ELA eta LAB sindikatuak pozik azaldu dira Tolosako eta Elgoibarko (Gipuzkoa) anbulantzia medikalizatuetako langileak subrogatuko dituztela jakin ostean. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, «enpleguari eutsi egingo zaio, eta langileon lan eskubideak bermatuta geldituko dira». Biek ala biek uste dute langileen borrokari esker lortutako garaipena dela.
Eusko Jaurlaritzak bi udalerri horietako anbulantzia medikalizatuen zerbitzua azpikontratatuta izan du urtarrilaren 6ra arte. Gipuzkoako Anbulantziak kooperatibak kudeatzen zuen, eta 45 langile ari ziren zerbitzu horietan lanean —medikuak, erizainak eta osasun garraioko teknikariak—.
ELA sindikatuak publifikazio prozesuaren nondik norakoei buruzko iritzia eman du. Azaldu duenez, hasieran Osakidetzaren planteamendua zera zen, Gipuzkoako Anbulantziak kooperatibako langileen kontratuak amaitzea, eta ondoren bitarteko kontratuak egitea. ELAk esan duenez, langileei helarazi zien informazioaren arabera, Osakidetzak kontratuak amaitzeko asmoa zuen, «edozein subrogazio mota ukatuta». Horren eraginez, langileek eta sindikatuek protestak antolatu zituzten, egoera salatzeko.
Orduan, «administrazioa bitarteko kontratu iragankorrak eskuratzeko aukeraren berri ematen hasi zen langileei, banaka». ELAk langileen bidez izan zuen proposamen horien berri, eta iruditu zitzaion formula hori ez zela nahikoa. Sindikatuaren esanetan, proposamen horrek «ez zuen bermatzen enpleguaren benetako jarraipena, antzinatasuna galtzea zekarren, eta ondoren kaleratzeko atea irekita uzten zuen». Egoera ikusita, sektoreko sindikatuek mehatxu egin zuten greba egingo zutela, eta horren ondoren aldatu zuen administrazioak jarrera, ELAren aburuz.
Beste anbulantzien publifikaziorako eredu
Sindikatuak adierazi duenez, Tolosan eta Elgoibarren gertatutakoak eredu garrantzitsua ezartzen du egun azpikontratatuta dauden beste anbulantzia mota batzuetako publifikazio prozesuetarako. Izan ere, EAEko anbulantzia programatuak eta larrialdietakoak oraindik ere azpikontratatutako zerbitzuak dira.
LABek ere pozik hartu du albistea, haren esanetan, langileek lortu baitute, «mobilizazioei, greba deialdiei, batasunari eta borrokari esker». Nabarmendu duenez, «beste behin ere, borrokak erakutsi du antolakuntza sindikala dela gure eskubideak defendatzeko tresnarik eraginkorrena».
Gogoratzekoa da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak urtarrilaren 7an bereganatu zuela herri horietako anbulantzia medikalizatuen zerbitzua. Langileei, ordea, ez zieten argitu zein izango zen haien egoera.