolaz ere izenpetuko eta EAJk asko pentsatuko luke halako zerbait onartu aurretik, egun beste aliantza batzuk zehaztu dituelako. Fase pragmatikoan dago alderdi jeltzalearen pendulua. Egun ikuskatu beharko litzatekeen bideak kontuan hartu beharko luke legebiltzarreko gehiengo abertzalea, kontsulta lege berri bat egiteko. Baina hori gertagaitza iruditzen zait legegintzaldi honetan; gertagarriago iruditzen zait hurrengoan, euskal gizartearen presioarekin, demokrazia eta erabakitzeko eskubidearen oinarriekin. Egun, eta etorkizunean ere, oso zaila dirudi PSErekin zerbait hitzartzea subjektu politiko edo nazionalari, erabakitzeko eskubideari edota lurraldetasunari buruz.

 

FRANCISCO LETAMENDIA 'ORTZI' Zientzia Politikoetan katedraduna

«Gizarte olatu baten bidez bultzatu beharko litzateke abertzaleen arteko akordioa»

1. Lantaldean parte hartuko duten alderdien jarrerak ikusita, akordioa oso zaila izango dela aurreikus daiteke, oso zaila diot beste hitz okerrago bat ez erabiltzeagatik. Euskal gizartean errotuta dago akordioren bat lortzeko nahia, erabakitzeko eskubidean oinarrituta, baina hori antolatu beharko litzateke gizarte olatu batean, aldarrikapen horren aldeko mugimendu zabal batean. Jarrera aingerutarra iruditzen zait EAJren planteamendua: lau indarren arteko akordio batera heltzeko nahia. Lantaldean izango diren lau alderdiek ez dute indar bera. Azken inkestei erreparatuta, PSE eta PP batuta ere ez dira bigarren indarra izatera iristen. Baina hemen arazo batekin egiten dugu topo: estatu baten azpiko esparruetan, estatu quo-aren aldeko indarrak daudenean, indar horiek beto eskubidea dute, gehiengo handi batek babesten dituen eskaeren aurka egin dezakete, nahiz eta gutxiengoaren jarrera ordezkatu. Hori agerikoa da hemen, eta hala gertatu izan da beti. Beraz, modu batean edo bestean islatu beharko litzateke Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarrean dagoen gehiengo abertzalea. Hemen behar da indar abertzaleen arteko akordio bat, baina hori ezin da egon gisa honetako lantalde batean, ez baitira horretarako sortzen; bat egite zabalak lortzea dute xede. Nola atera, beraz, irteerarik gabeko kalexka honetatik? Ba, Katalunian bezala, erabakitzeko eskubidearen aldeko gizarte mugimendu handi baten bidez. Azpi olatu bat sortu beharko litzateke abertzaleen eta, bereziki, erabakitzeko eskubidearen aldekoen arteko akordioa bultzatzeko.

2. Aurretik izandako bi horiek balekoak iruditzen zaizkit. Lantaldearen eztabaidetan gutxieneko batek egon behar du, eta hortik behera ezin da jaitsi. Gutxieneko horrek izan behar du Loiolan negoziatzen saiatu ziren bi ardatzak; horiek berreskuratu behar dira: lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea —aukera guztiak aintzat hartuz: autonomista, federalista eta, nola ez, independentista—. Hortik behera ezin da jaitsi. Eta independentzia ez bada zuzenean planteatzen, Ibarretxeren proposamenak balekoa izaten jarraitzen du. Eredu konfederal baterako hainbat oinarri zehazten ditu: Euskal Herriaren aitortza, Nafarroarekiko harreman askatasuna, Iparraldearekiko harremanak, estatuak akordioa ez aldatzeko bermeak... Hori guztia beste gutxieneko bat da. Bi proposamen horiek eta Katalunian gertatzen ari dena hartu beharko litzateke kontuan. Euskal Herriak onura atera beharko luke Kataluniak lor dezakeenaz. EAJ 2015. urteaz ari da hitz egiten eta Kataluniako auzia aurten argituko da. Nola gainditu egun dauden oztopoak? Ba, aurreko galderan erantzun bezala, azpi olatu bat osatu beharko litzateke euskal gizartean, aipatu gutxieneko horiek aldarrikatu eta hemen gehiengoa diren bi indarren arteko bat egitea lortzeko. Era horretan PPk ezingo lioke ezer inori leporatu, akordioa ez litzatekeelako alderdien kontu bat izango, gizarte olatu batena baizik, Katalunian gertatu den bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.