Tokiko gobernuen eskumen gaitasuna handitzeko eskatu du Pradalesek, «eskuin muturrekoen zabalkundeari aurre egiteko»

Gobernu Irekiaren Aldeko Elkarteak antolatuta, goi bilera hasi dute Gasteizen osteguna bitarte. Harrera egin die lehendakariak Ajuriaenea jauregian antolatzaileei.

Pradales, gobernu irekiari buruzko goi bileraren arduradunei harrera egiten
Pradales gaur, Ubarretxena eta Eyakuzerekin, gobernu irekiari buruzko goi bileraren arduradunei harrera egiteko ekitaldian, Ajuriaenean. GAIZKA UCEDA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 6a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uste du tokiko gobernuek eskumen gaitasun handia izatea garrantzitsua dela «demokrazia defendatzeko, eta eskuin muturrekoen eta lider autokratikoen zabalkundeari aurre egiteko». Horregatik, eskumen gaitasun hori areagotzeko eskatu du gaur, Ajurianean, gobernu irekien inguruko goi bileraren harira ordezkari instituzionalei eta gobernantza ereduetako hainbat adituri egin dien harreran. Gaurtik ostegunera bitarte, nazioarteko goi bilera bat egingo dute, Gasteizko Europa jauregian, Gobernu Irekiaren Aldeko Elkarteak antolatuta. Pradalesek Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarekin batera egin dio harrera Ajuriaenean Gobernu Irekiaren Aldeko Elkartearen buru Aidan Eyakuzeri.

Pradalesek eskuin muturraren hazkundearen testuinguruan jarri du arreta: «Inoiz ez bezalako erronkak daude, migrazioa, klima aldaketa eta bat-batean aldatzen diren teknologiak, kasurako». Azaldu duenez, «mugimendu erradikal horiek ondo antolatuta eta finantzatuta daude, estrategia argi batez: demokrazia ahuldadearekin eta eraginkortasun faltarekin lotzea. Eta, aldi berean, giza eskubideak errespetatzen ez dituzten erregimenen irudi idealizatua ematen dute».

Tokiko gobernuek lehen lerrotik erantzuten diete migrazioari, klima aldaketari, segurtasunari eta industrializazioari, Pradalesen irudiko, eta beraz, zuzenean egiten dute lan «demokrazia indartzeko».

Eusko Jaurlaritzak bide hori jorratzen segitzeko asmo duela esan du Pradalesek, «ez bakarrik gardentasunean, parte hartzean eta kontuak emateko orduan, baita kalitate demokratikoan ere». Legealdi honetarako egitasmoen artean jasota dauka oraingo Gardentasun Legea berritzea. Lantalde bat ere eratua dago horretarako legebiltzarrean. Aurreko legealdietan ez zuten lortu aurrera ateratzea, eta laugarren saioa egingo dute legealdi honetan.

«Tresna gehiago»

Datozen erronkei aurre egiteko gobernantza eredu berri bat behar dela azaldu du, «eredugarria, elkarlanean oinarritua, komunitate aktibo eta kohesionatu bat izango duena, eta pertsona libre, kritiko eta ondo informatuak eta eztabaida publiko eraikitzaile bat ere bai». Horregatik, tokiko gobernuek tresna gehiago behar dituzte, haren esanetan, «berritze demokratikoari aurre egiteko». «Horregatik nahi dugu parte hartu Europan erabakiak hartzen diren tokietan».

Mundua ulertzeko modu horrekin bat datozenen aliantzak «funtsezkotzat» jo ditu, elkarrekin ikasteko eta demokraziaren paradigma berri horretara egokitzeko egiten diren aurrerapausoak konpartitzeko.

 

34

 

Nazioarteko zenbat herrialdek hartuko duten parte. Tokiko 69 esperientzia kontatuko dituzte, eta gobernu irekiaren 163 konpromisoak aletuko dituzte.

 

Nazioarteko askotariko ordezkaritza izango da gaurtik ostegunera arte Gasteizen. Bihar, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Gasteizera etorriko da, hasiera ekitaldira. Bukaera ekitaldian, berriz, Espainiako erregea izango da, Felipe VI.a.

Herrialdeek ertz askotatik begiratuko diote gobernu irekiaren ideiari, eta hainbat gogoetagai izango dira. Besteak beste, kontratazio publikoetako gardentasun legeak, gizarte osoaren parte hartzea bermatzeko bideak, ustelkeriaren kontrako neurriak, azpiegitura publikoetako lanen jarraipena herritarrek egin ahal izateko bideak eta beste aztertuko dituzte ostegunera bitartean Gasteizko jauregian elkartuko diren ehunka adituek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.