Tortura kasu guztiak aintzat hartzeko eskatu dute Gogora-ren ekitaldian

Fernandez: «Badirudi torturatuei ahapeka eta erdi ezkutuan egiten zaigula aitortza». San Jose sailburuak «irmo» gaitzetsi du tortura, eta «gertutasuna» azaldu die torturatuei.

Francisco Etxeberria, Maitena Salinas aurkezlea, Ixone Fernandez eta Olatz Barrenetxea, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Francisco Etxeberria, Maitena Salinas aurkezlea, Ixone Fernandez eta Olatz Barrenetxea, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko ekainaren 26a
21:10
Entzun 00:00:0000:00:00

«Badirudi torturatuoi ahapeka eta erdi ezkutuan egiten zaigula aitortza. Beste biktima batzuei egindako aitortza ekitaldiak ikusten ditut, eta desberdinak dira». Ixone Fernandez 2005ean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, eta torturatu egin zuen; behin-behineko espetxealdian lau urte eman ostean, aske geratu zen, kargurik gabe. Torturaren biktimek pairatzen duten isiltasuna salatu duenean, txaloak entzun dira Gogora-ren egoitzan.

Torturaren Biktimei Babesa Emateko Nazioarteko Egunean, ekitaldia antolatu du Gogora institutuak, Bilbon duen egoitzan. Fernandezekin batera, Francisco Etxeberria lege eta auzitegi medikuntzako mediku espezialistak eta Olatz Barrenetxea psikologoak ere parte hartu dute. Besterik ere utzi du ekitaldiak: Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburu sozialistak, torturaren errealitatea aitortzeaz gain, «gaitzespen irmoa» adierazi du, eta «gertutasuna» azaldu torturaren biktimei: «Nirea, eta ordezkatzen dudan gobernuarena, sarri asko seguruenez faltan sumatu duzuena».

Fernandezentzat prozesu luzea izan zen bere burua biktima gisa onartzea. Urte askotan torturaren inguruan egondako isiltasunak ez zuen horretan lagundu: «Torturatuok ez gara existitzen, edo gezurra esaten omen dugu. Jakina, existitzen ez dena ezin da sendatu». Salatu duenez, torturaren inguruan «sare oso bat» egon da, jarduera horri «zilegitasuna» eman diona: «Hainbat gobernuk babestu dute; epaileek, auzi medikuek eta ofizioko abokatuek beste alde batera begiratu dute, eta, gainera, tortura saritu egin da».

«Niretzat, harrigarria litzateke Euskal Herrian tortura kasu baten berri izan ez duen norbait egotea»

FRANCISCO ETXEBERRIAAuzi medikua

Tortura kasu guztiak aintzat hartzeko eskatu du Fernandezek: adibidez, haren kasua ez dago ofizialki aitortua, 2005ean torturatu baitzuten, eta legeak 1999ra arteko urraketak baino ez ditu jasotzen. Aitortza eskaerak aurkezteko aukera berriro zabaltzeko eta epemugarik ez jartzeko eskatu du.

Etxeberriak ikaslea zelarik izan zuen lehenengo aldiz torturaren errealitatearen berri: «Denok ezagutu ditugu gure inguruan torturak pairatu dituzten pertsonak. Niretzat, harrigarria litzateke Euskal Herrian tortura kasu baten berri izan ez duen norbait egotea». Gero, auzi mediku gisa, askotan egokitu zitzaion torturatuekin aritu behar izatea. Esan duenez, tortura metodoak aldatu egin dira denborarekin: «Mikel Zabalza hil ondoren, badirudi norbaitek erabaki zuela ez zuela odol orbain gehiago nahi, eta aztarnarik utzi ez baina pertsona berdin-berdin suntsitzen zuten beste bide batzuk erabiltzen hasi ziren; adibidez, poltsaizenekoa».

Eusko Jaurlaritzaren aginduz ikerketa lanari ekin zionean, lekukotzak «saldoka» iritsi zitzaizkien, eta haren lan taldea «gaindituta» egon zen. Kasu lazgarriak kontatu ditu: adibidez, AEBetan bizi eta, han arazoak izango zituelakoan, jasandako torturak kontatu nahi ez zituen pertsonarena; edo urte askoan isilik egon ostean, behingoz kontatzea erabaki eta gau hartan bere buruaz beste egiten saiatu zen adinekoarena.

«Tortura fisikoak ondorio psikologikoak ditu, eta tortura psikologikoak kalte fisikoa eragiten du»

OLATZ BARRENETXEAPsikologoa

Barrenetxearen ustez, tortura fisikoa eta psikologikoa ezin dira desberdindu: «Tortura fisikoak ondorio psikologikoak ditu, eta tortura psikologikoak kalte fisikoa eragiten du». Horregatik, nahiago du «inguru torturatzaileaz» hitz egin. Hala ere, onartu du torturatzaileek «ikasi» egin zutela, eta beste bide batzuk erabiltzen hasi zirela. «Bide horiek ez zuten kanpoko aztarnarik uzten, baina barneko zauri sakonak eragiten zituzten».

San Jose sailburuak «pertsonen duintasunaren eta eskubide oinarrizkoenen aurkako erasotzat» jo du tortura, eta nabarmendu du «kasu guzti-guztiak salatu» behar direla. «Herritarrak zaintzeko eta babesteko legezko agindua zutenen botere abusuak dira torturak, eta zalantzan jartzen dute estatu demokratiko baten zilegitasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.