Tokiko politikan indarkeria sexistari aurre egiteko neurri sorta bat aurkeztu du Eudelek

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkarteak 33 neurriz osatutako plan bat garatu du, eta asmoa da tokiko errealitatera egokitzea proposamen horiek. Eudelen helburua da berdintasuneko parte hartze politikorako urratsak egitea.

Gaur eguerdian egindako aurkezpena. EUDEL
Gaur eguerdian egindako aurkezpena. EUDEL
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 19a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eudelek 33 neurriz osatutako plan bat helarazi die udalei, «emakumeek tokiko politikan jasaten duten indarkeriari eta sexismoari aurre egiteko». Esther Apraiz udalen elkarteko lehendakariak azaldu duenez, ezinbestekoa da arazoari «izena» jartzea, eta udal gobernuek hari aurre egiteko neurriak hartzea: «Euskadik ezin du onartu, matxismoaren eraginez, politikan emakume bakar bat ere galtzerik. Emakume hautetsi bat isiltzen den edo kargua uzten duen bakoitzean, tokiko demokrazia ahuldu egiten da».

Plana egoeraren azterketa batean oinarritu da. Apraizek azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal hautetsien %48 emakumeak dira, eta 89 emakumezko alkate daude hiru lurralde horietan. Hala, bide horretan urratsak egin direla nabarmendu du. Halere, badira bestelakorik erakusten duten datuak ere. Eudeleko lehendakariak azaldu du plana garatzearen jatorrian Basqueskolako emakumezko alkate eta zinegotziek egindako galdeketa bat dagoela. Orduan, 150 hautetsien %60k adierazi zuten eurek edo lankideren batek indarkeria sexista motaren bat pairatu zutela; %10ek mehatxuak edo eraso fisikoak jasan zituztela; eta %30ek sare sozialetan edo hedabideetan tratu diskriminatzailea sufritu zutela. Hala, datu horiek kontuan hartuta, Apraizek gogoratu du «arazo estruktural erreal bat» dagoela, alderdi guztiei eragiten diena.

Horri aurre egiteko, hiru ardatz landu dituzte: prebentzioa, sentsibilizazioa eta jarduketa. Hala, proposamenen artean dira, besteak beste, udal itunak sinatzea, gobernu organoetan banaketa «bidezkoa» egitea eta bilkuren ordutegiak adostea zaintza ardurak kontuan izanda. Era berean, jazarpen eta indarkeria kasuetan azkar erantzuteko protokoloak eta beharrezko kanalak eratzea defendatu dute, eta biktimei laguntza psikologikoa eta juridikoa eskaintzea. Emakumezko hautetsien arteko laguntza ere sustatu nahi dute, mentoring programen bidez politikari eskarmentudunek hasi berriei laguntza emateko.

Asmoa da udalei beharrezko tresnak ematea egitasmo propioak eta tokiko planak garatzeko, bakoitzak duen «egoerara egokituta» . Hala, Eudelek udal akordio horien jarraipena egingo luke, eta aholkularitza eskaini. Elkarteko ordezkarien esanetan, helburua da berdintasuneko parte hartze politikoa eta erakundeen kalitate demokratikoa indartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.