Tiroketa bat izan da Barakaldon (Bizkaia) gaur gauean. 48 urteko gizon bat oso larri zauritu dute. Tiro egin duenak ihes egin du auto batean, baina Amurrion (Araba) atxilotu egin dute, udaleko iturriek baieztatu dutenez. Homizidio ahalegina leporatu diote atxilotuari —hura ere 48 urteko gizona—.
Zaurituak odol asko galdu du, eta tokian bertan artatu ondoren, ospitalera eraman dute. Hiru kartutxo aurkitu dituzte lekuan, Barakaldoko Lasesarre estadioaren inguruan.
Bigarren tiroketa izan da Euskal Herrian aste honetan. Asteartean, gizon bat hil zuten Azpeitian tiroz, eta hiltzailearen bila ari da Ertzaintza.