1985eko azaroaren 26an, Guardia Zibilak atxilo hartu zuen Mikel Zabalza aezkoarra (Nafarroa). Autobus gidaria zen Donostian, eta hantxe atxiki eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten. Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian agertu zen, atxilotu zutenetik hemeretzi egunera. Aste honetan, Zabalza hil eta 41 urtera, bi omenaldi egin dizkiote senide eta lagunek, Mikel Zabalza Gogoan herri ekinbidearen eskutik: bata Orbaizetako Olan egin zuten, azaroaren 22an; bestea gaur eguerdian, Donostiako Altza auzoan.
Jendetza batu da bietan, eta maitasuna adierazi diete Zabalzaren familiari eta gertukoei. Orbaizetan, lore sortak eta erramu koroak jarri zituzten Zabalzaren omenezko oroitarrian, haren etxea izandakoaren atarian. Altzan, Mikelen txokoa deritzon gunean egin diote lore eskaintza, Guardia Zibilak torturatutakoak irudikatzen dituzten horma irudien parean. Aurreskua ere dantzatu dute aezkoarraren omenez.

Ekitaldiotan, Mikel Zabalza Gogoan taldeak gogoratu du «mugarri garrantzitsuak» ezartzea lortu dutela 41 urte hauetan. Zehazki, Zabalza estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu dute hala Eusko Jaurlaritzak nola Nafarroako Gobernuak, eta hori pozgarritzat dauka elkarteak, erreparazio eskea «neurri batean» asetzen duelakoan. Hala ere, beste urrats batzuk egitea eskatu du: «Torturaren gainean dagoen inpunitateak bizirik dirau, Sekretu Ofizialen Legea indarrean da, eta egia osoa eta justizia osoa oraindik ez dira heldu. Bidea urratzen hasia da, baina bidea ez da amaitu».
Elkartearen ustez, ezinbestekoa da memoriaren eta justiziaren bidean urratsak egitea aurrerantzean ere, aitortza instituzional hutsez bestelakoak: «Aitortzek erakutsi digute ez direla nahikoa torturak sortutako gaitzak osatzeko». Urrats «sendoagoak eta ausartagoak» galdegin dituzte, «aitortzek ez baitute inolaz ere bermatzen erreparazio osoa».

Memoria erakundeetan eta ikasgelan
Espainiako Gorteetarako hauteskundeei dagokienez, berriz, «inboluzioak ekar ditzakeen arriskuez» ohartarazi du Mikel Zabalza Gogoan herri ekinbideak: «Memoria inklusibo baten premia dugu. Egiaren eta justiziaren bidea egiten laguntzeko eskatu nahi genieke aurki Madrilerako bidea hartuko duten ordezkari politiko horiei». Espainiako Estatuak sortutako itzalei «argia» ematera premiatu dituzte Euskal Herriko ordezkari politikoak. «Finean, Sekretu Ofizialen Legea indargabetu dezatela. Gure eskuetan dago exijentzia hori aintzat har dezaten».
Aurrera begira, «egia osoa, justizia, erreparazioa eta halakorik berriz ez gertatzeko bermeak lortu arte» borroka egiteko asmoa agertu du ekinbideak, eta oroimena lantzeko «proiektu kualitatiboetan» eginen du indarra datozen urteetan. Besteak beste, unitate didaktiko bat prestatu dute, torturaren errealitatea eskoletan landu ahal izateko. «Belaunaldien arteko transmisioa bermatzea eta egia osorantz indarrak metatzen jarraitzea», horra egitasmoaren helburu nagusiak. Heldu den urtean jarri nahi dute martxan.